Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / Hain gurea zinelako maite zintugun, Usue"
Ikasturte hasiera hau ez da nolanahikoa izan Haurtzaro ikastolan. Izan ere, udako oporretan ginela jakin genuen bertako irakasle bat gaixorik zegoela, eta klaseak hasi bezain agudo, Usue Juanes Rekaldek utzi gintuen betiko.
Joan den ikasturtetik gaixorik bazegoen ere, inor gutxik espero genuen horrelako bukaera. Azkeneko hogei urteetan gure artean aritu izan da buru-belarri lanean. Irakasle fina eta langile porrokatua. Heriotza honek Ikastolako kideen barrenak astindu zituen, eta argi geneukan berak utzitako hutsunea ezin izango genuela nolanahi bete. Asko kostatzen ari zaigu sinestea bera ez dela berriro gure artean izango.
Usue Juanes Rekalde Haurtzaro ikastolan 1980. urtean hasi zen lanean. Hogei urte zituen eta Haur Hezkuntzako prestakuntza baldin bazuen ere, Lehen Hezkuntzan hasi zen, eta bertan jardun zuen bukaera arte. Azkeneko ikasturteetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan aritu zen irakasle lanetan, frantses arloko arduradun gisara, besteak beste.
Usue Juanes Rekalde 1960ko urriaren 3an sortu zen, Madrilen, bere amaren gaixotasun batengatik. Bere gurasoak Manolo Juanes Pikabea eta Manolita Rekalde Urdanpilleta dira. Aita kalekoa, eta ama, berriz, Garro baserrikoa, Ugaldetxokoa.
Hamabi egun zituela etorri zen etxera, eta familiako bigarrena zen bera.
Bere anaia zaharrena Joxe Mari zen, gerora bere irakaslea izango zena.
Txikitan neska lasaia eta alaia zen Usue, oso haurtzaro zoriontsua izen zuela zioen berak ere. Bost urterekin hasi zen ikasten, Mercedarias mojek zeukaten eskolan, eta handik, 11 urterekin, elizako eskolara joan zen, batxilerrean jarraitzera.
Garai honetan hasi zen solfeo ikasten, Felipe Azpirozekin hain zuzen ere. Eta geroago txistua jotzen ikasi zuen Yon Oñatibiaren eskutik. Hala, behin ikasi eta gero, gustukoa zuen txistua jotzea xanistebanetan, saninazioetan… Garai honetan, bere lagun minak Mª Teresa Iturriotz Oñatibia, Itziar Cruz Oiartzabal eta Arantza Mendizabal ziren.
Hamahiru urterekin, Errenteriako Koldo Mitxelena institutura joan zen, eta han amaitu zuen UBI. Handik Unibertsitatera jo zuen. Etxean erizain izateko animatzen bazuten ere, Usuek ez omen zuen ogibide horretan jardun nahi.
Honela bada, gurasoek beren laguna zen Emeterio Sorazu apaizaren bitartez jakin zuten Donostian euskarazko Irakasle Eskola irekitzera zihoazela, eta horrela animatu zen Usue Irakasle ikastera.
Garai honetan frantsesa ikasten ere jardun zuen. Horretarako hainbat udatan Iparraldera joan zen, Bokale herrira hain zuzen, frantsesa ikastera. Eta ederki ikasi, gainera. Gerora Haurtzaroko frantseseko irakaslea izan zen.
Irakasle ikasketak hiru urtez egin zituen eta ikasketen praktikak Haurtzaro ikastolan egin zituen Mª Luisa Irastorza irakaslearekin. Eta bukatu eta berehala hasi zen ikastolan lanean, 1980. urtean hain zuzen ere.
Ikastolan ezagutu zuen bere senarra izango zena ere, Elias Arizmendi. Eta berarekin batera murgildu zen Harri-Beltza elkartean. Hiesaren aurkako Harri-beltza elkartea 1994 urtean sortu zen, gaiarekin kezkaturik zegoen pertsona talde batek bultzaturik.
Bere helburu nagusiak bi ziren: kalte eginiko pertsonei laguntza emozionala eskaintzea eta gaixotasunaren hedapena oztopatzeko prebentzioa lantzea.
Usue, berehala izan genuen gure artean bere laguntza eskainiz, bi erronka hauek aurrera atera nahian.
Lehenik eta behin, prestakuntzaz gain, taldekideen arteko harremanak sendotzen dituen hiesaren inguruko ikastaroa egin zuen, eta hortik aurrera, lanean hasi zen Harri-beltzako aktibitateetan parte hartuz.
Hiesaren inguruko prebentzio eta sentsibilizazioa lantzeko, hitzaldiak prestatu eta ematen lan ugari egin zuen.
Pertsonen arteko harremanei garrantzi handia ematen zienez, laguntza emozionala behar zen momentuetan, han zegoen beti Usue, bere begirada goxoarekin, laguntza eskaintzeko prest.
Urtean zehar, Harri-beltzak, kanpora begira antolatzen ditu zenbait ekintza, eta hauetan ere, bere parte-hartzea sentitzen genuen: Errenteria–Oreretako eta Oiartzungo txosnetan, hiesaren aurkako nazioarteko egunaren inguruko aktibitateetan. Urteroko kontzertuetan...
Gure artera etorri zen momentutik.
bere begiradak
bere irrifarrak
bere algarak
maitasunez hornituriko bere presentziak
Harri-beltzako espazio eta harremanak berotu zituen eta horixe da, gure bihotzetan utzi duena, eta guk gure aldetik, altxor moduan gordeko duguna.
