Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / Joxe Remigio Ostolaza Linazasorokin solasean
Joxe Ostolazak, hasiera batean ikastolako irakasle eta bukaera aldean atezaina izan denak, erretiroa hartu digu. Halaxe da, joan den ikasturtearen amaieran 30 urtetan irakasle eta kontserje lanetan jardun duen Joxeri erretiratzeko tenorea iritsi zaio.
Hogeita hamar urte hauetan makina bat lan egindako gizona izan da Joxe. Ikastolako guraso, irakasle eta ikasle askorentzat erreferentzia puntu nagusia hain zuzen ere. Joxe Ostolazarentzat ikastola, orokorrean, gauza serioa izan da, egin behar handiko erakundea. Argi daukagu Joxek bere bizitzako dedikaziorik handiena eman diola Haurtzaro Ikastolari, eta hori oso eskertzekoa da. Eskerrik asko, Joxe, ikastolari eskainitako guztiarengatik!!
Horregatik, honako solasaldia egin dugu berarekin. Hauxe erantzun digu:
Joxe, zu Zumaian jaio zara. Konta iezaguzu zure familiaren artekoa: zeintzuk ziren zure gurasoak, zenbat senide zarete...
Bai, itsasertzean jaioa naiz, Zumaiako herrian, 1940an. Gaur egun mendian asko ibiltzen naiz eta gogozko dut, baina itsasoa ikusten dudanean edo inguratzen naizenean, nire barrenean poz eta alaitasun handia sumatzen dut. Sentipen berezi hori batez ere Oiartzunen bizi naizenetik daukat.
Nire familia ugaria da. Julen Lekuonaren abesti batek dioen bezala: “Zazpi laguneko familia batean, arotza zen gure aita. Gure herriko alkate ez izan arren, lan egiten zuena”. Gu oraindik gehiago gara. Zortzi senide: lau emakume eta lau gizaseme. Adinaren baitan, ni bosgarren naiz. Senide denok bizi gara Aita arotza zen, eta amak, esan beharrik ez dago, zortzi seme-alaba izan ondoren, etxeko lanarekin nahikoa. Gurasoak hil ziren, eta anaia apaiza izan ezik, beste senide denak Zumaian bizi dira. Senide, ilobak eta hauen seme-alabak elkartzen garenean, hirurogeita hamar inguruko taldea osatzen dugu.
Gaztaroa Zumaian igaro zenuen. Zer urte arte eta zein eskolatan ikasi zenuen? Nolako oroitzapenak dituzu garai haietatik?
Lehen urteak Zumaian igaro nituen, hamabost urte arte. Nire lehen ikastetxea mojen kolegioa izan zen; ondoren, fraide mesedetako kolegioa. Zumaian bertan. Urte askotan akolito edo monagilo izan nintzen. Apaiztegi edo Seminariora joan arte.
Garai hartako oroitzapenak asko ditut. Bakar bat azalduko dut. Zortzi senideok gurasoekin oso pozik bizi ginen: batzuetan jolasten, besteetan sesioan, elkarri lagunduz... Lagun baten etxean bi anaia eta gurasoak besterik ez ziren. Askotan pentsatzen nuen hain pertsona gutxiko familiak oso tristea izan behar zuela.
Esan beharrik ez dago giro erlijioso batean bizi izan nintzela, garai hartan gehienak bezalaxe. Akolito izanik, egunero meza laguntzen nuen. Etxean afari aurretik egunero arrosarioa errezatzen genuen. Goizeko eta arratseko otoitzak; jatordu aurretik, berdin... Giro zabal bat zen, garai hartan onartua.
Gazte zinela Apaiztegian sartu zinen. Nolakoa izan zen zure bokazioa? Zer dela eta eman zenuen horrelako pausoa?Garai haietan era honetako urratsa egitea ongi ikusia al zegoen?
