Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / Iker Leonet Iza, Txirrindularitzan Gipuzkoako jubeniletan txapeldun
Iker Leonet oiartzuar gaztea da. Gaur egun Oiartzo Batxilergo Ikastolan ikasten ari da, eta ikastearekin batera, txirrindularitzan oso fuerte dabil. Horren lekuko, aurten txapelduna izan da Gipuzkoa mailan jubenil kategorian. Aitzakia behar genuen berarekin hitz egiteko, eta hona hemen gure jakin-mina nola ase digun.
Iker, badakigu oiartzuarra zarela, baina esan iezaguzu nor zaren, noiz jaioa, zure gurasoen izen abizenak...
Iker Leonet Iza naiz, 1983 urteko abenduaren 10ean jaioa. Nire gurasoen izen-abizenak Jose Leonet eta Nekane Iza dira, baina hauez gain Markel izeneko anaia ere badaukat.
Noiztik daukazu afizio hau? Nola sortu zitzaizun? Noiztik hasi zinen bizikletarekin?
Txirrindulari izatearen afizio hau txiki-txikitatik heldu den zerbait da niretzat. Izan ere, txikitan nire lagun koadrilan afizio handia zegoen kirol honekiko, irtenaldi asko egiten genituen mendi aldera. Eta, gainera, nire familiak ere afizio handia duenez, askotan joan ohi nintzen bizikletan ibiltzera, bai nire aitarekin eta baita nire osabarekin ere. Hala ere, zoritxarrez, nire koadrilako lagunek hamabost urte ingururekin afizioa galdu zuten; hala eta guztiz ere, nik beti jarraitu dut bizikleta gainean. Umetatik ibili banaiz ere bizikletan, esan beharra daukat txapelketa munduan aurreko urtean sartu nintzela; hau da, jubenilen lehenengo urtea egin nuen iaz, eta aurten jubenil mailako bigarren urtea betetzen ari naiz.
Badakigu txirrindularitzarekin harremanik badagoela zure familian.
Nire familia erabat sarturik dago txirrindularitza munduan. Alde batetik, nire aitaren gaur egungo afizioa aipatu beharra dago, eta bestetik nire amaren anaia gehienak, hiru anaia zuzenago esanda, txirrindulariak izanak dira beren gazte denboran. Hala ere, nire osaba horien artean Bixente Iza azpimarratu beharra daukat; izan ere, bi urtetan, txirrindulari profesionala izan da eta gaur egun ere mundu horretan guztiz sarturik dago, Banesto taldeko masajista baita. Beraz, nire familiaren aldetik laguntza eta animoak ez ditut behin ere faltan izan, eta ez ditut izango ere; eskertzekoa da!!
Gipuzkoako jubenilen txapeldun izan zara. Nola lortu duzu horrelako saria?
Egia esan, bat-batean etorri den zerbait izan da. Lasterka hasieran banekien proba polita zela niretzat, baina noski, halako proba bat irabazteko zorte handia eta egun ona eduki beharra dago; biak bat etorri zirenez egun berezi horretan, eskua altxatzeko parada izan nuen Lazkaomendiko helmugan. Baina horrelako proba bat lortzeko ez da inongo milagrorik egin behar, lasterketa guztietan aurrean ibiliz gero, seguru egunen batean iritsiko dela; hori bai, pazientzia ezinbestekoa da.
Gaur egun zein talderekin zabiltza? Ba dago oiartzuarrik talde horretan ? Zeintzuk dira? Zein da zuen entrenatzailea?
Nire konpetizioko bi urteak Orereta herriko Bruesa Laguntasuna taldean eman ditut. Talde hau 12 pertsonak osatzen dugu, eta bertan bi oiartzuar gaude. Nire taldekidea eta herrikidea Unai Lekuona da, hain zuzen ere, eta hau da bere lehenengo urtea gure artean. Gabierrota auzoko talde hau zuzentzen dutenak Niko Santesteban eta Iban Zapirain dira, baina entrenatzaile lanak Ibanek egiten ditu, nahiz eta batzuetan Nikok ere lagundu.
