Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Belaunaldi baten kronika
Urteak aurrera dijoazen heinean, urteen zamaz eta bizitzaren ajeez gain, personak eskarmentu bat pilatzen du bere alderdi on eta txar guztiekin. Horrei deitzen diogu memoria: bakoitzaren memoria dela, talde baten memoria dela, edo-ta, herri baten memoria dela; azken batean eta hitz gutxitan, giza-talde bakoitzak gogoan hartu eta bere baitan bizirik gorde-tzen duen eskarmentua da memoria. Bizitzaren parte bat denez, garrantzi haundia hartzen du bakoitzaren jokabidean eta, beraz, jokaerak argitzeko eta portae-rak ulertzeko asko laguntzen du talde bakoitzaren memoriak.
Pentsakizun hauek guztiak etorri zaizkit burura eta gogoan erabili ditut idazteko hartu duten gaia aztertzerakoan: hain zuzen, Oiartzungo 53ko kintoen edo, beste erara esanda, aurten 70 urte betetzen ditugun oiartzuarren, hau da 1932an, errepublika-garaian, jaio giñenen berriak biltzerakoan. Dudarik ez dago kinto izenarekin ezagutzen ditugun pertsonak, giza-talde bereizi bat osatzen dugula adiñaren inguruan; beraz, bizitzaren inguruan eta pasadizo jaki batzuen inguruan. Hortaz gain, gure kasuan, urtero-urtero bilera egiten dugu, hildako kinto-lagunen alde ematen den mezetan parte hartuaz eta bazkari baten inguruan lagunarte atsegin bat antolatuaz. Hain zuzen, joan den urteko bileran, 2001ko urtean beraz, bazkaritako garaian, gure hirurogeta hamargarren urtea aitatu zen eta gertaera horrek zerbait bereizia merezi zuela ere bai. Izan ere, hirurogeita hamar urte persona baten bizitzan, parte haundia baita; pasatakoa asko da eta pasatzekoa ez hainbeste. Nahikoa, beraz, gure bizitzaz eta bizieraz gogoeta batzuk egiteko. Horixe izan zen kinto-lagunei esan niena: gure taldean bertsozaleak eta bertsolariak ugari diranez, bertsoz egin zitekela gogoeta hori. Nere partetik, gai horrekin bertso batzuk egiteko promesa egin nien eta gauza bera egiteko gonbitea zabaldu. Besteak ez dakit zer egingo duten. Nik nere alegintxoa egin eta plazara ateratzea erabaki dut.
Jakina, bertsoa osatzerakoan hitza da oinarri baina doinuak ere badu bere garrantzia dudarik gabe. Badirudi, gainera, gai bakoitzak tono bat eskatzen duela. Nik, egia esan, ez dut bilaka denbora asko pasa: "abenduaren zazpian" hasten dan eta izen hori daraman kantuarekin egin nuen proba eta berehala, bertso pare bat osatu nitueneko, ontzat eman nuen. Izan ere, batetik, bost puntuko bertsoak nahiko leku ematen du gauzak adierazteko eta, bestetik, lerro motzak diranez, -zortzi oiñekoak- kantuak nahiko arinak suertatzen dira.
KANTA BATEN SEKRETUAK
Bertso hoiek oso ezagunak ez diranez, osorik ematea ondo etorriko dala pentsatzen dugu.
Abenduaren zazpian,
sartu ginaden Frantzian.
Hogeita lau lakari gatz
azukre biren erdian;
ustez sekretu haundian
pasa ginaden mendian.
Jo genuen Ziburu,
ustez guztiak seguru.
Bi gazteak ezkongaiak,
zaharrak ginaden hiru.
Irabazi nahiz zerbait zerbait diru
kukuak makur jo digu.
