Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia /Bariko Nikolas donearen erretaula
anak, zeina San Esteban parrokiko ipar horman, pulpitu alboan kokatzen baita.
Zurez egina XVIII. mendean, urreztatua eta polikromatua, beronen arkitektura eta eskulturen egilea nor izan zen oraino ez dugu jakin aurkitu ez delarik. Eta gauza bera gertatzen da San Jose eta Arrosarioko Amaren alboetakoen kasuan, nahiz eta badakigun hauek egiteko emaitza luzatu zutenak nortzuk izan ziren: Mexikotik etorritako indianoak, Manuel de Aldako eta bere seme Joan Jose, Zistiaga baserriko semeak, Luis Oiarzabal testamentu-betetzaileak harturiko hitza 1774an konplituz.
San Nikolasen erretaula, nahiz eta bigarren maila batean, erretaula-erlikitegi deitu multzo horretan kokatzen den, zeren eta beheko zatia gelaxka andana batez osatua baitago, itxia bakoitza, erlikiak ipintzeko hesi urreztatu eta ate apainduz jantzirik. Don Manuel Lekuonak esana da Manuel Sein eta Oiarzabal apaizak, Lekune baserriko semeak, erlikia multzo bat eman ziola parrokiari, eta hauetarik, San Justino haur martiria eta Santa Aurelia martiriarenak, bakoitza latonezko kutxan –berau frantses Konbentzioko gerran profanatua izan zena– eta beste berrogei santuren erlikiak; iduri du halaber Lignum crucis bat ere oparitu zuela zilarrezko kustodia gainurreztatu batean 1738ko maiatzaren 24an.
Erlikiekiko jaierak garrantzi handia hartu zuen Trentoko Kontzilioaren ondotik eta funtsezko elementu bilakatu zen kontrarreformisten munduan, halako eran non elizako erakundeek santuen erlikia beneragarriak biltzeko joerari ekin zioten. Joera honen bidetik erregea bera, noblezia eta jende asko arduratu zen erlikiak biltzeaz. Hauek zaindu beharrak ekarri zuen erlikitegien eta eskultura-erlikitegien sorrera, eta are, apal desberdinez osaturiko gelak egitea horientzat. Bide beretik sortu ziren erlikiak kokatzeko erretaula bereziak ere. Normalki, gisa honetako erretaulen ezaugarria idulki, konka eta hutsunez osaturik izatea da, horietan fededunek gurtzearren santuen erlikiak emanez.
San Nikolasen erretaulak beheko apalean dauzka erlikiak eta horregatik bigarren mailako zerbait gertatzen da erlikitegia hemen. Agian, tipologia honen aitzindaria Burgosko katedraleko erretaula nagusian daukagu (1562) eta beronen apalean gorderik daude Elena eta Zentola burgostar santa hauen erlikiak. Hala ere, aski luzea da bigarren mailako erabilpen gisa erlikien gurtza bilatzen duten erretaulen zerrenda (2).
Erlikitegiaren apalaz gain, lehen oina dauka gureak, atikoa eta loria deitzen den gainaldea. Lehen oinean, erdiko karrikak bi albo dauzka zutabe bikoitzez hornitua bakoitza, ordena konposatua dutelarik fuste ildaskatuarekin eta zintzilikario eta arrokaia elementuz apaindurik. Erdigunean, erliebe handi bat Bariko Nikolas donea irudikatuz. Nikolas Elizako santurik herrikoienetariko bat dugu eta bere bizitzaren edespenak iduri du historia baino kondaira areago dela. Honen jaiera Bari hirira haren erlikiak 1087an ekarri zirenean hedatzen hasi zen mendebaldean.
Asia Txikian jaio zen San Nikolas 270 urtean. Anatoliako itsastar hiri koxkor bateko apezpiku egin zuten. Konstantino enperadore koroatua izan zen arte eta inperio guztiko erlijio ofizialtzat kristautasuna aldarrikatu, guztiz pertsegitua izan zen eta gerora bere karisma eta sugarragatik nabarmendu zen; 343an hil zen.
Erliebe honetan bere kondairako gertaerarik sonatuen bat irudikatzen da: hiru haur, harakin (edo ostalari) batengana ate joka gose garaian joan, eta honek hirurak erail, puskatu eta salmueran ipini bezeroei haragia zerbitzatzeko. Gurutzearen seinalea eginez, gure santuak zatiak bildu eta hiru haurrak berpizteko bidea egin.
Hainbat mirari dira San Nikolasi egozten zaizkionak, zeina oso garaiz bilakatu zen marinelen, bidaiarien, haurren, emakume ezkongaien, lurrungileen eta botikarien zaindari.
Segur aski hiru neskatxa dotez hornitu zituelako eta bere eguna abenduan finkatu zelako, San Nikolas bilakatu da Erdi Aro azkenaz geroztik Eguberrietako oparien ekarle. Ohitura hau aski zabaldua da Europan barrena eta Papa Noel izenez ere ezagutzen da zenbait lekutan.
