Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Felix Berasategi, mendiko txistularia
Osaba Felix. Bai, izen horrekin ezagutzen gendun Felix Berasategi Zugarramurdi zena, gure amaren osaba eta, beraz, guretzat birrosaba zena. Gure belaunaldiak, Berasategitarrak alegia, ez zuen ezagutu eta hartaz dauzkagun berriak hitzez-hitz jasotakoak dira. Hain zuzen, mendiko Berasategitarren gorabeheren gordetzailerik onena, Joxe Luis anaia alegia, joan zitzaigun betirako eta zoritxarrez haren argitasunak jasotzerik ez dugu gehiago izango. Dena dela, han eta hemen eskuratu ditugun berriak pilatzen saiatuko gera.
Oiartzungo Elizako bataio-liburuetan irakurtzen dugunez(1), Joakin Maria Felix Berin-berrin, –Behin-berri” gaurko hizkeran–, jaio zen 1866. urtean eta baserri hor-tan hil zen 1927. urtean(2). Beraz hemeretzigarren eta hogeigarren gizaldien artean, zankolaka, bizitu zen 61 urtez. Bitxikeria dirudien arren bataioko agirian azaltzen diran hiru izen hoiek, garai hartan normala zen eta ez dauka zer ikusirik haundiki edo pobre arazoekin. Dena dela gure artean, familian, osaba Felix beste izenik ez diogu ezagutu. Nahiko gazterik hil zen baina garai hartako eta gaurko bizi-iraupenak ezin dira konparatu. Paperak diotenez, buruko odol-ixuriaz hil zen (“derrame cerebral”) eta ezin esan, uste gabeko ez-behar edo istripu bat denik gaitz hori adin horretan.
Berasategitarrak gutxi gera Oiartzunen eta ez da harritzekoa. Izan ere, gure familia behintzat, jatorriz Idiazabalgoa dugu –“goierriarra”, beraz, gure zaharrek Tolosatik gora-koei deitzen zieten bezela– naiz eta azkenego ia 200 urtetan Oiartzunen bizi izan. Nahiko famili ibiltaria izan zen. Papera zaharretan ikusten dugunez, Juan Kruz Berasategi Irunen jaio zen (1800) baina bere aita Pedro Jose, Idiazabalen jaioa zen, 1775 inguruan. Hau, Donibane Lohitzunen bizi ondoren, ezkondutakoan, Irunen jarri zen bizitzen eta hemen jaio zen esandako Juan Kruz hori. Honen semea dugu, Juan Mari Berasategi, eta hau Oiartzunen jaio zen (1834), —beraz Juan Kruz aita ere hemen bizi izan zen— gure Felix txistulariaren aita izango zena. Juan Mari hau, inportantea dugu gaurko historian. Batetik, ofizioz “xesterua” zen, hau da, gaztain-zimitzak erabiliz, otarreak, xisterak, lepatorrak, silak eta abar egiten zituena eta, gehienbat, hortatik bizi zena. Familan kon-tatzen danez, xestagintza Eula baserrian ikasi omen zuen, Xenpelar bertsolaria hazi zen baserrian alegia, eta adin berdintsua zutenez, elkar ezagutu omen zuten. Baina, aita Zabalak Xenpelarretaz egindako liburuan, gaur “Eula” izenarekin ezagutzen den baserrian, –hasieran Egurrola zena– bizi ziranak, bertsolariaren familiko “Egurrolatarrak, mandazai ibiltzen omen ziran garai artan, egur-ikatza eta abar karriatuz”(3). Nola uztartu bi puntu hoiek? Behar bada, famili berean ofizio desberdineko personak bizi zitezken edo, baserri berean, bi famili bizitzea ere baliteke. Argitasun gehiagorik ez dugun bitartean, galdera bezela utziko dugu. Juan Mari hau gendun, batetik, bere ofizioa zela medio, jende askorekin hartuemana zuena eta, bestetik, umore onekoa zelako, pesta jartzea maite zuena. Esan izan zaigu, haren baserrian gazteak bildu eta dantza-saioak egiten zirala. Dena dela, gauza bat behintzat segurua da: bere seme Felixi danborra joaz laguntzen ziola eta berak katalarruarekin egindako danbor zahar bat –arraitoiak kozkatua– etxeko kutxa zahar batean ezagutu genduela; birraitona Juan Marik egindakoa –kontuan izan esku-langile fina zela–; etxeko frutua, beraz, hasi eta buka.
