Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / Oiartzun 1897
Izen horixe etorri zitzaidan burura, 1897an Oiartzunen egin ziren Euskal Festen aldizkari oroigarria eskuratu nuanean(1) . Izan ere, itxuraz eta neurriz azken urteetako Oiartzun urtekariaren antza haundia baitu. Hortik dator, beraz, gaurko nere lanaren izenburua. Bai eta ere izen egokitzat jotzen dugu, azken batean, gaurko Oiartzun eta gaurko oiartzuarrok ordukoen ondorengoak eta oinordekoak besterik ez baigera. Haiengandik jaso genduen, hain zuzen, herri-izaera eta herri-ondasuna eta bidezkoa da haien memoria berritzea eta hausnarketa bat eginaz, era berean, gure esker ona azaltzea. Horrekin ez dugu esan nahi Oiartzungo herri-izaera besteena baino obea danik; gure-gurea dela baizik eta kito.
Beraz 100 urte pasaberriak dira Euskal Festak Oiartzunen ospatu ziranetik. Lehenago ere entzuna gendun lehengo gizaldiaren bukaeran euskal festa haundiak izan zirala Oiartzunen baina ondo etorri zaigu papera zaharra eta liburuak astindu eta orduko berriak bildu eta plazaratzeko. Hasieratik, garbitu dezagun zer ziran Euskal Festak. Orduko paperak diotenez, Diputazioak, nekazaritzari eta ganaderitzari laguntzeko egiten zituen ekintzak ziran, baserriko emaitzen eta azienden erakusketa eta sariketak antolatuaz eta, bide batez, euskal ohiturei eta euskerari buruzko zaletasuna sortzeko, hitz-neurtu, antzerki eta kantuen indar-neurketa eta jokoak ere bai. Diputazioa zen, beraz, festen bultzatzaile eta arduradun. Fuero-garaian herri desberdinetan Diputazioak egin ohi zituen Batzar Nagusi eta festen antzeko zerbait, asmoetan agertzen danez. Era horretan egindako festen artean bigarrengoa izan zen Oiartzungo hau. Aurreko urtean, hain zuzen, Arrasaten egin ziran.
Festak uztaren 3an, larunbatez, hasi ziran gotzaiaren etorrerakin eta Salbea, Eslava famatuarena kantatuaz, Hipólito Azanza organistaren gidaritzapean, paperak diotenez. Urrengo egunean, igandez, hamarretan, meza nagusia, gotzaiaren aurrean, Diputazio, Udala, nekazari-erakundeko eta Euskal-hitz-jokoen kontseiluko arduradunak eta jende askok, herrikoiak eta kanpokoak, parte hartuaz. Hitzaldia, mezetakoa, Vinuesa jesuitak, Donostiko semeak, euskeraz egin zuen. Ondoren, agintari guztiekin, banketea Udaletxean. Zer menu izan zen ez dute esaten kronikak baina bai Txanpaña izan zela: “Al destaparse el champagne”... bai, frantzesez eta pentsa liteke txanpaña ere frantzesa izango zela... Dena dela, banketea, ohi zanez, hitzaldiekin bukatu zen; bat, Lizarriturri jaunak, Diputazioko lehendakariak eta bestea Gotzai jaunak; hoiek erderaz hitzegin zuten eta, ondoren euskeraz eta txalo artean, Euskal hitz-joko Taldeko zuzendariak, Antonio Arzac jaunak. Arratsaldean, diputaduak Baile real edo esku-dantza (gaur aurresku izenarekin ezagutzen duguna) eskeini ondoren, Orfeón Donostiarra-k kanta saio bat eman zuen kanta hauekin: Agur Oyartzuarrak (Ikus bazterreko laukian), Ezkon berriyak, Coros Suecos Jose Artolaren euskerazko letrakin, Inchauspeko alaba, Goizeko izarra, Ume eder bat, Boga, boga eta Gernikako Arbola “el inmortal y siempre joven y glorioso himno de nuestras libertades”.
Astelehenean, hilaren 5an, goizeko zortzietan, ganaduen eta nekazari-emaitzen aurkezpena egin zen. Arratsaldean, udaletxean, Gotzaia, Luis Echeverria Diputado nagusi-ordekoa eta herriko alkatea, On Ceferino Irigoyen (Alkate xaharra) eta Carmelo de Echegay Pronbintziko kronistaren aurrean, literatur-sarien berri eta irabazleen izenak jakinarazi zituen Arzac jaunak. (Ikus bazterreko laukian). Pedro Mari Otañok, Blas Pradere Albisturko bikarioak eta Migel Antonio Iñarra herriko semeak beren obrak, txalo artean, jakin arazi zituzten. Txomin Agirre-rena, hau falta zelako, Karmelo Echegarai, pronbintziko kronistak irakurri zuen.