Hamabost urterekin Donostiako Apaiztegira joan nintzen. Ni baino zaharragoko anaia han zegoen, eta herriko beste gazte batzuk ere bai. Garai haietan apaiz, fraide edo moja joatea ongi ikusia eta nahiko normala zen. Bizi genuen giroaren ondorena.
Zer dela eta eman nuen horrelako pausoa? Nire pausoa? Nire barrenean apaiz izateko gogoa eta beharra sumatu nuelako. Eman beharreko pausoa hain garbi ikusten nuen, dena utzi eta Apaiztegira joan nintzen.
Zein urtetan egin zinen apaiz? Nola gogoratzen duzu une hura?
Donostiako Apaiztegian hamaika urte igaro ondoren, 1966ko irailean apaiz egin nintzen. Apaiztegiko urte haiek denak niretzat oso onak eta atseginak izan ziren. Honek esan nahi du Apaiztegiko bizitzara oso ongi moldatu nintzela. Gaur egungo ikuspegitik begiratuz, bizitza hura oso berezia zen, metodikoa, diziplinatua, jendearekin harreman gutxikoa... baina, hala ere, oso urte onak igaro nituen.
Apaiz egin nintzen une hura nola gogoratzen dudan? Emozio handiko elizkizuna izan zen, bai Donostiako Katedralekoa, eta berdin Zumaiako Parrokian eman nuen lehenengo meza ere.
Eta azkenean Oiartzuna etortzea egokitu zitzaizun. Nolako herria zen orduan Oiartzun? Zer nolako harrera egin genizun? Gustatu al zitzaizun herri hau?
Duela hogeita hamabost urte, Oiartzungo herria beste era batekoa zen. Gauzak asko aldatu dira. Urteak ez dira alferrik igarotzen. Orduko argazkiak ikustea besterik ez dago aldaketa sumatzeko. Ohiturak eta pentsaera ere, gauza askotan, nahiko ezberdinak ziren.
Donostiako Gotzaindegitik eskutitza jaso nuen, Oiartzungo Parrokian lan egin behar nuela esanez. 1966ko urria izango zen. Goiz batean Oiartzuna etorri eta apaizetxera joan nintzen. Parrokoak hor esaten dit Parrokian nahiko apaiz badaudela, eta nire beharrik ez dutela. Berriro etxera. Gotzaindegiarekin harremanetan jarri nintzen, eta konpondu zen.
Oiartzungo herria lehendik ez nuen ezagutzen. Ibilaldi batean autobusa plazan gelditu zen. Besterik ez.
Zer nolako eginkizunetan hasi zinen Oiartzunen hasiera horretan?
Bi eginkizunekin etorri nintzen: parrokiako lanak egitera, laguntzaile bezala; eta Elizako eskolan edo Patronatuko eskolan klaseak ematera. Parrokian lagunkide edo koadjutore bezala lan egingo nuen. Baina ni etortzean, D. Pablo organistak erretiroa hartu zuen. Horrek esan nahi zuen nik organoaren ardura hartu behar nuela. Pianoa jotzen zerbait banekien, oso gutxi. Bat-batean organista bihurtu nintzen. Jardunaren poderioz lortu nuen organoa zerbait jotzea, baina gauza handirik ez. Inoiz ez naiz organoa jotzea behar bezala moldatu.
Organoa jotzetik aparte, mezak eman, hitzaldiak edo sermoiak prestatu, aitortzak... Apaizen eginkizun guztiak egiten nituen.
Gauza bitxia bezala esango dut, igandeetan goizeko zortzietako meza ematen nuela. Jende bat bazen igandero nik ematen nuen mezatara etortzen zena nire sermoiak entzutera. Sermoi denak idatzi egiten nituen, eta mezatan irakurri. Sermoi hauek karpeta batean gordeta dauzkat.
Irakasle izatea ere egokitu zitzaizun Elizako eskola dela eta. Zer nolako jakintza gaiak irakasten zenituen? Zeintzuk zineten garai hartako irakasleak?