Mendiko Baserria eta Bizitza
Berin-berri, mendiko baserria da: hau da, kaletik ordu t’erdira eta lehenengo auzo bildutik ordu batera dagoena, Artikutzako bide zaharraren inguruan, mendiaren hegian eta itsasotik 400 bat metroko alturan. Baserri bakartia; hurbileko baserriak ordu erdira dauzka eta, jakina, auzoekin hartuemanak oso bakanak izaten ziran, beharrezkoak izan ezik. Baserri bakoitzak, etxerako behar zuana etxean sortzen saiatu beharra zeukan: oinarriko janariak, batetik, hau da, artoa taloak egiteko eta babarruna. Etxalde ona bazan, urte osorako hainbat egin behar zuen. Horrela egunero dendara joan beharrik ez zuten izaten. Astean behin egitea nahikoa zuten, etxean sortutako jeneroak saldu, batez ere, arrautzak, eta behar beharreko gauzak erosi: olioa, ogi batzuk, argi-gaiak –olio “zikina”, kandelak, karburua– eta, Berin-berrin, esaten danez, “hebra” izeneko tabako-paketea eta hau “sin falta”. Izan ere, Rufo gure aitona, osaba Felixen anaia, beti pipa hortzean zuela ezagutu genduen eta besteak ere berdintsuak izan behar zuten. Elizara ere, meza entzutera alegia, urruti bizi ziralako, ez ziran igandero joaten, txandaka baizik. Mezetara joaten zenak, gainera, udalaren bandoa entzuteko eginkizuna zeukan herriko berriak jakiteko. Hitz gutxitan esanda, urriak izaten ziran kalearekin zeuzkaten hartuemanak eta ez oso ugariak auzokoekin zeuzkatenak.
Egoera eta giro horretan jarri behar da Felix Berasategi, gure txistulariaren bizitza eta txistulari-lana. Honen bizitzataz, hain zuzen, gauz haundirik ez dakigu. Behin-berrin jaio zela gauza segurua da lehen esandako urtean eta egunean. Eskolan ez dugu uste egun asko sartuko zituenik eta, jakina, mendiko eskoletan, hau da dotriña ikasteko, “komunioa” egiteko eskatzen zena. Jeneralean, inguruko emakume baten esku egoten zen lan hori eta ikasteko modua jakinekoa zen: doinu batekin alto esanez buruz ikasi. Idazten eta irakurtzen ez zuten ikasten eta, itxura danez, behar haundirik ere ez zuten somatzen. Gaztetan, badirudi, Ameriketan, Argentinako panpetan ganaderitzan ibili zela. Hori zen, behintzat, Joxe Luis anaiak Arantza bere alabari esan ziona eta iturri ona da jeneralean anaiarena. Baina famili osoan ez dugu biaje horren berririk jaso. Dena dela, gauza pare bat dago garbi guretzat, Ameriketako biaje horrek dirudun indianoaren arrastorik ez zuela utzi gure familian, batetik, eta, bestetik, zer ikusirik ez duela txistulari-gaiekin. Hori hortan utzirik, dakiguna da mutil zahar bati zegokion bezela, jaiotetxean, Berin-berrin, bizitu zela baserriko lanak eginez gehienean. Baina ez beti. Izan ere, seguru dakigu Beringo makinetxean lan egin zuela Rufo bere anaiarekin batean eta makinetxe hau 1901. urtean hasi zela lanean(5), hau da Felixek 35 urte zituanean. Bai eta ere, makinetxeko ur-tuboak, presak eta depositoak egiten bi anaiak aritu ziran eta hortan urte batzuk pasa zituzten. Beraz 30 bat urterekin makinetxe-inguruan hasia zen lanean.
