Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Gipuzkoako fosil aztarnarik zaharrenak
1998. urtean zehar, Oiartzungo udalak Mugarri bilduman jada argitaratu duen Oiartzun Haranaren Geologia azterlana prestatzeko zenbait indusketa eta alorreko lanean ari ginela, gure haraneko geologiaren historian berebiziko garrantzia izango duen aurkikuntza egin genuen.
Aiako Harriaren inguruetan, Era Primarioko arbelezko haitzetan gorderik, Gipuzkoako geografia osoan ordura arte inoiz ikusi gabeko izakirik antzinakoenen fosil aztarnak aurkitu genituen. Fosil interesgarri horiek, duela 350 milioi urtekoak, gure eskualdea estaltzen zuen itsasoaren hondoan bizi izan ziren antzinako izakienak dira. Garai hartan Euskal Herri osoa sakonera txikiko itsasoz estalia zegoen.
Fosil aztarna aurkitu berri horiek Spirifer ordenako brakipodo batzuen maskorren fosilak dira. Ornogabe txiki horien egitura anatomikoa egungo moluskuen egituraren antzekoa da. Aztarnategi horietan krinoideoen (komatulak) giltzarte eta zurtoin zati ugari aurkitu dira. Ekonidermo bitxi horietako asko bizi da oraindik gure Lur planeta zabalean diren zenbait itsaso epeletan.
Aurkikuntza horiek bereziki garrantzitsuak dira honako arrazoiengatik: lehenbizi, Gipuzkoan ezagutzen diren fosil aztarnarik zaharrenak dira eta Euskal Herri osoan zaharrenetakoak. Baina badira Aiako Harriaren inguruetan aurkitu diren fosilak baino zaharragoak, eta horiek Nafarroako Baztan eta Baigorriko haranetan aurkitu dira, aldi Ordobiziar eta Siluriarrean zehar (duela 450 eta 420 milioi urte bitartea) eratutako harkaitz geruzak azaleratzen diren lekuetan.
Bigarren, fosilak aurkitu diren arroken ezaugarri geologikoak aipatu behar ditugu. Fosil horiek Aiako Harriaren inguruko batolito granitikoan eta horren alboan dagoen ukipen-aureola metamorfikoaren inguruan aurkitu dira. Zona horretan harrien barneko egiturak oso presio eta eraldaketa prozesu izugarriak nozitu ditu azken 300 milioi urteko aldian. Aiako Harria-Bianditz mendiguneko gailurrean dauden harkaitzak Euskal Herri osoko granito azaleratze bakarrak dira. Granito masa hori guztia lurrazalaren geruza sakonenetik goratu zen, egoera erdisolidoan baina tenperatura handian, duela 280 milioi urte.
Orain arte uste zen, granitozko masa ikaragarri horren azaleratzeak birkristaldu egin zituela antzina zona honetako itsasoaren azpian eratu ziren harri sedimentuak eta, higaduraren ondorioz, Era Primario edo Paleozoikoan bizi izan ziren izakien fosil aztarna guztiak desagertu egin zirela. Alabaina, oraingo aurkikuntza hauek gure eskualdeko itsaspean bizi izan ziren izaki desberdinen frogak ekarri dizkigute, eta gainera Gipuzkoa populatu zuten izaki zaharrenen aztarnak dira.
Benetan sinesgaitza dirudi, mirakulua, fosil aztarna delikatu horiek egungo egunetara arte gorde direla jakitea, batez ere kontuan izaten badugu granito masaren azaleratzeak eragindako presio bortitzez eraldatutako eta birkristaldutako harriz inguraturik gorde direla, eta gainera eskualde horren historia geologiko osoan zehar gure zona honetan izan diren bi prozesu orogeniko garrantzitsuen (kontinentearen goratze higidurak) eraginak jasan ondoren; aurrena duela 280 milioi urte gertatua (Orogenia Herzinikoa), eta bigarrena, gauden garaietatik gertuagokoa, hau da, duela 40 milioi urte (Orogenia Alpetarra). Azken prozesu tektoniko horren ondorioz, antzinako itsas azpiak altxatu eta azaleratu egin ziren plaka tolestuak eratuz. Hala sortu ziren Oiartzun haran osoa, Pirinioak eta Euskal Herriko gainontzeko mendiak.
