Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / Hilabete Peruko Andeetan
2000. urteko udaberrian gauden honetan, lau lagun elkartu gara Mikelazulo tabernan mendirako planak egiteko: Patta, Txomin, Xabi Bla eta ni, hiru oreretar eta oiartzuar bakarra. Gure helburu nagusia Peruko Andeetako zenbait mendi eskalatzea da, baina turismo pixka bat egiteko ere aprobetxatu nahi dugu.
Oporrak egun ezberdinetan dauzkagunez, Patta eta Xabi gu baino astebete lehenago abiatu dira. Turismoa eginez aklimatatzen hasteko aprobetxatuko dute. Txomin eta ni berriz, egun baten aldearekin aterako gara.
Iritsi naiz Limara, maiatza bukaera da, eta hauteskunde bezpera. Toledoren jarraitzaileak bero-bero daude Fujimoriren ustelkeria dela eta.
Elkartu gara laurok Liman, edo hobeto esanda bostok, Cuscon zegoen Altzako Alberto Pitu gurekin baitator mendira. Mendi inguruan dagoen herrira eramango gaituen autobusa bi egun barru hartuko dugu. Bitartean, Liman zehar paseatzeko aprobetxatuko dugu. Plaza de Armas, Barranco eta Alde Zaharra bisitatzeaz aparte, Peruko lehendakaria izateko hautagaia den Alejandro Toledoren mitin batera ere joan gara; Euskal Herritik 10.000 kilometrotara etorri eta hemen ere politika kontuetan sartzen, hau da hau umorea daukaguna.
Bagoaz azkenean autobusean, poliki-poliki altuera hartuz. Paisaia altuerarekin batera aldatzen ari da; kostaldeko bero eta basamortutik abiatu eta azukre kainaren berdetik pasatuz, mendi aldeko harri beltz eta elur zuri hotzetaraino. 4.000 metrotara dagoen lepo batetik igaro ondoren 3.000 metrotara dagoen Huaraz izeneko herrira iritsi gara.
Huaraz, Ancash izeneko departamendu edo probintziako hiriburua da, mendizaleon topagunea, luxuzko oinarrizko kanpamendua. Iritsi naiz Huarazera, azkenean. Hasi naiz toki ezagunak ikusten: Luzuriaga kalea, Euskal Herria taberna, Tambo diskoteka, oilasko erre bikainak egiten dituzten Robles jatetxea eta, nola ez, nire lagunak, bertan bizi diren artisau, mendiko gidariak, zerbitzariak eta abar, izan ere, hiru urte lehenago egona naiz.
AKLIMATAZIOA
Eguraldi ederrarekin jaiki gara; gaur hoteletik ikus ditzakegu inguruko mendiak, zoragarria! Gosaldu ondoren, kantinplora eta janaria hartu eta aklimatazioarekin hastera goaz, 4.500 metrotaraino igotzea da gure helburua. Llupac izeneko herriraino eraman gaituen furgoneta utzi eta bagoaz poliki-poliki mendian gora, jendearen parean pasatzerakoan "regálame caramelo, gringo" eta "regálame plata, gringo" bezalakoak entzuten ditugula.
Pitec izeneko herrian gaude, 3.800 metrotara, atseden txiki bat hartu, ura edan, pixka bat jan eta animo, orain heldu dira maldarik gogorrenak. Churup izeneko lakutik jaisten den errekaren bazterretik goaz beti, ez dago galbiderik, bidea luzea egiten ari zait, baina bistan ditut lakura iristeko igo behar ditugun paretak; igoera laster bukatuko den seinale. Trepada erraz baten ondoren iritsi gara azkenean, lakuaren izen bera duen mendiaren magalean gaude, inguruarekin flipatzen. Bertako ur gardenek bainua hartzera gonbidatzen gaituzte, baina ukitu orduko joan zaizkigu gogoak, halako altueran ur bero gutxi izaki!