Baina etorri gaitezen txistulari-lanetara, guri gaurkoan gehien interesatzen zaigun lanera. Ez dut uste ofizio izena merezi duanik, ez baitzen hortatik behin ere bizi. Hala ere txistua jotzen zuela, hori gauza garbia zen gure familian eta ez bakarrik etxean edo lagunartean. Kontatzen danez, tarteka baina ez dakigu noizka, –ez noski astero edo denbora jakin batean– Zaldin baserriko “soroan”, –Oiartzungo mendi-izkeran, larre fina, belar onekoa–, bilera –Oiartzunen “erromeriari” ematen zaion izena– egiten zela eta hortan gure Felixek parte hartzen zuela; etxean ere, Berin-berrin, dantza saoiak egiten zirala; hitz gutxitan esanda, baserri giroko, zehazkiago, mendiko baserri giroko txistularia genduela gure Felix. Pentsa ezazute zer den eta zer eragina eta poza sortzen duen musika-tresnaren soinuak mendiko bakardadean. Nik behintzat oraindik ongi gogoan daukat mutikotan gertatu zitzaiguna: goizian-goiz eskolara gindoazela, –Berin-berritik ordu bete inguru– beheko errekatik mendi hegian gora Azain (Aizegain) aldera gindoazela, baso-mutilak zeukaten itxolatik, nahiko urrutitik, “Ai Simon, Simon, Simon!” kantua dultzainarekin joaz egin ziguten diosala. Harridura, zirrara eta poz galanta eman zigun ezagutzen ez genduen eta behin ere ezagutuko ez genduen baso-mutil hark. Ez daukagu ahaztuta eta ahaztutzeko. Felixek horrelakorik egiten ote zuen? Nola nahi ere, Felixentzat momenturik garrantzitsuena urtero-urtero agoztuko Ama Birjinetan Goizuetara txistua jotzera egiten zuen joan-etorria izaten zen. Kontatzen danez, Attaun Bordako belarrak ondu eta egun batzutan izkutatzen omen zen gure osaba Felix hori. Ez dakigu zer konpromiso zeukan edo bere botoz joaten zen, baina oso gogoz eta serio hartzen zuela lan hori eta han Goizuetako zenbait elkarteetan harrera ona zeukala garbi dago noski.
Txistua jotzeko gogoa nola sortu zitzaion, zeinekin ikasi zuen eta zer pieza jotzen zituen, puntu hoietaz ez dugu ezer jasotzerik izan eta, beraz, zer esanik ez daukagu. Solfarik ez zekien eta bere musika eta doinuak belarriz eta buruz ikasitakoak ziran. Behar bada, kontu hoiek garbitzeko urrengo puntuko bidetik jo beharra izango litzake.
“Ixkibo”-ren txistuak
Puntu hau da guretzat, familiarentzat, jakingarria eta berria. Berri hauek erabat Herriko txistulari haundi diran Arozenatar aita-semeari (Juanito eta Aitor) zor dizkiet. Mila esker, beraz, biei. Egitan.