Maila horretara iristeko, zenbat entrenatzen zara eta non batik bat? Elikadura berezia egiten duzu? Zertan?
Txirrindularitzan eguneroko entrenamendua oso garrantzitsua da, baina betiere jubenil mailatik gora. Ni momentu hauetan asteko sei egunetan entrenatzen naiz, egunero 2 ordu gutxi gorabehera.
Argi eta garbi dago Oiartzun inguruko herri guztietako trafikoa oso arriskutsuak dela; horregatik, normalean iparraldera jotzen dugu entrenatzera; Hendaia, Azkaine, Senpere eta inguru horietako herrietara hain zuzen ere; hala ere, aste bukaeretan, denborarik falta ez zaigunez, Zarautz eta Zumaia aldera jotzen dugu, betiere hemengoak baino lasaiagoak diren errepideen bila.
Momentuz behintzat ez dut inongo elikadura berezirik egiten, nahiz eta litxarkeria guztiak saihesten ditudan, edozein kirolarik egingo lukeen moduan. Hala ere, konpetizio aurreko egunean beti makarroiak jaten ditut, digestioa hobeto egiteko asmotan.
Zure lagun artean ba dago beste txirrindularik? Aste bukaeretan zer egiten duzu?
Lehen aipatu dudan bezala, nire koadrilako lagunek aspaldi galdua dute bizikleta gainean jartzeko gogoa. Baina, hala ere, nire taldekoak ere niretzat oso lagun onak dira; beraz, lagun faltan ez nago momentu hauetan.
Aste bukaeretan, lasterketak aste orduan izaten ditugunez, ez daukat nire betiko lagunekin egoteko aukera handirik, zoritxarrez; baina libre nagoenean, beraiekin ibiltzen naiz.
Ikasketak, kirola, ez da hain erraza izango bien arteko uztarketa. Nola moldatzen zara?
Orain artean behintzat kirola eta ikasketak biak batera eramateko gai izan naiz, nahiz eta momentu larriak pasatu behar izan ditudan. Izan ere, txirrindularitza oso kirol gogorra eta neketsua da, eta entrenamendu gogor baten ondoren oso gogo gutxi izaten da ikasteko, eta, gainera, entrenamenduek ordu asko kentzen dituzte.
Aurrera begira, zein izango dira zure hurrengo urratsak?
Oraingoz behintzat aurtengo Jubenil mailako bigarren urte hau ahalik eta hobekien amaitzea. Jadanik bi garaipen lortu ditut, baina gehiago lortzeko esperantzan naiz; izan ere, txirrindako garaia irailaren azken asteetan amaitzen baita, eta nire moduan hor aurrean ibiliz gero, horrelako esperantzak mantendu daitezke. Eta datorren urteari begira, ez daukat ezer pentsatuta, lehen esan bezala, aurtengoarekin nahikoa baitut. Garbi daukadan gauza bakarra da ez dudala mundu honetatik aldendu nahi, egunetik egunera maiteminduago nago eta nire bizikletarekin.
Zein izan da txirrindularitzan zure idolo nagusia? Zergatik?
Euskaldun guztion idoloa izan den bezala, nirea ere Migel Indurain izan da betidanik, eta, gainera, nik pertsonalki ezagutzeko aukera izan dut. Pena bakarra daukat oraingo zaletasun hau ez nuela bere garaian, horregatik ez nuen behar bezala bere garaipenak ospatzeko aukera izan. Hala eta guztiz ere, garai hartako oroimenak oso politak dira.
Hauxe izan da Ikerrekin egin dugun solasaldiaren emaitza. 18 urteko gazte honek badu indar berezia. Sasoiz beterik dagoela ez dago dudarik. Horrelako afizioarekin jarraitzea opa diogu, eta aurrera begira izan ditzala sari hobeak.
OIARTZO BATXILERGO IKASTOLA