Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Historia / San Esteban (Oiartzun) Parrokiako erretaula nagusia zaharberritzea
Historia
Oiartzungo San Esteban parrokiako erretaula nagusia, elizaren absidean kokatua, egurrezkoa, urreztatua eta polikromatua, kalitate handiko artelana da, barrokoko garai ezberdinetako elementuak bere baitan biltzen dituena.
Artelan hau gauzatzeko Joan Huizi (maisu trazatzailea) eta Gaspar Ramos (maisu taxutzailea) maisu nafarrengana jo zen. 1629an burutu zen lanaren kontratua eta 1643an erretaula amaitutzat eman zen. Polikromia, aldiz, beranduago egin zen, eta 1661ean Mateo Otsoak sagrarioa eta arkua estofatu eta urreztatu zituen, 1724an Joan Manuel Alkiza Letek gauza bera egin zuelarik lan osoarekin (baliteke gaur egun ikus daitekeen polikromia azken honek egindakoa izatea erabat).
Garai berean, 1726an, hain zuzen ere, erretaula osatzea erabaki zuten, hala, Sebastian Lekuona eta Jose Zuaznabarren barrokoko hornikuntza oparoak gehituz, Gloria, Betiereko Aita eta Oiartzun bailarako ezkutuak, alegia, modu horretan erretaulari amaiera emanez.
San Estebango erretaula barroko-estiloaren fase klasizistan koka dezakegu, garai hartan Gipuzkoan ohikoa zen moduan, erromanismo kutsua izanik. Hala ere, nahiz eta egitura arkitektonikoak Vignola-ren eraginpeko argitasun konposatzaileari jarraitu, bilakaera sakonago baten aurrean gaude, barroko bete-betearen etorrera iragartzen duen apaingarri aberatsez areagotua. Tipologia, elizaren goiko alde garai eta oktogonalak baldintza-tzen du. Atikoak, barroko-hanpatasun handikoa, diseinuaren garbitasuna hausten du.
Erretaula bankuak, hiru solairuk, atikoak eta, bukaera gisa, Gloriak osatzen dute. Horizontalki kale nagusi batez bereizita dago, albo banatan bi kale eta mutur bakoitzean alboko kale bat dituela. Bao eta horma-konkek erliebedun irudiak eta konkor biribildun eskulturak dituzte. Taila interes handikoa da eta Gregorio Fernandezek hedatutako eredu eta formen eragina du, oraindik Joan Antxietaren erromanismo kutsua antzeman badaiteke ere.
Ikonografiari dagokionez, erretaula San Estebani eskaintzen zaio, bere bizitzaren zenbait irudi (Harrikatzea, San Esteban Epailearen aurrean) eta kale nagusian Santuaren irudia erakutsiz. Era berean, Kristoren bizitzaren hainbat pasarte ageri dira (Kalbariora Igoera, Otoitza Baratzean, Atzematea, Zigortzea, Kristo jantziez gabetua, Kristo Pilatoren aurrean, Kristo iraindua, Arantzen Koroatzea, Kalbarioa, Artzainen Gurtza, Errege Magoen Gurtza), eta baita Ama Birjinarenak ere (Igokundea, Ikustaldia, Deikundea), Ebanjelista, Apostolu, Santu, Elizako Doktore, Bertute eta Adan eta Evaren irudiekin batera. Glorian Jaungoikoa eta Izpiritu Santua daude, eta beraiengandik argi-izpiak eta kerubinen buruak agertzen dituzten lainoak hedatzen dira.
Sagrarioak interes handia du eta tenplete forma duten eredu errenazentistei -hainbat solairudunak eta linternarekin bukaeran- erantzuten die, guztia ere Eukaristiari dagozkion irudien bidez edestua. Honela, Melkiades-en Eskaintza, Kanaa-ko Ezkontzak, Emaus-eko Afaria, Azken Afaria eta abar ikus ditzakegu.
Maila historikoan, nabarmendu beharra dago lan honen patroia Oiartzun bailarako Kontzejua izan zela, Bidasoa eta Oiartzun ibaien arteko guztia biltzen zuena, ia Urumea ibaia arte. Parrokia “Lartaungo San Esteban Eliza” gisa ezagutzen zen eta zintegi maila zuen. Nagusitasun honen testigantza erretaulan bertan ageri da, atikoaren berritzearekin batera bailarako armak adierazten dituzten bi ezkutu jarri baitzituzten.
Teknika
Teknikoki, erretaulak garai hartako ohiko premisei erantzuten die tailari nahiz polikromiari dagokionez, biak ere kalitate handikoak.
Erretaula egurrez egin zen bere osotasunean: egitura haritz eta gaztainondozkoa da eta, ondorengo gehigarria, pinuzkoa. Eskulturak, panel apaingarriak eta erliebedun irudiak intxaurrondo-egurrez egin ziren. Irudiak enbor bakarrean tailaturik daude ia erabat, kanporantz irtetzen diren ikur, beso edo bestelako elementuak izan ezik, eta atzeko aldetik moldeatuak hustuta daude lehorketaren zartadurak ekiditeko. Erliebedun irudiak mirubuztan bikoitzez eta errefortzu-langeten bidez elkartutako ohol batez edo gehiagoz eginak daude.