Ondoren bertsolarien saioa izan zen, San Juan kalean hain zuzen, baina ez da esaten non. Zimitiotik kantatu ote zuten? Egia esan, etzaigu gehiegi ajola. Hara bertsolarien lista osoa: Pello Errota eta bere anaia Juan Kruz Elizegui eta Esteban Elola Asteasukoak, Txirrita eta Lujambio (Sailpuru) Errenterikoak, Lexo Lezokoa; Artxaia Altzakoa eta Joaquin Urbieta (“Kaskazuri”, ikus bazterreko laukian) Oiartzungoa. Saria Txirrita eta Pello Errotaren artean banatu zen eta Sailpuruk ohorezko aipamena jaso zuen. Jende asko bildu zela diote paperak eta ixiltasun eta atentzio haundiz entzun zutela bertsolarien jarduna txalo artean.
Asteartean, hilaren 6an arratsaldez, haurrek “aurreskua” eskeini zuten eta txalo beroak jaso zituzten. Ondoren, txistularien (“tamborileros”) txanda izan zen eta hiru talde agertu ziran, Irungoa, Lesakakoa eta Errenterikoa. Hauek jaso zuten saria. Gauean, udaletxeko aretoan antzerki-saioa izan zen. Donostiako Euskaldun Fedea izeneko taldeak obra hauek eman zituen: Aterako gera Toribio Alzaga-rena eta Barrenen arra eta Alkate berriya Soroa-rena.
Hilaren 7an, asteazken-goizetik, baserritar jatorrez jantzitako bikoteei eskeinitako saria zegoen. Bi bikote besterik etziran azaldu eta, merezimentu-faltaz, saririk etzen banatu. Alderantziz oso harrera ona izan zuen Irungo Miakar baserriko famili haundiak. Hamalau seme-alabeko famili honen gurasoak, Sebastian Ezpeleta eta Josefa Ignacia Berestin jatorriz oiartzuarrak ziran. Diru-sari bat eman zitzaien. Ondoren, Irrintzilarien arteko saioan irabazleak hauek izan ziran: Ergoingo Luis Echenagusi, Azkoitiko Jose Egaña eta Oiartzungo Koxme Lekuona.
Arratsaldetik –eta markatzea merezi duen ekintza da– eskoletako umeen artean euskeraz irakurtze eta idazte-leia antolatu zen sariak banatuaz. Bazen, beraz, ordurako gazteak euskeraz alfabetatzeko asmoa eta bultzada. Arratsaldeko bostetan, baserriko fruituen eta azienden sari-banaketa egin zen ospe haundiarekin, (ikus bazterreko laukia). Gotzai jaunaren aurrean, Diputazioko lehendakari zen Lizarriturry jaunak eman zion hasiera euskerazko hitzaldi batekin eta ondoren irabazleek jaso zituzten beren sariak Gotzaiaren eskutik. Ondoren, “tobera-jotzaileak”, hiru taldek, hartu zuten parte, saria danen artean banatuz eta, berehala, emakumeen artean, urez betetako suila buruan zutela laisterketa antolatu zan Hondarribiko batek irabaziz. Gauean, su-festa eta zezen suzkoa izan ziren guztien entretenigarri.
Horrela bukatu ziran Euskal Festak famatu eta bikain haiek, armoni onean eta kronikak markatzen duen bezela, nahiz eta jende ugari ibili, herrikoak eta kanpokoak, iñolako okasio eta borrokarik gabe, pake ederrean alegia.