Bapo jan eta edan ondoren, bagoaz goitik behera, motxila hutsik baina burua kargaturik; hasi naiz altueraren opariak jasotzen (buruko mina). Ematen dudan salto bakoitzean oparia irekitzen zait, aspirina nahi dut!
Gauez iritsi gara herrira; biharko janaria erosi eta motxilak egin ditugu, goizean Pisco izeneko mendira joatekoak baikara. Hona iritsiz geroztik, ez dut lagunik ikusteko aukerarik eduki; ea Piscotik itzultzean lasaiago hartzen dugun.
PISCO (5.752 mt.)
Goiz jo du despertadoreak. Gosaldu eta nagiak kendu ondoren, Yungayraino joan gara furgoneta batean. Han, Llanganucora doana hartu eta azken lakua pasatu ondoren deskargatu ditugu motxilak. Hemen hasten da mendia.
Bidea ezagutzen dut, eta pazientziarekin hartzea pentsatu dut; taldeko azkena naiz, baina motxilak eta tripako minak ez didate azkarrago joaten uzten. Emergentziazko geldialdi bat egin ondoren, askoz hobe sentitzen naiz, atzean gelditu dira nire tripako minak harri baten azpian. Handik aurrera hobeto joan naiz, eta Txomin eta Xabi harrapatu ditut (hauek ere ez doaz oso ondo).
Lau orduren buruan iritsi gara oinarrizko kanpamentura. 4.500 metrotara gaude, eta afaldu ondoren gauzak okertzen hasi zaizkit: pultsua dardarka daukat, mareatua sentitzen naiz, buruko min handia daukat eta izerdi hotza gorputz osoan. Uste dut etzanda jarriz gero afaria botako dudala. Txomin eta Pitu ere antzera daude.
Ez dut ia lorik egin. Izerdi hotza eta botatzeko gogoa joan badira ere, buruko minarekin eta dardarekin jarraitzen dut. Gaur ekainaren bata da, nire amaren urtebetetzea, ni baino hobeto egongo al da baldimetan! Hemendik jaisten garenean zorionduko dut.
Gure gaurko asmoa 5.100 metrotara dagoen leporaino igotzea da. Goizeko bederatzietan abiatu gara, eta hamarretarako morrenaren sarreran geunden; 40 metrotako rapel batekin, harrien labirintoan sartu gara. Harri eta arroken artean hiru orduz ibili ondoren, glaziarrera iritsi gara, pioleta eta kranpoiak jantzi eta aurrera, ea ordu bietarako iristen garen lepora.
Oso gogorra egin zait igoera, sei orduz ibili ondoren iritsi gara lepora. Arratsaldeko hirurak dira. Arropa aldatu, hornilloak martxan jarri eta kanpinak muntatu ondoren, esterilla eta zakua jartzen hasi naiz. Ze gogorra egiten den hau, etzanda jartzea beste nahirik ez denean! Zakua luzatzen bukatu aurretik korrika irten behar izan dut tripan neukan guztia botatzeko. Ez da erraza sentitzen dudana deskribatzea, buruko mina, mareoak, nekea, botatzeko gogoa eta abar; bi hitzetan esateko, pena ematen dut, ez dakit hainbeste sufritzea merezi ote duen!
Arratsaldeko seiak aldera eguzkia mendiaren atzealdean ezkutatzen hasi da, eta horrekin batera, tenperatura jaisten. Zakuaren barruan gaude, ai zeinen ondo egongo nintzatekeen ongi egonez gero! Ea lo egitea lortzen dudan.
Goizeko zazpietan esnatu gara; hotz egiten du, kanpinaren barruan zegoen lurrina izoztuta dago. Gaua ez dut hain gaizki pasatu, baina oso luze egin zait. Zakuaren barruan arropa janzteko ahaleginean ari nintzela hankako bola igo zait, horixe bakarra falta nuen! Hala ere, hobe hau galtzontzilotan kanpora ateratzea baino. Zakuaren barruan sartuak neuzkan arropa beroak jantzi ondoren atera naiz dendatik, sua martxan jarri eta tea gosaltzen saiatu naiz, baina potoa hustu aurretik tripak hustu ditut botaka. Ondoren kafesnearekin saiatu naiz eta, zorionez, gustura hartu dut.