Usueren hileta elizkizunean eta Aiako Harrian berari eskainitako omenaldi xumean irakurritako pasarteak ekarri nahi ditugu orain hona, berarekin ditugun zorrak kitatzen joateko. Izan ere, bere urte onenak Haurtzaro ikastolan eman zituen eta hori guztiz eskertzekoa da.
Hauxe da ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek ziotena une gogor haietan:
AGURRIK EZ
GERO ARTE BAIZIK
Bihotzean min dugu, min etsia,
Negar isila darion mina.
Adiskide bat genuen; gaur, usoak
Etorri garaiez, aldegina.
Hil ez da hilko,
Guk ez badugu nahi.
Bizi irrikaz zegoen
Gure maitasunaren zai;
Haren susper – beharrez
Goazen noranahi!
Bizkor urra ditzagun
Malkar eta zelai.
Bihotzean min dut, min etsia,
Zotinik gabeko negar – mina.
Halatsu; txoriak uda – ondoz,
Negua du galazi – ezina.
URAK DAKARRENA
URAK DAROA,
BAINA ZUK EMANDAKOA
GUREKIN GERATZEN DA.
AGURRIK EZ, GERO ARTE BAIZIK.
ZURE IKASLE OHIAK
Gure irakasle eta lagun ona zara.
Zu gure alboan izateak, merezi izan du
Momentu onak pasa baititugu elkarrekin.
Gure artetik,
Bihotzean hutsune handi eta sakona utzirik joan zara,
Baina, beti izango zaitugu gure oroimenean.
Jakin ezazu, Usue, asko maite izan zaitugula,
eta orain gure
Alboan ez egon arren, maitatzen jarraituko zaitugula.
Zure Ikasleak
Irrifar goxo bat zenun
Beti zure aldamenean
Poztasuna nabari zen
Zure begien aurrean
Denak maitatzeko leku
Anitz zenun bihotzean
Konfidantza eman zenigun
Lehendabiziko klasean
Baina iaz topatu zinen
Min bortitz baten menpean
Ta heriok eraman zaitu
Gutxien uste genuenean
Zulo sakona utzi duzu
Gu denon bihotz barnean
Betirako geratuko
Zara gure oroimenean.
Edozein ahalegin antzu
Geratua da jadanik
Nahiz orain ezin dun inork
Onartu horrelakorik
Neska on baten oroipen
Leiala daukagu soilik
Gure bihotzen barnean
Sakonki zaude sarturik
Usue orain ez dago
Merezi duzun agurrik
Ez dugu ezer esango
Gero arte bat bakarrik
Muxu ta besarkada bat
denen partetik
Eta ez pentsatu inoiz
Ikusiko ez garenik.
Doinua:Habanera
USUE, ZUGANDIK
Zu zaren keak goza arazi
digun suaren aitortza...
zu zaren urak mugitu duen
errotarriaren hotsa...
bihurtu zaren isiltasunak
gu baitan duen ahotsa
da gu garen bidezidor hortan
taupaz ari den bihotza.
Zure ondora naraman hori
gogamenetik zait jaulki, zureganako hitzak nahi ditut
emozioz erabaki.
Lotura baten sentimenduaz
maitasunak asko daki:
Hari bat zela uste genuen;
zilbor-hestea izaki.
ikasle ohiak
***
BENE-BENETAN
Haurtzaroak asko markatzen omen du norbere izaera.
Bizitzaren zentzua ikasten eman genituen lehen urratsetan lagun izan zintuztegun.
Eskutik heldu gabe, bakoitzari bere bidezidorra aurkitzen lagunduz, ia-ia aurkitzera derrigortuz, gugan sinestuz, orduko urratsetan lagun izan zintuztegun.
Ikastola bukatu genuenean, haurrak haurregi iruditzen zitzaizkigunean, helduek haurtzat gintuztenean, gaztaroaren lehen urratsetan lagun izan zintuztegun.
Eta orain, zeuen eredua, askatasunarena, arrunkeriatan erori gabeko sinpletasunarena; zeuen eredua izango dugu lagun bizitzaren filosofia ulertzen hasi garen lehen urratsetan.
Haizezko laztan bat zuretzat, panpoxa
Ikasle ohiak
Ez dakizu, Usue,
zein zaila egiten ari zaigun sentimenduak hitzetan jartzea. Zein zaila guregan izan duzun eraginaren berri adieraztea.
Nola jakin udazkeneko egunik ederrena aukeratuko zenuela hegan egiteko.
Hala ere, hemen dago zure habia eta
goxatzen gaituzten zure irri ozenak, zure begi handi argiak,
zure laguntasun hitzak,
zure kemena eta izaera berezia,
zure sinesmen eta eguneroko lanean
inplikazioa.
Eta orain konturatzen gara
zure lankideak izanik,
irakasleak izanik, zurekin ikasle izan gaituzula
BIZITZAREN ETA BIZITZEAREN etengabeko lezio honetan.
Bai Usue; agur nola esan ezin asmaturik,
zuregana joan nahi duten bihotz hauen taupadak
xamurtu nahirik, hara zertaz ohartu garen:
ZURE AGURRA LASTER ARTE BAINO EZ DELA.
Zure hegada
ez dela ihesi joatea izan, udako oporren luzapen bihurria baizik.
Uso zuria errazu
Nora joaiten zira zu
Bide luzea, ARGIZ BETEA
Inon topatzen badezu,
Txolarte eta ostatu
Gure artean badezu.
ESKERRIK ASKO USUE!!
HARRI BELTZA ETA HAURTZARO IKASTOLA