Kontrabandoaren eta bertsoen sekretuak ez dute elkarren antzik baina batek bestea ekarri dit gogora eta, ondorioz, izena etorri da. Bertsoarena, jakina, sekretu kantatua da eta ixiltasunarekin zer ikusirik ez duena. Kontrabandoa, berriz, mendiz egiten zena eta Oiartzunen ongi ezagutu genduena, mendi-baserriko mutilen esku egoten zen gehienbat eta gauez eta izkutuan egiten zen. Kontrabando klase asko ezagutu izan ditugu baina gatzaren kontrabandoaz ez dugu, noski, behin ere entzuterik izan eta gutxiago ezagutu. Beraz aspaldi xamarreko kontua izango da eta gure memoriak gorde ez duena. Baina ez hain urrutikoa. Izan ere probintzi forudunen aduanak lehenengo karlistatearen bukaeran, 1841an, pasa ziran Ebrotik portuetara eta Bidasoara. Hortik zetorren kontrabandoaren irabazia, kantak aipatzen duena: aduana ez ordaintzetik.
Dena dela, puntu honek ez du interes haundirik. Guretzat interes gehiago zuen kanta hori guregana heldu arazi zuen eta bitartekoa zein izan zen jakiteak eta hortan saiatu gera. Kantu hori R. M. Azkuek atera zuen plazara bere kantutegian (ikus B.2, 464. orria) izen onekin: "Abenduaren zazpian". Aurkezpenean honela dio: "De Vicente San Sebastian, de Oyarzun (G)". (Ikus, bai eta ere, anaiaren Kantutegia, B.l, 58. orria). Beste argibiderik gabe ekin genion azterketari.
Oiartzungoa baldin bazen, bertan jaioa zela pentsa ziteken eta, besterik ezean, herriko bataio-liburuak ikusteari ekin genion. Ez genduan, zoritxarrez, Vicente San Sebastian izeneko iñor aurkitu. Heriotz-liburuetan ere ez, baiña San Sebastian abizenekoen artean, San Sebastian Brijidaren agiria topatu genduen, hain zuzen, Vicente-ren alaba. eta beste argibide asko; garrantzitsuena, "falleció...en el caserío "Burkondo" en 1958" (Ikus B.5 eta B.6). Hortik etorri zan guztia: ezagunen bidez eta liburuen bidez. Ezagunekin hitzegiteko lana Primi arrebari utzi nion -ez ahaztu bere profesio-bizitza guztia herriko botikan egin duala eta jende asko izen eta abizenekin ezagutzen dituala— eta bide honek argitasun asko eman digu gure lanean, batez ere, Karolinaren bitartez. Hain zuzen, Karolina hau da, Errenteriko "Borda" baserrian jaioa, Vicente-ren biloba eta honen seme "Bordako" Patxiren alaba, Errenterian bizi dena. Bi puntu importante garbitu zizkigun honek: batetik, "mixerikordikoa" zela Vicente hau eta, bestetik, haurra zela Arandaranen jasoa, hazia, hezia eta "Bordara" ezkondu zena. Hortik aurreko lana, liburuak astindu eta datuak zehazteko lana besterik ez da izan.
"Burkondoko" Brijidaren heriotz-agiriak Errenterira eraman ginduen, (ikus B.6), Borda baserrira, han jaio bait zen 1896 urtean. Gauza bitxia: Oiartzunen, Burkondo "Brijida" zena, Errenterian Juliana Magdalena da. Beste izenik ez du. "Borda" baserrian jaioa; Aita, Vicente San Sebastian, "expósito de la Ciudad de San Sebastián, designado con el número mil cuarenta y ocho". Amautsia, berriz, Magdalena Beasain eta testigu bat ere Cosme Beasain, Arandango deitura, guk ezagutu gendun Joxe Luis guardak bezela. Hortarako, Karolinak aditzera eman zigun Vicente hori Arandanen hazi zela eta bizi ere bai, Bordara ezkondu aurretik. Ezkontzako testigu bezela, (ikus B.7) beste Beasain bat aurkitzen da: Jose Nicolas Beasain, "soltero, labrador, natural y vecino de Oiartzun" (Ikus B.7, 1887). Vicente San Sebastianen bizitzarekin bukatzeko, markatu dezagun bere heriotza (B.8, 1927), 67 urteekin eta Borda baserrian izan zela.