OIARTZUN HARANA, EUSKAL GEOLOGIAREN ALTXORRA
Euskal Herriaren testuinguru geografikoaren barruan, baita kanpokoan ere, benetako altxortegi geologikotzat jo behar dugu Oiartzungo harana. 150 Km2-ra iristen ez den eskualde hau oso fenomeno bitxi eta berezien kokagunea da: bertan dago Euskal Herri osoko granito azaleratze bakarra, bertan daude harkaitz plutonikoen erauzketaz sortutako mineral hobiak, gerora, erromatarren garaietatik etorri zaigun meatzaritza ekarri zutenak; eta bertan aurki dezakegu orain arte ezagutzen diren lau era geologikoetan zehar eratutako harrizko sail estratigrafikoak erakusten dituen agerpen berezia, horietako bakoitza aldian aldiko ezaugarrietako fosil eta guzti.
Fenomeno geologiko eta paleontologiko horiek guztiak batera suertatzeak, euskal geologiarentzat, eskala txikian bada ere, Coloradoko "Arroil Handia"ren antzeko aztarnategi bihurtu dute Oiartzun ibaiak zeharkatzen duen haran osoa, hasi ibaiaren sorburutik, Bianditz-Aiako Harriaren magaletan, eta Pasaiako badian bokaleratzen deneraino.
Ibilgu horretan zehar dauden arroka, mineral eta fosilak hain dira oparo eta ugariak, alde batetik, eskualde honen guztiaren balio geologikoa kontuan hartzera eta zaintzera behartzen gaitu, eta bestetik, Oarsoaldea guztiak, Aiako Harria parke naturala buru duela, babesten dituen alde kultural eta naturalistakoak hedatzera eta ezagutzen ematera.
OIARTZUN HARANAREN GEOLOGIARIBURUZKO DATUBERRIAK
1999ko lehen hiletan zehar Oiartzun haranaren iraganari eta bertan bizi izan ziren izaki zaharrenei buruzko datu berriak etorri zaizkigu. Izaki horiek, oraingoz ezagutzen ditugun oiartzuar zaharrenak, duela hirurehun eta laurogei milioi urtekoak dira, Era Primario eta Paleozoikoak., hau da, Euskal Herri osoa sakonera txiki eta ur bareko itsasoak estaltzen zuen garaikoak.
Ugariak ziren itsaso hartan bizi ziren izakiak, gehienak gaur egun desagertuak eta guretzat ezezagunak badira ere. Haietako batzuen aztarnak egunotara arte iritsi dira eta aztarna fosil horiei esker, badakigu nolakoak ziren eta zer ingurutan bizi ziren. Harrizko bestigio horiek gaur egun oraindik gure itsasoetan bizi diren zenbait izakien antzinako arbasoen aztarnak dira.
Arestian esan dugun bezala, duela urte bete baino zertxobait gehixeago aurkitu genituen, haranen goi aldean, hirurehun eta laurogei milioi urte lehenago Euskal Herri osoa estaltzen zuen itsasoaren hondoan bizi ziren izaki batzuen aztarna fosilduak. Aztarna horiek Gipuzkoan ezagutzen direnetan zaharrenak dira eta zaharrenetakoak euskal geografia osoan ezagutzen direnetan.
Era Primarioaren hondarretan, periodo Karboniferoan zehar, duçla 320 milioi urte inguru, lurrazalean higidurak bortitzak gertatu ziren eta, ondorioz, ordura arte itsas azpian zegoen lurrazala kanpora irten zen zenbait lekutan, Euskal Herriaren lehen zona kontinentalak eratuz. Uharte horiek izan ziren gure geografia osoan itsas azpitik sortu ziren lehen lurrak. Mendebalderen zegoen horietako bat, gaur egun Aiako Harria-Bianditz mendigunea hartzen duena, alegia, ekialderantz luzatzen zen, Oiartzunekin mugakide diren Lesaka eta Berako lurraldeetarantz.
Duela 280 milioi urte inguru, antzinako kontinente haren erdi-erdian, granito masa handi bat goratu zen lurrazalaren barru-barrutik. Milioika urteetako higadura etengabeak harrizko gandor bitxi baten irudira zizelkatu du granito masa eskerga hori, gure haranaren fisonomia eta paisajeari ezaugarritasun ñabardura bat emanez.