Parrokian egon nintzen bitartean, nire bizimodua izan zen: astelehenetik ostiralera, irakasle bezala klaseak prestatu eta eman. Larunbat eta igandean, Parrokiako lanak egiten nituen, organista lanak barne. Aste osoa ongi betea eta osatua nuen.
Irakasle lanetan, zenbait gai irakasten nituen, beharren baitan: matematika, gaztelera, dibujoa... Irakasle aldetik, hiru apaizak ginen, eta behar ziren beste guztiak laiko edo seglarrak.
Oiartzunen zinen bitartean, Magisteritza eta Filosofian lizentziatura atera zenuen. Erromatik barrena ibili omen zinen. Konta iezaguzu garai haietan bizitakoa?
Garai haietan apaiz eta fraide zirenek, aukera handiak zituzten Magisteritza eta Lizentziatu titulua lortzeko. Ni hortaz baliatu nintzen. Donostian eta Valladoliden azterketa batzuk gainditu ondoren, Magisteritzako titulua lortu nuen.
Lizentziatu titulua lortzea zailago izango zen. Hiru aldiz Erromara joan nintzen; han klase batzuetara azaldu, azterketak egin eta gainditu nituenean bukatu ziren hango lanak. Ondoren, Donostiako E.U.T.G.n sei gairen azterketak egin behar izan nituen. Hauek gainditu ondoren lortu nuen Filosofiako Lizentziatura.
Apaiz izateari uztea erabaki zenuen. Ez zen erabaki erraza izango, dudarik gabe. Zer dela-eta egin zenuen horrelako urratsa? Oiartzungo herriak ulertu al zuen? Zergatik?
Hau izan zen nire bizitzako erabakirik zailena eta gogorrena. Luze idazteko gaia da, baina hitz gutxitan esaten ahaleginduko naiz.
Modu batera pentsatzen badut, modu horretara jokatuko dut. Pertsona edo erakunde baten pentsaerak eta jokabideak oso loturik egon behar dute. Nik garrantzi handia ematen diot. Adibidez: euskal abertzale sentitzen denak, ezin du frantsesa edo espainola izan. Janari garbiak eta bizimodu ordenatua defendatzen ari banaiz, ez naiz jan-edan eta parranda giroan biziko. Eta horrela adibide asko jarriko nituzke.
Erlijio mailan, Ebanjelioak jokabide batzuk garbi azaltzen ditu, eta Elizak, bere osotasunean, ez ditu errespetatzen, ez ditu betetzen. Ebanjelioan behartsuak, damutzen diren bekatariak, ezinean dabiltzanak, goi mailan aurkitzen dira. Orokorrean, eliza ofizialean ez da hori gertatzen. Behartsuen Eliza... Eliza pobrea... Ebanjelioan erabateko pentsaera eta jokabidea azaltzen da, eta Eliza ofizialak gauza batzuetan beste era batera jokatzen du. Horra hor nire buruhaustea. Eliza ofiziala mundu honetakoa da, politikoki eta ekonomikoki Estatu indartsua eta aberatsa da; eta batez ere beste Estatu aberatsekin oso ongi konpontzen da. Duela hogeita bost urte horrela ikusten nuen, eta zoritxarrez gaur egun ez dut aldaketarik ikusten. “Ezin dut horrelako erakunde batean jarraitu”, esaten nuen nire baitan. Eta asko pentsatu eta sufritu ondoren, apaiz izatea eta eliza ofiziala uztea erabaki nuen. Erabaki gogorra, zalantza handikoa, asko pentsatua. Nerbioetatik minez jarri nintzen, eta urte batzuk behar izan nituen, tratamenduen bidez, normaltasunera etortzeko.
Apaiz izateari utzi baino lehen, Parrokia utzi nuen. Sei urte egin nituen Parrokian. Handik bi urtera apaiz izateari utzi nion.
Garai haietan apaiz izatea uzten zutenak, gehienak beste herri batera joaten ziren bizitzera. Nik ez nuen horrela ikusten, eta Oiartzunen bertan jarraitu nuen, eta jarraitzen dut. Duela hogeita bost urte bertan ezkondu nintzen, eta emaztea eta seme-alabekin bizi naiz.