Alboko karriketan San Luis Frantziako erregea daukagu ezkerretik, errege gisa irudikatua bere korazarekin, koroatua eta soingaineko aberatsa daramalarik, zuzentasunaren zetroa eta Kristoren pasioko iltzeak eskuan, pertsonaiaren bi alderdiak adieraziz, errege eta santu izatea. San Luis 1224an jaio zen eta 1226an, bere aita, Gaztelako Blanca erreginaren senarra, hil zenean errege izendatu zuten.
San Luisen erregealdi luzeak garrantzi handia du Frantziaren historian eta beraren nortasuna arrunkeria orotatik at dago nolanahi ere. Bonifazio VIII. aita santuak kanonizatu zuen 1297an (arrazoi politikoengatik hein batean) eta hainbat mirari egozten zaizkio. Santu dinastiko eta nazionala bilakatu zen XVII. mendean, eta Frantzia eta monarkiaren babesle, eta nazioarteko santu jesuitek berari dioten jaiera dela medio.
Eskuineko karrikan, aldiz, San Ramon Nonato aitorlea (1204-1240) mertzedarioen jantziarekin, eta purpura koloreko manteleta soinean. Sortzez Portell herrikoa zen, Lleidakoa, eta Mertzedarioen Ordenan sartu zen lehenengoetarikoa. Afrikatik zehar ibili zen gatibuak jaregiten. Kardinal izendatu zutelarik, Erromarako bidean hil zen hogeita hamasei urte zituela. Beraren jaia abuztuaren 31n ospatzen da. San Ramonek Ordenako ezkutua darama bular gainean, kustodia eskuineko eskuan aingeruaren eskuetatik gure Jauna hartu zuelako heriotzako orduan, eta palma bat ezkerrekoan hiru koroaz inguratua (garbitasuna, etorria eta martiritza) adieraziz.
Karrika bakarrak osatzen du atikoa, mihise gaineko pintura bat erdian. Guadalupeko Ama irudikatuz, Jose de Paez (3) Mexikon 1720an jaiotako artistaren obra. Ekarpen handiko artista izana, bestetik. Dokumentaturik daude bere lanak 1790 urtera arte. Badira honen obrak Venezuelan eta gauza jakina da bere zenbait Guadalupana, honako hau bezalaxe, Espainiara bideratu zirela. Segur aski indianoren batzuk ordaindurik ekarria da hona.
Ama Birjinaren albo bietan frantziskotar santu bana. Ezkerretik, haurra eta lis lorearekin San Antonio Paduakoa, eta eskuinetik, San Frantzisko Asiskoa. Karrika ertzetan, bi mentsula handiren gainean eserita, bi bertute kardinalen tailak, Fedea, begiak estalirik, gurutzea eta kaliza Ogi Sainduarekin; eta Maitasuna, aingurarekin.
Orobat loria batek osatzen du errematea hainbat aingerutxo eta usoarekin Izpiritu Santua irudikatuz. Albo bietan aingeru tronpetari bana eta multzo guztiaren gainean bi aingerutxo ereinozko koroa handia sostengatuz.
Erretaulak bere osotasunean mugimendu eta dinamismo handia erakusten du nola arkitekturan, bere sargune eta irtenguneekin, hala alboetan kokaturik dauden irudietan, hain nabarmen azaltzen direlarik elizaren horman ezarrita hauek.
Nola arkitektura hala irudiak zurezkoak dira: gaztaina, haritza eta intxaurra oro har eta gaztaina, intxaurra eta lerra bereziki irudientzat. Erretaularen polikromiak are nabarmenago egiten ditu eskulturak, erliebea eta mihisea, hauek dira eta koloreztaturik dauden bakarrak, eta horrela kontraste handia gertatzen da urreztaturik dagoen beste egitura guztiarekin. Ez da dudarik, fededunak lehenengoetara zuzenduko du estreinako begirada.
Urreztapenak aldizkatu egiten du urre txartatua eta urre matea eta ezberdintasun handia gertatzen da motibo zizelkatuetan edo grabatuetan, betiere metal distiraren monotonia hautsiz. Lorian bertan hodeiak zilarrezko hostoz gainestaliak izan dira.
Aberastasun handikoa da irudien polikromia. Hauetarik nabarmenena San Nikolasen erliebea dugu estofadura anitz erakutsiz nola irudian hala fondoetan, oro har motibo begetalekin, nahiz eta badiren geometrikoak, mendel urreztatuak, beren erronbo eta arrokaiekin, eta farfail eta harribitxien itxurakoak apezpikuaren tiaran. Irudiak, jeneralean, soilagoak dira, bere kolore leun eta pastelatuekin, eta ñabardura nahiz farfail urreztatuekin. Txantiloi teknika erabiliz eta artileki oihalaren itxura zakarra emanez apainduak daude frantziskotarren jantziak. Irudirik gehienek beirazko begiak dituzte zurezko tailaren barne ipinita.
San Nikolas erretaulari berriztapenak ekarri dizkio ostera artelan honek denborarekin, material zenbaiten urraduraz, giza eskuaren ukitua dela kausa, intsektu xilofagoengatik, etab., galdua zuen egonkortasuna eta kolorea. Orain lortu duen argitasun eta dinamismoak ekarpen berri bat ezarri dio kalitate handiko ondare historiko artistikoa den San Esteban parroki elizaren artelan aberatsari.
Maite Barrio. Jon Berasain