Gorantz lasai-lasai abiatu gara, bidean atseden asko hartuz; hala ere, asko kostatzen ari zait igoera. Tripak gaizki dauzkat eta ezin dut urik edan; edaten hasi orduko botatzeko gogoa etortzen zait.
Goizeko hamaiketan zapaldu dugu gailurra, 5.752 metro. Azkenean! Espero dut sufrimendu honek guztiak gutxienez ondo aklimatatzeko balio izatea. Argazkiak atera eta behera. Txomin eta biok gaizki goaz, bera ere botaka ibili da. Kanpinak ditugun tokira iritsitakoan barrura sartu eta etzanda jartzea besterik ez dugu desiratzen, baina altuera galtzea hobe izango dela pentsatu dugu, eta dena desmuntatzen hasi beharra dago. Motxila egiten ari garen bitartean elurra urtzen jarri dugu, ea kafesnea gutxienez onartzen didan gorputzak. Azukre askorekin hartu dut eta indarberritu naiz. Txomin, ordea, berdin dago eta majo sufritu beharko du morrena gurutzatzeko.
Morrena bukatzen den tokian gaude, atzo jaitsi genuen paretaren azpian hain zuzen. Gure ondoan porteadore bat dago, bizkarrean dituen 40 kiloekin igo ezinik. Hura sokarekin lotu eta motxila igotzen lagundu ondoren, gu igo gara. Hamar minuturen buruan dendak muntatzen ari gara oinarrizko kanpamenduan. Ahal den guztia jan eta edan, eta bihar herrira, hau poza!
Huarazen pasatu ditugun hiru egunetan denetik egin dugu: jan, edan, atseden hartu, herria bisitatu, erosketak egin, dantza diskotekan, lagunak bisitatu, etab.
ALPAMAYO (5.947 mt.)
Ekainaren 6a da. Atzo dena prestatu ondoren hurrengo mendira abiatzeko asmoz, gaur goiz jaiki gara. Helburua: Alpamayo. Goizeko 06:00etan jaiki eta gosaldu ondoren, Carazeraino eramango gaituen furgoneta hartu dugu lehenik, eta Cashapamparainokoa ondoren. Hemen hasten da oinezko bidea eta, Piscon ez bezala, astoak hartuko ditugu oinarrizko kanpamenduraino igotzeko. Hiru asto eta astazaina.
Arratsaldeko 17:00etan iritsi gara lehenengo etaparen amaierara; laster ilunduko du, eta dendak muntatu ondoren, afaltzen hasi gara. Bihar oinarrizko kanpamenduan egongo gara ordu honetan.
Goizeko eguzkiak dendak lehortu dituenean, dena desmuntatu eta astoak zamatu ditugu. Bagoaz aurrera, bailararen bukaera gero eta hurbilago ikusten dugu, zoritxarrez, lainoturik dago eta euria ari duela dirudi. Zorte txarra. Xirak gainean ditugula iritsi gara Alpamayoren oinarrira. Euria ari du goian-bian. Txabola bat aurkitu eta berehala okupatu dugu (horrelako aukerak ezin dira alferrik galdu). Gaurko asmoa morrenaraino porteo bat egitea zen, baina, eguraldia ikusirik, txabolaren babesean gelditzea erabaki dugu. Arratsaldea kartetan jolasten pasatu dugu.
Pituk gau guztia eztulka pasatu du, eta ez digu lo askorik egiten utzi. Eguraldiak berdin jarraitzen du: oinarrian euria eta goian elurra. Hala ere, porteo bat egitea erabaki dugu. Altuera honetara ohiturik gaudenez, morrenarainoko bidea arazorik gabe egin dugu. Bertan bi denda, janaria, plastikozko botak eta eskalatzeko material guztia utzi ditugu. Gero txabolara itzuli gara, kartetan jolastuz hurrengo egunerako planak egitera. Afaldu eta lotara.