Azterketaren hasiera, familian jasota genduzkan osabaren bi txistuak ekarri zuten. Ikusten danez, gure osabak zaharrarekin ez zen konformatu eta berri bat erosi zuen, gauzak hobeto egiteko asmoz. Egia esan, nondik norakoak zireneko berririk ez gendukan. Juan Mari birraitona oso esku-langile ona eta mainosua zela jakinik, inoiz etxean eginak ote ziren ere pentsatu izan genduen. Baina ez genduen behin ere hortan gehiegi sinistu. Juanito Arozenak, nere gaztetako lagunak, txistuak ikusi zituanean eta guk Aranazko “Ixkiboren” berri jakin genduanean, duda guztiak aldendu ziran. Juan Migel Biurrarena, “Ixkibo” baserriko semea dugu; beraz, auzo-herrikoa baina urte askotan Artikutzan lan egin zuena, hain zuzen, Berin-berri baserritik ordu t’erdira dagoen auzo eta finkan. Muga, berriz, ordu bete ingurura aurkitzen da. Oraindik gogoan daukat nola tarteka gure ardiak, Berinberrikoak, finkan, Biandiz inguruan, “bahitzen” zituzten –hitz hori erabiltzen zen– eta haiek eskuratzeko multa ordaindu behar izaten zen. Urteetan ere ingurukoak dira osaba eta Ixkibo. Hau 1849an jaio zen, osaba baino zaharragoa beraz, eta 1935an hil, gurea baino geroago.(4). Artikutzako lana –mendizai, arrobian eta abar– hil baino 20 urte lehenago utzi zuen, beraz 1915. urte inguruan. Naiz eta “Txistulari” aldizkariak hala esan, ezin ziteken Donostiako Udaleko langile izan, honek finka hori 1919an erosi bai-zuen.(6) Dena dela, nagusi batekin edo bestearekin, 24 urte egin omen zituen Artikutzan; beraz, hemen zebilen 1891 urtetik aurrera. Garai horretan, finka horren jabeak Loubiere eta Cinto ziran eta Artikutzako trena, Berinberri ingurutik pasatzen zena, 1898an jarri zen martxan (6). Guztira, beraz, Artikutzan aurkitzen zen 1891tik 1915 arte, gure Felixeren urterik onenetan, 25 urtetik 49 urte arte. Inguruan bizi zirala jakinik eta afizio berdina zutela ikusirik, elkarren berri izango zutela eta elkarrekin ibiliko zirala dudarik ez dugu egiten.
Osabaren bi txistuen argazkia eta marrazkia, Arozenatarrak moldatutakoak, alboan dijoaz. Materiala, zura jakina, ezpela da, bertako, Euskal Herriko zuhaitza alegia. Garai hartan eta geroxeago ere zur hori erabiltzen zen. Manu Oñatibiak bere anai Yon Oñatibiataz (Oiartzun 1911-79) “Txistulari” aldizkarian (7) egindako artikuluan honela dio: “Txistu-zaletasuna zabaltzeko asmoz, noski, erakunde orrek, (Eusko Ikaskuntzak), Gipuzkoako aldundiaren eskutik, Boj egurrez egindako txistuak duan banatzen zituan”, “Ixkibok” egindakoak, hain zuzen (7 eta 4). Ondorioz, 1930 inguruan oraindik ezpelezko txistuak egin eta erabiltzen ziran. Gainerakoan, gaurkoen egiturakoak dira: forma, ballesta tornoarekin eta zuloak taladro batekin egindakoak dira; aniluak, latoizkoak dira eta abrazadera tipokoak, lengueta baten bidez lotzen ziranak. Neurri desberdinekoak dira garbi ikusten danez bi txistuak: haundiena, gaurko txistuen neurri berekoa eta txikia, berriz, gaurko txistua eta txirularen artekoa. Jakina, txikiak hotsa ozenagoa eta finagoa du nahiz eta nota berak eman.
Felixen exenploak ez zuen bere ilobetan jarraitzalerik izan eta biloben artean Julen gure anaia izan zen txistu horrekin jotzen ikasi zuena eta tarteka txistulari taldean ere jo izan zuena. Geroago, honek kantuari ekin zion eta, jakina, laguntzaile bezela ezin txistua erabili eta gitarra hartu zuen. Orain, iloba Itziar Lekuona Etxebeste andereñoaren etxean aurkitzen dira txistu hoiek iñorrek ikusi edo probatu nahi izan ezkero.
Bukatzeko. Oso lan atsegina izan zait gure aurrekoen gauzak jakitea eta berreskuratzea. Atsegina, jakingarria eta eredugarria. Izan ere, haiek ziran bezelakoak izan zirelako, geran bezelakoak gera gu. Ez dezagun ahaztu.
Andoni Lekuona Berasategi