Hau dena Oiartzungo herriak ulertu al zuen? Batzuek bai, beste askok ez. Denboraldi luze batean aurpegi ilunak ikusten nituen. Beste batzuek agurra ukatu. Denetarik. Baina nik garbi neukan eta garbi daukat: lehendabizi norberaren kontzientzia da; jendeak zer esango duen baino garrantzi gehiago du bakoitzaren erabakiak.
Zure tituluak direla medio, Haurtzaro Ikastolako irakasle lanak egitea egokitu zitzaizun. Ikastolako lehen urteak ziren. Urte zailak, baina, era berean, oso aberatsak. Oiartzungo talde bat mugitu zen eta buru-belarri lanean hasi. Zein ikaslerekin hasi zinen eta zein mailatan? Nola zegoen Haurtzaro Ikastola hasierako urte haietan?
Elizako eskola edo Patronatu eskola bukatu egin zen, bere eginkizuna bete zuen. Urte haietan Haurtzaro Ikastola martxan jarri zen, eta irakasle euskaldun tituludunak beharrezkoak zirenez, bertan lanean hasi nintzen. Ikasle zaharrenen ardura hartu nuen. Laugarren mailan zeuden. Ikastolako lehen taldea. Zazpi ikasle. Gerora, bigarren taldean ere lan egiten hasi nintzen. Talde hau eta ondorengoak ikasle kopuru handigoak ziren.
Hasierako urte haiek oso bereziak izan ziren. Gela txikiak, lanerako material gutxi, gehiena egiteko. Baina gogoa eta borondatea dagoenean, aurrera egiten da. Eta Haurtzaro Ikastolan hori gertatu zen. Hazia lur onean erori zen, eta berehala indarra hartzen joan zen.
Urteen poderioz, Goi Zikloko Gaztelaniako irakaslea izatera iritsi zinen. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Bizitzako gorabeherak. Nik Matematika eta Fisika gustukoak izaki, eta hainbat urte Gaztelania irakasten pasatu behar. Honek guztiak badu bere esplikazioa: Filosofiako tituluak Gaztelania edo antzeko gaiak ematea eskatzen du. Beraz, Matematika eta Fisika irakasteko beste titulu bat behar da.
Badakigu zu Haurtzaro Ikastolan ez zarela inoiz irakasle arrunta izan. Hasieratik eta irakasle lanak bukatu ondoren txapuzak egiteko astia ere hartzen omen zenuen. Zer dela eta?
Ikasle asko dagoen gelatan beti izaten da zer konpondua, zer margotua, zer berritua. Lan hauek egiteko gai nintzela ikusten nuen. Beharra zegoenean, gehiago pentsatu gabe, klaseak bukatu eta beste lan hauetan hasten nintzen. Gogoratzen naiz, behin baino gehiagotan, klaseak ematea bukatu eta nekaturik aurkitzen nintzela. Txapuza lanetan hasi, eta bi edo hiru ordu pasatu ondoren erlaxatua eta berri-berri aurkitzen nuela nire burua.
Hori bai, nik konpondu ezin nuenean, beste pertsona baten laguntza eskatzen nuen.
Duela hamabost urte irakasle lanak albo batera utzi, eta atezain-kontserje izatera pasatu zinen. Nolatan eman zenuen urrats hori?
Ikastolan hasi nintzenetik, bi lan mota egiten nituen: klaseak eman, eta txapuzatan aritu. Klaseak ematea ez nuen gustuko lana, baina soldata irabazi nahi banuen, klaseak eman behar. Txapuza lanak, ordea, gogozkoak nituen, eta beharra zegoenez, pozik aritzen nintzen.
Ikastola handitzen zihoan eran, atezain eta mantentze lanak egiteko pertsona baten beharra ikusi zen. Egoera honen aurrean, klaseak emateari utzi eta lanpostu berria hartzea erabaki nuen. Hasieran denboraldi baterako. Baina gogozko lana nuenez, bukaera arte lan horretan jarraitu dut.