Pituren eztula okerrera doa, eta gaur ere lo gutxi egin dugu. Trasteak hartu eta txabolatik bagoaz; Albertok itzultzea hobe badu ere gora egin nahi du. Morrenako kanpamendua antolatu eta bazkaldu ondoren, Pituk ez beste guztiok bigarren kanpamendura porteo bat egitea erabaki dugu. Oraindik nahiko denbora badaukagu, eta indarrez ondo gabiltza.
Eguraldiak txarretik jarraitzen badu ere, aldaketa datorrela dirudi. Arratsaldeko 14:00etan, bigarren kanpamendura iristeko 100 metroren faltan, korridore maldatsu batekin egin dugu topo. Eguzkiak goiko izotz blokeak gurituak ditu honezkero, eta arriskutan sartu gabe, material guztia bertan utzi eta behera jaitsi gara. Bihar goizago pasako gara.
Beste gau txar baten ondoren, Pitu badoa behera. Kostata baina azkenean egin du egin beharrekoa. Gu, motxila hartu eta gora goaz. Eguraldi ona daukagu eta aprobetxatu beharra dago. Atzo utzitako materiala jaso eta korridorean barna bigarren kanpamenduraino igo gara eguzkiak gehiegi berotu aurretik.
Hornilloa martxan dago elurra urtzen, 11 litro egin ditugu afaltzeko, edateko eta biharko. Motxila prest utzi eta lotara lehenbailehen. Goizeko ordu batean jarri dugu alarma.
Iritsi da egun handia; ederki lo egin ondoren, gogotsu jaiki naiz. Gosari ederra hartu eta bagoaz laurok gorantz. Gailurraren eta gure artean 350 metroko izotzezko horma ederra. Gure aurretik doan talde baten atzetik goaz eta beraiek hartutako bide okerra hartu dugu; ohartu orduko, paretan sartuak gaude. Kontu handiz jaitsi ondoren aurkitu dugu bide zuzena. Orain heldu da zatirik politena. Patta eta Xabik sokaldi bat osatzen dute, eta Txomin eta biok bestea. Bost ordutako eskalada bikainarekin gozatu ondoren, pareta bukatzen den ertzeraino iritsi gara. Ertz honi 40 metroz jarraitu eta gailurra zanpatu dugu. Amildegiak sortzen duen hutsaren sentsazioa ikaragarria da. Gailurraren alde banatara 800 metroko erorketa zuzena daukagu.
Gailurraz disfrutatu ondoren, jaitsierarekin hasi gara. Rapelak bata bestearen atzetik doaz inongo arazorik gabe, bat, bi, hiru... Zazpigarren eta azken rapelean gaude. Xabi jaisten ari dela, sokari eusten dion eztaka atera eta amiltzen hasi da. Eztakak Txomin jo eta bera ere badoa Xabiren atzetik Patta berarekin eramanaz. Haiei lotzen nauen zinta tentsatu denean, pisu guztiari nire bi pioletek eutsi diote. Zorionez, dena susto handi batean geratu da.
Ekainak 13, Huaraz. Patta, Txomin eta Xabirentzat bukatu dira oporrak. Bukaera ederra eman eta ospatzeko, diskotekan bailable batzuk bota ditugu eta afari eder bat prestatu digu Xabik; sukaldaria izaki. Pituri lau egun gelditzen zaizkio eta hauek beste mendi bat egiteko aprobetxatuko ditugu.
TOCLLARAJU (6.032 mt.)
Igoera azkarra egin dugu; lehenengo egunean, oinarrian gelditu beharrean, lehenengo kanpamenduraino igo ginen, egun bat aurreratzearren. Goizean goiz jaiki eta laino artean abiatu gara. Elurra egin du gauean eta orain haizea harro dabil. Gailurrera iristeko dagoen horma eskalatu ondoren, argazki pare bat atera eta segidan hasi dugu jaitsiera. Hormako elurra guritzen hasia da, eta lehenbailehen jaitsi beharra dago.
