Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Manuel Francisco Lekuona Rezola ‘Urtxalle‘
1828ko urriaren 14an jaio zen, Urtxalle etxean (gaur egun Donibane kalea 7), Oiartzunen. Eskolara 14 urte bete artean joan zen, eta handik Tolosara bidali zuten konfiteritza ikastera. Han egin zituen lehen urratsak pilotan, trinketean eta lurruzko eskularruekin pasakan hain zuzen.
16 urte zituela Iparraldeko pilotari baten aurka jokatu zuen, Donibane Lohizunen, eta 11-1 gaiendu zitzaion aurkariari; apustuan mila libera poltsikoratu zituen. Goizez lan egiten zuen eta arratsaldetan jokatzen zuen pilotan, trinketean, errebotean nahiz frontoi luzean. 17 urterekin, 1845ean jokatu zuen lehen aldiz frontoi luzean, eta ordutik aurrera ez zuen deskantsurik hartu. Pilotako joko guztietan aritzen zen, eta Euskal Herriko txoko guztietan liluratzen zituen bera ikustera joaten zirenak. Herriko jaietara eta pilotalekuak inauguratzera deitzen zuten, eta bere beti agertzen zen gogotsu eta umore onez. Bere garaiako pilotari garrantzitsuenen artean aurkitzen zen, eta garaiko partidu esanguratsuenak jokatu zituen. Urtxalleri buruzko pasadizoek liburu bat betetzeko adina ematen dute, eta esaten da berak grazia bereziarekin kontatzen zituela. Pilotaz gain, apusturako eta kartetarako grina ere bazuen. Garai hartako bohemio horietako bat zen, irabazten zuenean ondo eta galtzen bazuen ere berdin. Oso ezaguna da Nafarroako txapeldun zen Ocon tafallarraren aurkako desafioa. 1851n jokatu zen, jendez gainezka Iruñean bi partidutara. Biak irabazi zituen eta apustuko bi mila duroak poltsikoratu. Gau partean kartetan jokatzen hasi eta irabazitako guzia galdu zuen ordu gutxitan. Orduan Urtxallek, mahaitik altxa, esku artean gitarra hartu eta euskaraz, galdutako diruari buruzko koplak kantari jardun zuen. Izan ere Urtxalle bertsolari eta kantari ere bazen.
Horrelakoxea zen Urtxalle, beti umore onez, barrezka eta besteei barre eraginez. Oconen aurkako desafioa baino lehen Frantziako presidente eta gero enperadore izango zen Luis Napoleon eta bere emazte Eugeniaren aurrean jokatu zuen, Miarritzen. Hiru oiartzuar (Urtxalle, Ezeiza eta Manuel Arbide Meltxor) izan ziren jokatzen Iparraldeko lau pilotariren kontra (Harriague, Etchepare, Mauleko errotaria eta Gaskoina ezaguna). Oiartzuarrek erraz irabazi zuten, eta bi mila libera eraman zituzten. Miarritzeko heroiak deitu zieten.
Bestalde, ohikoa zen Urtxallek pilota partidu zelebre eta komikoak antolatzea. Berak ondo pasatzeko eta besteei ondo pasarazteko antolatzen zituen. Horietako bat Oiartzunen egin zen, eta oso barregarria izan omen zen; izan ere, pilotari bat oinez zaldi gainean ziharduten lau pilotariren aurka lehiatu zen. Beste behin, Indarten aurka lehiatu zen, baina Urtxalle beste gizon baten gainean jarrita. Partiduaren ondoren “mandoa nekatu zait eta galdu egin dut” esan omen zuen. Partidu zelebre horietako beste batzuetan begi bat tapatuta edo pilotari eman aurretik bere buruaren inguruan bira egiteko obligazioarekin jokatzen zuen. Beste batzuetan, aurkariari sakean tramankuluren bat erabiltzeko aukera ematen zion; berak, eskuz sakatu behar zuen. Laburbilduz, diru gutxi irabaziko zuen horrelakoetan, baina asko dibertitzen zen.
1862an partidu garrantzitsua jokatu zen Donostian Urtxalle eta Ahetzeko Mateoren artean, eta Udarregi bertsolariak 20 estrofa egin zituen partiduaren nondik norakoak kantatuz. Urtxallek urte askotan jardun zuen pilotari lanetan, eta gero oso sonatua izan zen Azpeitiko Txikitoren aurka ere jokatu zuen, baina ordurako 50 urte inguru zituen. Pilotak etorkizunean izugarrizko eraldaketa izango zuen konbentzimendua zuen erretiratu zenean.
Lehenago ere esan dugu Urtxalle bertsolaria ere bazela eta gitarra eramaten zuela edonora. Ordu luzez jarduten zuen bertso kantari bere umorea erakutsiz. Behin, Oiartzungo Aldapan egindako pilotalekuan ez omen zioten apaizek pilotan jokatzen utzi, eta horri buruzko bertsoak egin zituen.
Bere azken urteean Errenteriako Correosen egin zuen lan Urtxallek, eta bertako bulegoan herriko jende ezagun ugari elkartzen zen eguardiz eta gauez kontu kontari jarduteko, elkarri herriko txutxumutxuak kontatzeko. Horrelakoetan, Urtxallek paretean zintzilik zuen gitarra hartu eta bertso kantari hasten zen bertakoen pozerako.
Pilotarien artean bertsolaririk onena kontsideratzen zuten eta bertsolarien artean pilotaririk onena. Hala ere, Urtxallek badu euskal musikan eta bertsolarien artean bere izena urrezko letrekin idazteko eskubidea; izan ere, Euskal Herrian zehar hain ezaguna den eta ospakizun garrantzitsuetan abesten den AGUR JAUNAK berari zor diogu. Berak eman baitzuen ezagutzera Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan. Oso gustuko zuen pilotan jokatzera joaten zenean lekuan lekuko abestiak ikasi eta kantatzea. Baditu beste kopla eta bertso ezagun batzuk ere, Maitia nahi badezu besteak beste.
Margarita Irazusta Erkizia tolosarrarekin ezkondu zen eta, azkenik, 1901eko urriaren 12an hil zen, Errenteriako Santa Maria kaleko 4ªn, 73 urte betetzeko bi egun falta zitzaizkonean.
Bibliografia:
“La pelota y los pelotaris”. Peña y Goñi
“El Gran libro de la pelota”.
Luis Bombin-Rodolfo Bozas
Joxe Mari Mitxelena Cazabon