Guri interesatzen zaigunez, kantuari begira, dudarik ez dago Arandarani heldu behar diogula gehien-bat, hemen hazi eta hezitzen delako Vicente eta Bordara 26 urte arte pasatzen ez delako. Garbi dago,alde batetik, kontrabando kanta dela eta, bestetik, Arandaran, hain zuzen, kontrabando bidean, mendiko kontrabando bidean aurkitzen dela: Lesaka, San Anton, Aritxulegi, Penadegi, Zaldin, Arandaran, Sarobe-Erreka eta abar, beste bide gehiagoren artean. Bidean dagoenez, tarteka-tarteka, deskantsa-leku ere izamgo zen eta ez dut dudarik egiten hatsaldi hoietan kontuak eta kantuak ere aterako zirala eta, jakina, eskuartean darabilgun kanta hau, hain zuzen "kontrabandisten kanta hau" ere bai. Vicente San Sebastianek lagunarte hoietan ikasi zuela pentsatzea ez da batere harritzekoa, Arandanen edo inguruan. Hain zuzen, kanta hau bera edo aldaerak beste herri batzuetan eta doiñu desberdinekin argitalduak izan dira. Azkuek gure inguruko, Errenteriko Luis Del Puerto-ren ahotik jaso zuena dakar. (Ikus B.3). Zoritxarrez ez dut aztertzeko astirik eta modurik izan. Aita Donostik ere ejenplu batzuk azaltzen ditu bere bilduman, Lekaroz, Sara eta Sunbilan jasoak.(Ikus B.4). Badirudi frontera inguruan eta lagunartean kantatzen zela eta kontrabadista Oiartzuarrak —tartean Vicente San Sebastianek— kantatzen zutela pentsatzea bidezkoa iruditzen zait.
GURE KRONIKA
Baina etorri gaitezen gure harira, gure bizitzaren kronika egitera. Hori zen, hain zuzen, gure gaurko gaia. Kronika egiteko moldea, berriz, gure aurrekoena da: bertsoaren bidez egiten zena. Xenpelar bat datorkit gogora, bere bizitza laburrean hainbeste bertso-kronika egin zituena eta maisu haundia izan zena.
Kronika horrek gertakizun nagusi batzuetan hartzen du zimentu eta oinarri. Gertakizun hoiek raarkatzen dute persona bakoitza bere izaeran baina, bai eta ere era berean, personak dira gertakizun hoiek bultza eta eragiten dituztenak. Garrantzitsuenak bertsoetan jaso ditugu baina puntu batzuk zabalago markatu ditzagun:
- Gerra zibila.-Lau urterekin arrapatu ginduan gerra zibilak, umegi gauzak gogoan hartzeko eta zer esanik ez gertakizunaren garrantzia neurtzeko. Horrela, gerrateko oroitzapena gehiago da entzunaz jaso duguna, zuzenean bizi izan genduna baino. Horrengatik diogu bertsoetan: 3.-"Askorentzako ekaitza; /haurrentzat ia jolasa". Gogoan daukak nola, gure kasuan Behinberrin, Oiartzungo mendi-baserrian, hain zuzen amaren jaiotetxean, jende asko bildu giñan, —zehazki, gure kalkuluetan, 8 famili: Berasategi, gure amaren familia; Lekuonatarrak; Artolatarrak: Donostikoak eta amaren lagunak; Artola, Bertxeko familia; Urriolabeitia familia; Michelenatarrak (Jenaro); Recaldetarrak (Venantzio) eta Barberonekoak (Harregui); eta guztira 58 pertsona—. Eta, bi bizitzako baserri haundia izanik ere, lotarako arazoak izaten ziran. Kozkor jendeak, ganbarako belarretan lo egiten zuen, mutilak alde batean eta neskak bestean. Egia esan, ez dut gauza askorik gogoratzen baina gerrari dagokionez, bi jokaera markatuko nituzke: ume eta kozkorren artean sortzen eta antolatzen ziren gerratxoak, batetik eta bestetik, armetatik ihes egiteko bide ertzeko muntoan, jende larriaren laguntzarik gabe, zulo bat iriki genduen, nahiko luzea, geroago ere han iraun zuena defentsako neurri bezela. Zorionez, baserrian geunden bitartean, ez genduen, ez armarik eta ez soldadurik ikusten eta gerra, urrutiko gauza bat bezela bizi izan gendun. Kartzeleratze eta heriotzen entzutea besterik ez genduen izan baina entzutea hutsak betirako eta oraindik ahaztu ezin dan marka utzi zuen gure baitan, gure aurrekoek erakutsi ziguten jokaerari jarraituz: "barkatu bai baina ahaztu ez", berriz horrelakorik gerta ez dedin.