Polikromia ondorengo dekorazioaren oinarri izango den aparailu txuria aplikatuz hasten da. Alde urreztatuetan, gainera, bol izeneko buztin gorria ematen da urrea hobeto finka dadin. Urreztatuak tonu ezberdin ugari ditu, mate eta distiratsuak, osotasunari barietatea ematearren, eta urrezko orri edo ogi karratuen bidez egiten zen, hau da, gailu batek txanponetatik ateratako xafla finen bidez. Polikromatzaileek apainketa-lan handiak egin dituzte, aparailuan grabatu eta zizelatutako motiboetatik hasita, arkitekturaren zati handia betetzen dutenak, horma-konkak eta Santuen bizkarraldeak batez ere. Urrearen gainean motibo estofatu ugari ikus daiteke, teknika ezberdinei jarraitzen dietenak: ojeteatu, marradura eta forma geometriko edo begetalak dituen esgrafiatu sinpletik hasita, lore, landare eta konplexutasun handiagoko beste motibo ugari dituen pintzelaz eginiko estofatuetaraino. Obrak, osotasunean, aparteko aberastasuna erakusten du, bere konplexutasun eta kalitatea nabarmenak izanik.
Zaharberritzea
Zaharberritze proiektu honen helburu nagusia obraren narriaduraren jatorria geldiaraztea da eta, ahal den neurrian, honen ondorioak arintzea. Burutzen ari diren lanak ondorengo puntuetan laburbildu daitezke:
* Desinfekzioa:
- Kaltetutako guneetan egurra finkatzea, batez ere erlaitz eta irtenuneetan, baita eskultura eta irudietan ere.
- Narriadura handia izateagatik zaharberritu ezin daitezkeen egiturako piezak, egurrezko beste berri batzuek ordezkatuko dituzte. Ahal bezain beste pieza mantenduko dira.
Puskaturik dauden eta oinarri-akatsak dituzten erlaitzak eta diseinu zehatzeko elementu arkitektonikoak berreraiki egingo dira. Neurri handiko piezei dagokienez, berreraikuntza hau egurrez egingo da, eta Epoxi araldite erretxinaz, aldiz, oinarri-akats txikiei eta, beren forma irregularra dela-eta, egurraren erabilpena onartuko ez luketen gune kaltetuei dagokienez, alboko ertz polikromatuetan egurrak kalte larriak eragingo bailituzke.
- Erretaularen atzeko aldean hormari lotutako metalezko eskuairak ipintzen ari dira, solairu ezberdinen tablamenduak hauetan eutsi daitezen saiatuz. Modu honetan, erretaularen pisua solairu bakoitzaren gainean egokitzea lortzen da, zama osoa bankuak eta zokaloak har dezaten (saihetsiz).
Eskuairaren barra horizontala plataformen euskarri gisa erabiliko da. Plataforma hauek erretaularen atzeko aldetik ibiltzeko balioko dute, geroko kontrol eta mantenimendu-lanak egitea ahalbidetuz.
- Kolatua askatua duten piezak edota zartatutakoak berriro ere kolaz itsasten dira, askatu diren edota kili-kolo dauden elementuak kokatuz eta finkatuz.
- Kolore-finkadura altxaketak dauden eta erortzeko arriskua duten aldeetan.
- Egurraren eta polikromiaren azaleko garbiketa, brotxa leunez eta zurgagailuz hautsa kenduz.
- Zikinkeri geruza ezberdinen deusezpena, hots, mota ezberdinetako berniz zahar herdoilduak, kolak eta behin eta berriz emandako garbiketa-produktuena. Garbiketa hau disolbatzaile egokien bidez egiten da, beharrezko testak burutu ondoren aukeratuak, eta horretarako Mme. Maschelein-Kleiner-ek Bruselako Ondare Artistikoaren Institutu Errealean ezarritako zerrendari eta Delaware Unibertsitateko Richard Wolbers irakaslearen zerrendari jarraitzen zaio, bai eta Erromako Zaharberritze eta Kontserbazio Institutuko ohiko disolbatzaileak erabili ere.
- Hainbatetan pintatutako azaleretako margoa hala behar denean kentzea aurrez aipatutako disolbatzaileak erabiliz, edo lehorrean, bisturiaren bitartez.
- Purpurinaren deusezpena.
- Kandeletako argizariaren deusezpena aire bero kontrolatuaren aparatuaren (Leister) eta White Spirit-en bidez.
- Polikromia-hutsuneen eta erantsitako piezen iztukadura, beharrezkoa den tokian berrintegratze kromatikoa burutu dadin. Iztukadura modu tradizionalean egiten da, kaltzio sulfato eta animali kolaren bidez, alegia, beti ere kolore-galerara mugatuz eta jatorrizko alde zirkundanteak bere osotasunean errespetatuz.
- Iztukaduren eta hutsuneen berrintegratze kromatikoa, akuarelaz eta Maimeri pigmentoz. Berrintegratze piktorikoa eman dadin, orokorrean, teknika bereizituak erabiltzen dira, distantzia jakin batera irudiaren ikus-berreraikuntza ahalbidetzen dutenak, gertutik zaharberritutako eta jatorrizko aldeak argi eta garbi bereizten utziaz. Honela, ahalik eta gutxien eragingo da jatorrizko piezan.
- Polikromiaren azken babesa Paraloid B72ren bidez egingo da, eta egurrarena, argizari birjinaren eta Cosmolloid 80H argizari mikrokristalinoaren bidez.