Udalak herritarrekin adostu nahi du hondakinak atez ate biltzeko zintzilikailuen kokapena
<
Udalak dagoeneko badu hondakinak atez ate biltzen hasteko etxe atarietan jarriko diren zintzilikailuen kokapen-proposamena. Irizpide teknikoetan oinarrituta, etxe atari bakoitzerako proiektu bana landu da, eta herritarrek gaurtik hilaren 19ra arteko epea dute proposamenak ezagutu eta ekarpenak egiteko. Hala nahi duena, Doneztebe plazako atez ateko informazio bulegotik pasatu liteke, 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara.
Bizitza bakarrekoak ez diren etxeetako lehendakari eta administrariek eskutitza jaso dute, honen guztiaren berri izan dezaten. Helburua udal proposamenak ezagutu eta bizilagun guztien artean adostutako ekarpenak egitea da. Etxebakarren kasuan, norberak bere kabuz egin dezake proposamena ezagutu eta aportazioak egiteko bidea.
Landa eremuko bizilagunen kasurako, aportazio guneak
Landa eremuan bizi diren bizilagunei ez zaizkie beren hondakinak etxe atarian jasoko, eta horregatik izango dituzte eskura aportazio-guneak. Herritar hauen mugimendu ohiturak kontuan izanda, Udalak landa-eremuko etxe bakoitzari bere aportazio-puntua izendatu dio. Zintzilikailuen kasuan bzala, egoera honetan dauden herritarrek ere otsailen 8tik 19ra arteko epea izango dute beren aportazio-gunea zein den jakiteko eta, hala bada, beren proposamenak atez ateko informazio bulegoan aurkezteko.



