- Gerra-ondoa.-Gehiegi iraun zuen gerrak baina bukatu zen eta eguneroko gauzei erantzuna eman beharra etorri zen baina agintaritza eta giro berri baten azpian: "Gerrondoko nagusia/ zan Aieteko "txikia", esaera hortan bildu dugu giro horri. Franco txikia aitatzen dugu baina garbi dago, frakismoa esan nahi dugula, laguntzaile izan zituen guztiak sartuaz. Izaerak ere aldaketak izan zituen, oso gogoan ditugunak: gogorrena, razionamentu eta estraperlo-garaia eta askotan jenero-falta, gosete ikaragarria sortuaz familietan.
Azkar xamar hartu zuen eskolak bere martxa. Dn. Ignacio Yurrita, Zeraingo semea izan zen gure gidaria. Gure garaian, astero, "instruzioa" delakoa egiten genduen, hain zuzen, "un dos, un dos", esanaz egiten genduena, bertsoan agertzen danez. Egia esan, gehiago zen errekreoa, eskola baino. Euskeraren kontrakorik ez genduen izan, ez zigorrik eta ez besterik, baina euskera ikasteko eta obetzeko biderik ere ez genduen izan.
Beste pausoak: ikaskuntza, nahiko normala baina lehenengo mailan bukatzen zena; familiaren beharrak lanera behartzen zituen gazteak; soldaduxka eta abarretan gauza apartekorik ez genduan izan.
-Ekintza berriak.-Bi ekintza aitatu ditugu bertsoetan: ekintza armatua eta ikastolen antolaketa. Gerra ondoko belaunaldiaren jokaera izan zen. Gauza garbia zen gure gurasoak gerra garaian, defentsa egin beharrean aurkitu zirala eta armarik gabe edo oso arma gutxirekin eta horrela ezin dela frente egin. Gerra bukatutakoan ere berdin edo okerrago. Kanpoko arma-indarren zai egoterik ez zegon eta etxetik hasi beharra zegoen defentsa hori. Hortik zetorren, zenbaitsuen ustetan, armatu beharra. Ekintzak egin beharra zegola nahiko garbi zegon baina zer ekintza eta nolakoak egin, eztabaida sortu zen eta gero eta eztabaida gogorragoa bihurtu da.
Euskeraren egoera ere negargarria zen: herri txikietan eta sukalde zokoetan baztertzen ari zan. Eskolara eraman behar zen eta behar ari norberak eta bakoitzak garbi ikusten zuan. Hortik sortu zen Ikastolen beharra. Gogor ekin zitzaion lanari eta jende gehienak hartu zuen parte, bakoitzak bere ahalegina jarriaz.
Gure bizitzaren ardatza.-Gure lema zer izan ziteken pentsatzen jarriaz hitz gutxitan eta oinarrian hau izango litzake: gure Herriaren bizitzan kate-begi bat izan; aurretikakoen ondarea hartu eta ondorengoai eskura pasa. Hori da hain zuzen, Xenpelarren eskolari jarraituz, bertsoan jaso duguna:
Utziko dugu erentziz
guraso onen antzera,
Euskaldunaren legera
jasotako izaera.