Pitu ere etxera bueltatu da, bakarrik gelditu naiz eta hamar egun dauzkat aurretik. Herrian ezagututako Suediako mutil batekin Huascarana joateko plana egin dut. Bere izena Ulrik da, eta nahiz eta aklimatazioz justu egon, animatu egin da.
HUASCARAN (6.768 mt.)
Musho izeneko herrian asto bat eta astazaina kontratatu ondoren abiatu gara Huascarango oinarrizko kanpamendurantz. Aurretik 1.500 metroko desnibela dugu.
Oinarrizko kanpamenduan jende asko dago, baina aurkitu dugu denda jartzeko tokia. Nahiz eta motxila txikiarekin igo, nabaria da hanketako nekea. Afaldu ondoren, aurrean dugun ikuskizun ederraz gozatzen ari gara: San Joan bezpera izaki, bailara argi puntuz josia ageri da. Hemen ere sua egiten da urteko egunik luzeena ospatzeko.
Goiz samar jaiki gara. Gaur egun luzea daukagu aurretik, beste 1.000 metroko desnibela eta, oraingoan, astorik gabe. Ulrik aklimatazio falta nabaritzen hasi da, eta 5.500 metrora dagoen lehenengo kanpamendura iristea kosta egin zaio. Bera iristeko, denda muntatua neukan eta afariarekin hasia nintzen. Altuera honetan, oraindik, gorputzak janaria eta edaria ondo onartzen dizkio, eta honek esperantzak bizirik mantentzen dizkigu bioi. Hurrengo egunean igo beharreko desnibela txikia da, baina zartaduraz jositako glaziarra gurutzatu behar dugu.
Gauean elurra egin du, baina goiza garbi argitu da. Uste baino puskatuago aurkitu dugu glaziarra eta denbora ugari pasatu dugu pitzaduren arteko labirintutik irteteko. Bidean jende asko gurutzatu dugu, ez du inork gailurra zanpatzerik lortu, gaueko eguraldi txarra dela eta. 6.000 metrora dagoen bigarrengo kanpamenduan 11 pertsona elkartu gara: Hiru frantses, iparramerikar bat, lau perutar, Guatemalako bat, Ulrik eta ni.
Gaueko hamabiak dira. Ikaragarrizko hotza egiten du eta kanpoan nago gosaria berotzen. Elkarrekin gosaldu ondoren, Ulrikek gaizki sentitzen dela eta jaitsi egin beharko duela esan dit. Azkenean, estatubatuarrarekin abiatu naiz.
Hasi eta gutxira, materiala egokirik ez duela ikusi dut, eta horrela jaitsieran arazoak izan ditzakeela esan eta buelta emateko aholkua eman diot. Ondoren bakarrik jarraitzea erabaki dut. Uste nuen baino luzeagoa egin zait gailurrerako bidea: 9 ordu. Lehena nindoanez, arrastoa bide erdia baino gehiagoz irekitzea suertatu zait. Nekagarria.
Gailurrean atseden txiki bat hartu eta beherantz abiatu naiz. Ulrik dagoen tokiraino jaisteko bide luzea dut aurretik. Bigarren kanpamendurainoko bidea ordu batean egin ondoren, dena desmuntatu eta beherantz jarraitu dut lehenengo kanpamendua pasa eta morrenaraino iritsi arte. Bertan, Ulrik zopa eder batekin daukat zain.
Ekainak, 30, Huaraz. Iritsi da nire despedida ere; bertako lagunekin parrandan ibili ondoren, Limara noa Marijorekin elkartzera. Aurretik hilabete oso bat daukat turismoa eginez galdutako kiloak errekuperatzeko; orain hasiko dira nire oporrak!
Oier Etxebeste Madariaga
ESKERRAK: Pako Gartziari eskalatzen erakusteagatik, Jon Iragorriri izotzetan aseguratzen erakusteagatik eta Giriziari mendizaletasuna bultzatzeagatik.