“Lartaun” - “Agur oyartzuarrak”
Kantu hau (Ikus bazterreko laukian) aspalditik eta ongi ezagutzen dugu koru-inguruan ibili izan geranok. Kantatu ere askotan kantatu izan dugu koruan; lehenengo Dn. Paulo Irigoyen organistaren gidaritzapean eta geroago “Lartaun” koruan Yon Oñatibia zanaren aginduetara. Baina nahaspil txiki bat sortu zaigu paper zaharrak aztertzerakoan. Batetik, garbi dago Oyartzungo Euskal Festetan “Lartaun” izeneko Miguel Oñate-ren kanta saritua izan zela baina etzen argitaratu; guk, behintzat eskuz idatzitako partitura besterik ez dugu aurkitu oraingoz. Hala ere dudarik gabe kanta bera da. Honela dio eskuratu dugun 1956go festen programak: “GRAN CONCIERTO” por la Schola Cantorum Parroquial y el coro femenino de Acción Católica, bajo la dirección del Organista de la Parroquia D. Pablo Irigoyen con arreglo al siguiente programa: 1.- LARTAUN, “Agur Oyartzuarrak” a 4 v.m. de M. Oñate letra de P. Mª Otaño. Kantaren izena eta egileak berdinak dira eta, beraz kanta ere bai.
Baina aita ZAVALA-k Otaño bertsolariari eskeinitako liburuan (ikus 2, I alea, 246) honela dio: “Al distinguido poeta éuskaro: El Orfeón Donostiarra, en prueba de cariño y de consideración por sus hermosas composiciones poéticas éuskaras, y muy especialmente, por la dedicada a dicho Orfeón, titulada Lartaun, ha acordado nombrar a V. Socio Honorario del mismo y obsequiarle con una serenata el día de hoy (25/1898), con motivo de su próxima marcha a América”. (Urrengo egunean). Eta beste orri batean *488 orr.) aita Zavalak ERESBILen jasotako bertsoa dakar guk laukian eman duguna.
Bi bertsoak ikusi ondoren, garbi dago guk Oiartzunen kantantzen duguna, kantaren hasiera besterik ez dela eta hitzez-hitz kanta bera dela. Musika konparatzeko modurik ez dugu izan. Hala ere harritzeko moduko puntu batzuekin egiten dugu topo. Batetik, Lartaun kanta honek, Oñate musikalariarekin egina, bi destino izan zitun: Orfeoi Donostiara eta Oyartzungo Festak eta, itxura danez, Orfeoira lehenengo. Izan ere, Oyartzungo festetan Orfeoiak eman zuen saioan Lartaun kanta sartu baizuen. Behar bada momentu berean izatea baliteke. Jatorrizko partiturak eta datak ikustea komeni izango litzateke. Bai eta ere jatorrizko partitura erabili beharra dago aita Zavalak dakarren textuak, puntuen eta hitz batzuen aldetik, sortzen ditun galderak garbitzeko.
Udala eta Herriko Bertsolariak
Udal artxibategiko paperak ikusten ari nintzala Kaskazurin kartarekin topo egin nuanean (ikus bazterreko laukia) harriturik gelditu nintzen: herriko seme bat idatziz kantatzeko baimena eskatzen, orduan eta gaur, hitzez-hitz egiten den tratua izaten danean. Zer arraio gertatzen zen Kaskazuri eta udal-gizonen artean? Izan ere badakigu Festa hoietarako Txirritaren bila propio joan zirala. (ikus 6, 73. orria) Egia esan, ez dakigu Oiartzungo Udala izan zen bertso-saioa antolatu zuena edo Euskal Festen Erakundea. Dena dela gauza jakina da gure artean Kaskazurik gorabeherak izan zituala udal-gizonekin eta bertsoak ere jarri zituala. Puntu hori garbitzen saiatu gera gure aldetik; Euskal Festen aurretik edo ondoren izan zen alegia.
Aita Zavalak egindako “Kaskazuri” (5) liburutik argitasun batzuk atera ditezke. Herriko gorabeherak aitatzen dituzten bi bertso-papera azaltzen ditu. Bigarrenak, Beratik bialdutakoak ez digu gure gaietaz asko argitzen, noizkoa den jakiterik ez baitago. Baina zer egiten zuen eta zergatik zegoen Kaskazuri Beran? Bertso batean puntu hori aitatzen du baina hortik ezin da gauza garbirik atera: “Aspalditxuan ikusitzen det/ amaika gauza itsusi// tratu txar asko artu ere bai/ ez nukiena merezi; // errira joan ta topatu ditut// estran-jeruak nagusi, // orrengatikan atera nitzan // Nafarruara igesi”. / Baina zer ziran tratu txar hoiek? Aita Zavalak kartzelan egon zela ere aitatzen du eta hala izango zen, liburu berean Olazarko Jose Marik Zeberiok dioenez, baina ez dut uste herriko kartzela, udaletxeko ganbara baiño urrutirago joango zenik. Egia da, beste bertso batean persona bat aitatzen duela: “neri anarkista esan zirana / Judasen aiudantia” baina, bai eta ere, bere buruetaz aitortzen duela: “Bertso hoiek jarri dituena / ez da sujeto zuzena”. Hortan utzi dezagun beraz.
