Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Euskal Herriko basoak historian zehar
Landare paisaiaren jatorrizko egoera eragiten duten faktoreak klimatologi konstanteak eta edafologi baldintzak dira. Gizakiak aldaketa sakonak eragin ditu, ekologi egoera primitiboa aldatuz. Antzinetik, basoak hustiro handia jasan du; zaila da gaur egun baso naturalik (“klimax basoa”) aurkitzea.
Aintzinako Erregimenean, teknologian erabilitako material nagusiena egurra izango da (eraikuntza, tresnak, erregaiak eta abereen elikadura dira erabilpen arruntenak). Garai honetan zuhaitz mota nagusienak haritza, pagoa eta gaztainondoa ziren, eta lizarra, zumarra, haltza, urkia eta gorostia, bigarren mailakoak. Juridikoki sei baso mota aurkitu ditzakegu:
- Erret basoak: noizbait erregearenak izan edo gaur direnak.
- Baso frankoak: erabilpena librea da herriko bizilagunentzat.
- Usabaso-angioak: komunalak izan arren, erabilpena mugatua dago.
- Partzoneriak: probetxamendua amankomuna da.
- Sarobeak: eremu borobilak, jabetza pribatua edo udalana dutenak, oihandar eta abeltzaindar ustiaketarekin.
- Baso pribatuak: jabe bat edo gehiago (Eliza, parrokiak, komentuak, baserrien jabeak, maizterrak, merkatariak eta abar).
Erdi Arora arte basoaren suntsiketa ez da garrantzitsua izango. XII. Eta XIII. mendeetan basoaren eta egurraren probetxamendua ez da erregulatua egongo eta ez du inongo oztoporik izango. Basoa oparoa zen eta inor ez zen basoaren desagerpenarengatik arduratzen.
XIV. mendearen erdialdean, berriz, gauzak aldatzen hasiko dira. Pagoa eta haritzaren erabilpena kontrolatzen hasiko da. XIV. mendearen erdialdeko krisialdia gainditu ondoren ekonomiaren garapenak eragin zuzena izango du basoan: demografiaren garapenak burdinaren eskaria zuzpertuko du eta, era berean, nekazaritzarako lurren beharra. Bi behar hauek basoaren suntsiketa ekarriko dute -bata egurra behar zuen eta bestea zuhaitzik gabeko lurra-. Olagizonen interesak nagusituko dira erabilpenean zein lege ordenamenduan.
Erdi aroaren bukaeran eta Aro Modernoaren hasieran, ordea, menpe hau indargabetzen joango da. Udalen diru beharrak, nekazaritza, abeltzantza eta untzigintza basoaren inguruko interesen jokoan murgilduko dira, olagintzari monopolioa kenduaz.
XV. gizaldian hasiko dira Euskal Herrian (baita Europan ere) deforestazio arazoak. XVI. mendean, jada, basoa berreskuratzeko lehenengo erabakiak hartuko dira; horren adibidea, Gipuzkoan, 1548. urtean, Batzar Nagusiek basoa zaintzeko hartutako lehenengo erabakia -udal bakoitzak 500 haritz edo gaztainondo landatu behar ditu- eta Bizkaian, 1593. urteko dekretua, haritz bat mozterakoan bi landatzera behartzen zuena.
Erabakiak ugariak izan arren, XVIII. mendean desoihanketa kezkagarria bihurtuko da Euskal Herri guztian. Burdigintzak, untzigintzak, abeltzantzak eta nekazaritzak izango dute egoera honen erantzukizuna.
1748. Urteko Ordenantzak Gaztelako Koroan, 1749. urtekoa Gipuzkoan, 1752. urtekoa Bizkaian eta 1757. urtekoa Nafarroan basoaren deuseztapena gelditzen eta bere berreskurapena lortzen saiatuko dira. Tamalez, ez dute lortuko eta gizaldiaren bukaeran, basoaren atzeraldiak eraginda, egurraren salneurriaren jaitsiera suertatuko da. Egoera honek basoarekiko interesak aldenduko ditu, basoa ezerrentagarri bihurtzen baitu, batipat, udalentzat.
Udalek zor handiak dituzte, Konbentzio eta Independentziaren guden ondoren. Beren ezbeharra gainditzeagatik herribasoak, zilegiak eta komunalak saltzeko erabakia hartuko dute. XVI. mendetik aurrera bilakatzen ari zen herri erabilpenen murrizketa, orain burutuko da, kapitalismo liberalaren nahiei bidea aske utziaz. Desamortizazioa XVIII. mendearen erdialdean hasiko da Hegoaldean, eta Frantses Iraultzan Iparraldean. Honen ostean herrilur eta baso gehienak jabetza pribatura pasatuko dira.
Burdigintza, untzigintza, nekazaritza, abeltzantza, desamortizazio legeak, suteak eta zuhaitzen gaixotasunak izango dira Aintzinako Erregimenean basoaren deuseztapenaren zio nagusienak.
Hegoaldean, XIX. mendean, Aldundi Probintzialek basoen arduradunak izaten jarraituko dute 1936. urtera arte. Espainiako Guda Zibilaren ondoren, basoak Estatuaren menpe egongo dira. Garai honetako aldaketa nagusiena espezie exotikoen landaketaren hedapena izango da. Honen ondorioz, Hego Euskal mendiek paisaia monotonoa osatuko dute, Bizkaia eta Gipuzkoan batik bat; “pinus insignis” izango da zuhaitzik aipagarriena. Mendiaren erabilpena paper industriara bideratua egongo da hemendik aurrera.
Gaur egun, Euskal Herrian, bai Hego bai Iparraldean, mendiaren oreka aurkitu nahian dabiltza. Hegoaldean, Egurraren krisialdiak -1984-1993 denboraldian gertatutako salneurriaren beherakada arriskutsuak- basoen erabilpena aldatu du modu batean. Egun nekazaritzaren produkzioaren, abeltzantzaren erabilpenaren, paper industriaren beharren eta izadiaren kontserbazioaren arteko oreka bilatzen ari da. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomi Elkarteko Aldundiek hiru irtenbide jarraitzen ari dira:
1. -Bertako espezien (pagoa, haritza, ...) landaketa.
2. -Oreka ekologikoa lortzeko neurriak.
3. -Baso teknika berrien ezarpena.
Alvaro ARAGON RUANO