Baina Oiartzungo aberastasun geologiko eta arkeologikoa areagotu egin zen Era Sekundario osoan zehar: periodo Triasiko, Jurasiko eta Kretazikoan. Aldi horietan gure haranaren zatirik handiena itsasoz estalita zegoen. Itsaso horiek bereziki aberatsak izan ziren izakietan, batez ere Jurasikoan (213 milioitik 145 milioi urte bitarte). Iragan itsastar hari esker, Oiartzungo harkaitz asko garai haietako fosil eta itsas moluskuen aztarnaz beterik daude.
Horietan aipagarrienak amoniteak eta belemniteak dira, azkenak egungo zelapodoen (txibiak, olagarroak eta nautiloak) arbasoak dira. Aztarna horiek sarri agertzen dira haranean azaleratzen diren kararrizko harkaitzetan (Elizalde, Ugaldetxo eta Iturriotz).
Inguru horietan gaur egun egiten ari diren eraikuntza lanak direla eta, pre-miazkotzat jotzen dugu gure lurrazalean aurkitzen diren arrokak metodikoki ikuskatzea eta aztertzea, hala jokatzeak gure Historia Geologikoa eta gure iragan itsastarra ezagutzen lagunduko digulako.
Lan horietako batzuk, adibidez, Arrietako ur biltegi berria eraikitzeko egin direnak, lur eta arroka bolumen ikaragarriak hondeatu beharra eragin dute; ondorioz goi-Jurasikoan (duela 160 tnilioi urte) gure haran hauek estaltzen zituen itsasoan bizi izan ziren izaki haiei buruzko aurkikuntza berriak egin dira eta datu gehiago jaso. Gaurdaino ez genuen aldi geologiko hori aztertzeko aukerarik izan, nahiz eta Oiartzun Jurasikoko beste azalerapen batzuek egon.
Obra eta betelan horiek egin dituzten langileen laguntzari esker, orduko izaki haien fosil berriak agertu dira eta, gainera, Oiartzungo fosilen katalogoan ezagutzen ez zirenak. Horrezaz gain, gure eskualdearen ikerkuntza paleontologikoan oso garrantzitsuak izango diren datu berriak eskuratu ditugu.
Bihoazkie neure eskerrik beroenak Otegi-Gaztañagako langileei, hain material baliotsu horietako asko jaso dituztelako; esan gabe doa, beste modu batera izan balitz, seguraski, material horiek guztiak galdu edo desagertu egingo zirela. Eskertu nahi ditut, era berean, Ugaldetxon etxebizitza batzuk eraikitzeko betelanak egiten ari diren langileak, beraiek atera dituzten arroketan Jurasikoko fosil batzuk aurkitu baititugu. Lan horietan, gainera, burdinola zahar baten hondarrak azaleratu dira; Aranzadi Zientzi Elkarteko arkeologoak jada horren jatorria eta historia aztertzen ari dira.
Bi aurkikuntza horiek (Arrietako ur biltegia eta Ugaldetxo) amonite espezie berriak ekarri dituzte, periodo Jurasikoko arroken katalogoan ezagutzen ez zirenak. Arrietako arrokak Oiartzunen ezagutzen den aipatu periodoaren goi-zatikoak dira (Oxfordiarra -160 milioi urte) eta Ugaldetxokoak behereneko zatikoak (Hettangiarra - 213 milioi urte).
Obra horietako langileek eman duten laguntza eta erakutsi duten kezkak etorkizunean egingo diren obretako arduradunak animatzeko eredu izan beharko lirateke. Jakin bezate, bada, aurkitzen dituzten materialak iraganak utzi digun ondarea ez galtzeko, aztertzeko eta oiartzuarrentzat eta gure iragana eta aberastasun arkeologikoa ezagutu nahi duen edonorentzat biziki baliagarriak izan daitezkeela.
Berreskuratu ditugun aztarna horiek guztiak garbitzen eta katalogatzen ari gara, etorkizunean jendaurrera jarri ahal izateko. Gure eskualdean Geologia eta Paleontologiak piztu duten kezkak museo bat edo geologiaren interpretazio zentro bat irekitzera animatu behar gintuzke. Zentro horretan gai interesgarri horiek guztiak didaktikoki erakutsiko lirateke eta Oiartzungo haranak eta bere inguruek eskaini dizkiguten arroka, mineral eta fosilez osaturiko natur ondare aberats eta oparoa jendaurrera jarriko genituzke.