Beste paperak, 1900 urte ingurukoak, auzia nahiko garbi agertzen du: 1go bertsoan: “gu petxaz (kontribuzioz) kargatzen ari diranak / ez gendukenak merezi”. Eta 9an: “beren gustora egin baituzte / errian obra eta lanak” eta 11an oraindik garbiago: “tren-biriarekin zelaiak galdu / eta oiek petxaz bete etxia”. Beraz dudarik ez dago trenbidea eta honek lurretan eragindako kalteak eta kontribuzioak izan zirala bertsoen motibo. Baina bertsoak 1900koak izanik, zer izanik ez dute Kaskazurik 1897an bertsotako lizentzia eskatzearekin.
Baina bertsoak baino lehenago izan ziran protestak. Honela dio liburu berean Katalintxoko Erramonek: “Nik entzuna dut, emen, Oiartzunen, ikaragarrizko jaleua sortu zela. Nunbait ere egin zituzten petxa berri batzuek jarri. Ta baserritar guziak, aizkorak eta makillak artuta, joan ziran aiuntamentura. Egin omen manifestazio gaitza”.
Eta Luis Aduriz-ek, Aduriz sagardotegikoak, oraindik garbiago liburu berean: “Lenengo, Zorrolako trenbidea jarri zuten; Errenteritik Zorrolara. Zorrola, mendi-erreka bat da. Orduan minak ziran an, Astigarraga-ko markesarenak. Nik sei urte nituen orduan; orain larogei ta iru... Terreno-puskak askori arrapatu baitzizkioten, gizon-saillak juntatu eta protestan ibilli ziran baserritarrak. Alperrik, ordea, egiñalak”. Luisek, protestaren berri ematen digu eta, guretzat interesantea, urtea ere bai. Paperetan ikusi dugunez, Luis 1889an jaio zen, beraz trenbidearen kontrako protestak 1895an izan ziran. Hain zuzen, urte hori ongi dator Adolfo Leibarrek (7 eta 8) ematen duen urtearekin, 1898rekin, trena martxan jarri zen urtearekin, obrak egiteko denbora kontuan hartuaz. Beraz herriko protesta eta iskanbilak, Euskal Festak baino ongitxo –urte bat edo bi– lehenagokoak dira. Hoietan parte hartuaz bihurrituta ote zegon Kaskazuri Udaleko gizonekin? litekena da baina ezin dezakegu ziurtatu.
Ondorioz, aita Zavalak bere liburuan diona alkatearen ahotan jarriaz eta Dn. Pedro xaharrari (Belderrain) erantzuna bezela emandakoa ezin liteke egia izan: Don Pedrok: –“Zeñen buruko egiten da Kaskazuri bertsotara deitzea gaurko egunen?”– eta alkateak: –“Eztu inork deitu; bera presentatu da. Baina oso ondo egin du bertsotan”. Izan ere legez eta ofizialki egindako lizentzia Udalak ukatuko zionik ez dugu pentsatu ere egiten. Kontu hoietaz gain, paper zahar hoiek Kaskazuri-n izenpea, autografoa, –Ikus bazterreko erretratoa– eskeintzen digute eta ez al da gauza polita?
Udalarekin izandako bihurrialdi batek beste batera berehala eraman nindun:
Jose Joakin –Kaskazurin izen bera– Mitxelena bertsolariak izan zuanera. Juan Mari anaiak oso ondo jasoa dauka pasadizo hori Mitxelenaren liburuaren sarreran (9). Hitz gutxitan esanda: 1952rren urteko Sanixtebanetako programa, bertsolarien zerrenda zetorren eta, hain zuzen, Mitxelena, herriko semearen izena falta. Berehala hasi zen jendea –ongo gogoan daukat– ze arraio pasan zen galdezka. Marmarra zabaldu zen herrian eta gaizki-esanik etzen falta izan. Zeinek hartu zuen edo hartuarazi zuen erabaki hori? Urte hartan alkate, Garbunoko Manuel Arbelaiz zen, hain zuzen, Jose Joakin Mitxelenaren auzokoa. Manuelek azkenean, batzuen eta besteen galderei eta erreguei erantzunez, hitzez, presentatzeko baimena eman zuen. Gezurra edo egia, egi-erdia edo gezur-erdia, zabaldua zegoen Baserrik Mitxelena joaten zen herrian etzuela kantatu nahi izaten. Uste hortatik Basarriren errua zela pentsatzerainoko pausoa ematea etzen zaila, egia esan.
Eguna etorri-zai geunden denak, batez ere, gazteak. Goiz-parteko ekinaldia entzun nuen eta betiko moduan joan zen: agurrak, San Ixteban eguna, alkatea eta abar. Normala. Puntada txiki bat ere ez. Arratsaldean, nahi ta nahi ez , kanpora joan beharra izan nuen eta saio famatu eta gogoangarri hura horrela galdu nuen. Baina, egia esan, berehala jaso genuen saioaren berri eta geroztik askotan eta leku desberdinetan entzun eta jaso dut orduko arrastoa. Tentsio haundia, jendea alde eta kontra, batek bukatu orduko bestea, eta ordu-erdi osoan. Askori entzun diet beren bizitzan aditutako bertso-saiorik biziena eta onena izan zela. Eta ez da harritzekoa. Alkantzu haundiko bertsolariak ziran biak eta bat-bateko lanean gutxi bezelakoak. Mitxelena, hitzetan, puntuan eta neurrian etzen beti txukun eta justuan ibiliko baina arrazoitan eta teman beti izan zen indartsua eta bizia. Eta Baserri zer esanik ez.
Bat-bateko eta ustegabeko bertsoak izan ziranez eta magnetofonorik etzegonez, etzen jasotzerik izan. Hala ere bakarren batzuk ibili ziran buruz jasotakoak bezela. Anaiak liburuan dio entzun dituenak ez dutela betetzen. Neronek ere han eta hemen entzun izan ditut eta, hain zuzen, handik hamar urtera Aiako Altzolan jaso nituan eta kuadernotxo xahar batean jaso nituenak plazaratu ditut (ikus bazterreko laukia). Nik ezin esan hitzez-hitz horrela izan ziranik. Itxura badutela eta oairtzundik urruti eta hamar urte beranduago kantatu zizkidatela; beraz, oihartzuna izan zuela eta oihartzun haundia gainera saio horrek alegia. Pentsatzen dut bertso gehiago ere ibiliko dirala ahotz-aho. Jasotzea merezi lukela uste dut, Txirritarenak edo Pello Errotarenak jasoak dauden bezala. Kazabonek bere liburuan ez du saio hontakorik ezer jaso.
Literatur - Sariak
Hain zuzen, Euskal Festen ardatza literatur-sariak izan ohi ziran eta hortarako Batzarre bat izendatua zegoen probintzi-mailan Diputazioaren itzalean. Puntu batek harritu gaitu berehala; hain zuzen, Batzarre hortako lehendakaria Alfredo de Laffitte bat dela eta idazlea, berriz, Antonio Arzac. Laffitte, Arzac, bi abizen gaskoin eta, gainera, Oiartzunen saritutakoan artean Pradere bat, hau ere gaskoina, gaur bearnesa edo okzitanoa esango gendukena. Donostian eta Pasaian gaskoinak bizitzan jarri zirala eta bertako egin zirala gauza jakina da. Ezagunak dira Donostiko Narrika, Ayete, Miramon eta abar. Pasaian ere Trecet eta, seguro aski, gehiago ere bai. Baina, ez da bakarrik bertako egitea, bertako hikuntz-erakunde bateko zuzendari eta bultzatzaile izatea askotaz ere gehiago da. Geroagoko etorkinentzat ez da exenplu txarra.
Sarituen artean, Etxetxiko Migel Antonio Iñarra. Honetaz Jaun Mari anaiak luze eta zabal urtekari hontan idatzi duanez, lan gutxiago neretzat. Oiartzungo historiaz eta semeetaz, berriz, Blas Pradere, Albisturko erretoreak egindako idazkiak irabazi zuen lehenengo saria. Oiartzuar ospetsuen artean hauek sartzen ditu: Lartaun Sebastian, kaputxinoa, Henares-ko Alkalan maisu haundi eta Oinatiko unibertsitatean irakasle izana eta Kuzko-ko (Peru) gotzaia izana, hamaseigarren gizaldikoa; Isasako frai Martin, erlijioso kaputxinoa hau ere, filosofia eta teologia erakutsi zituana Toledon eta Salamankan, hamaseigarren gizaldikoa hau ere; Mendiburu Sebastian, “sermoigile” oso ona eta euskerazko liburu batzuen egilea, Italian, desterruan hil zena (1782); Fagoaga Franzisko, Mejikora jo eta han Konsuladutzako “lenenkari” eta urrearen “Apartatuba”-ren sortzaile eta buru eta liburu batzuk, diru eta menastaz, idatzi zituena; Feloaga Franzisko Antonio, Napoles-ko senadore edo “konsejatzailea” eta beste asko, “gerrariyak” eta abar; Pradere-ren iritzian pisu gutxiokoak ziranak eta guk jaso gabe utziko ditugunak.
Sarituen artean izen ospetsuak, gaur ere ospetsuak diranak, azaltzen zaizkigu: Otaño aitatu dugu lehenago, Lartaun kantaren letragile bezela baina garrantzi haundiagoko saria eman zioten, hitz-neurtuetan egindako Anaitasuna izeneko olerkiari; hain zuzen, Txomin Agirre nobelagile ospetsua izango zenaren aurretik. Artola Josek ere (Pepe famatua) parte hartu zuen gai berean. Mokoroa Baleriano, teatrogilea, eta Oñate Migel, musikaria ere, sarituak izan ziran eta hauek ere ospea izan zuten bere garaian.
Laburtuaz esan dezakegu literatur-sariak emandako uzta oso maila onekoa izan zela.
Baserri-Emaitzen Sariak
Baserriko jenero eta azienden leiaketan saria izan zuten guztien zerrenda osoa eman dugu argitara. (Ikus bazterreko laukia); eta aldizkariak ematen ditun xehetasun guztiekin. Oiartzungoak bakarrik. Pentsatzen dugu sarituen ondorengoak, gehienak behintzat, Oiartzun-aldean biziko dirala oraindik eta begi onez ikusiko dituztela beren aurrekoen izenak eta langintzak.
Zerrenda hori ikusi ondoren, garbi azaltzen da berrikuntzak hasiak zirala Oiartzungo baserrietan ordurako. Batez ere arrazatan azaltzen dira berrikuntza hoiek:
– Egaztietan: Houdan arrazako oiloak Sistiagan; Red Cap arrazako oiloak Beiner-ek (“Suizua” baserritarrentzat) eta Montauban arrazako usoak gizon berak.
– Untxietan: Flandesko koneju haundiak, Beiner-ek;
– Txerrietan: York arrazakin kruzatutako aketza Kanitxipin; York arrazakin kruzeko txerri-emea Peluberrin;
– Behietan: Arraza holandesako miatxua Sein-en; suiza arrazakin kruzeko (1/3) miatxua Juanene-n; suiza-baztan kruzeko zezena Lizarragan; arraza puruko suiza beia Sein-en; suiza arrazako kruzeko (3/4) zezena Otsunen; suizakoekin kruzeko miatxua Makuson;
– Sagardo boteilakoa: Michelena-Urbina, instalazio eta marka propioa; Baraibar.
Ikusten danez, arraza berriak sartzen ari ziran Oiartzunen ere eta behietan gehien azaltzen dena suiza da, geroxeago eta Diputazioaren laguntzaz asko zabaldu zena. Holandes bat ere agertzen zaigu eta, jakina, esneketari ziran Sein-eko baserrian.
Aziendan egondako ukuilluen berri ematen dugu, zein izan ziren jakiteko eta kalean ere ukuilak bazirela ikusteko.
Dena dela, gure aurrekoen berri jasotzen ahalegin bat egin dugu; batetik hain urrutikoak ez diralako eta, bestetik, handik sortutako landareak gerala jakin, aitortu eta haiei eskertzeko. Neretzat, behintzat, poz haundia izan zen gure amonak, Concepción Gaztelumendik mantekilarekin sari bat jaso zuela jakitea. Gure familian oso gutxi ziran horren berri zekitenak –izeba bat eta arreba– eta, lantxo honi esker, berri polit hori eskuratu dugu. Motibo bat gehiago gure amona pozez gogora ekartzeko, hain gozoa zen eta hain maite gendun gure Beinberriko amona Kontxexi, gure “amona haundia”.
Hendaia 1998 maiatza