Nolakoa izan da zure lanbidea azkeneko hamabost urte hauetan? Zertan aritu izan zara gehienbat?
Azken hamabost urte hauetan denetarik egin dut. Fotokopiagailuarekin lan asko. Pintura lana ere bai, idazkaritzan jendeari kasu egin. Mantentze lanak: argia, sarraila konpondu, ingurua erraztu, kristalak jarri... Nik konpondu ezin nuenean teknikoari deitzen nion: elektrizista, iturgina eta abar.
Beste gauza gehiago ere egin izan ditut. Adibide gisara: Xanistebanetako festen ardura, Ikastolari dagokionez. Diputazioak antolatzen dituen udalekuak martxan jarri. Eta modu honetan beste gauza batzuek.
Joxe, zu Ikastolaren alde lan asko egindako gizona zara. Badakigu ikastola guztietako hasierako urteak militantziaren urteak izan direla. Zu ere horrela hasi zinen, baina bukaera arte horrela jarritu duzu...
Ni euskaldun abertzalea naiz. Euskal Herriko hizkuntza euskara da. Gure lehen hizkuntza euskara da, Alemanian alemana, eta Frantzian frantsesa bezala.
Orokorrean hartuta, Ikastolak bakarrik dira Euskal Herri osoan euskara lehen hizkuntza bezala eta euskal kultura sakonean ematen duten ikastetxe bakarrak. Beste eskola eta ikastetxeak ez daude Euskal Herri osoan zabaldurik, eta han daudenek ez dute euskara lehen hizkuntza bezala erabiltzen, ezta euskal kultura sakonean ematen ere. Ikastolak dira Euskal Herri osoko benetako euskal eskolak. Ez da nik esaten dudalako. Esperientziak hala erakusten du.
Hau horrela izanik, neure burua behartua aurkitzen dut Ikastolaren alde lan egitera. Ikastolan lan eginda, soldata irabazi dut. Baina soldatarik behar izango ez banu ere, Ikastolari laguntzen jarraituko nuke.
Hau dena kontuan izanik, Ikastolan ez dut nik inoiz ordutegi finkorik izan. Goizean lehendabizi lanean hasten nintzen, eta arratsaldean edo ilunabarrean azkena bukatzen nuen. Asteburuetan eta oporretan askotan lanera joten nintzen. Ikastolan ez naiz izan soldata bat irabazten duen langilea. Nire helburuetariko bat Ikastolaren zerbitzuan lan egitea izan da, Ikastola aurrera ateratzea, indartzea.
Enpresa bateko nagusiarekin konparatzen dut neure burua. Nagusiaren helburua enpresa aurrera ateratzea da, indartzea. Modu honetara, irabaziak handiagoak izango ditu. Aste barruan, eta asteburuan ere behar bada, enpresarentzako lan egingo du, ahal duen etekin handiena lortu nahian. Nik Ikastolan horixe bera egiten nuen, ez diruagatik, militantziagatik baizik.
Oso pertsona langilea zaitugu, Joxe; baina txantxari bere tartea eskaintzea ere gustukoa duzu. Esplika iezaguzu zure mozorroak nondik nora bideratzen dituzun, eta nondik ateratzen duzun txantxarako grina hori.
Lehen urteetan, Inauterietan ez nintzen mozorrotzen. Ikusi nuen, ordea, urtero ospatzen zen jaia zela eta parte hartzea erabaki nuen. Azken finean, egun bat zen, ordu batzuetako jaia. Mozorrotzea, gainera, ez zait zaila egiten. Mozorroak azken egunetan lortzen nituen. Nire gorputza handia baino txikia gehiago da, eta gorputz-estruktura txikia dudanez, emakumezkoen arropa eta oinetako asko janzteko moduan izaten nituen. Batzuetan justuegi, baina ordu batzuetako izanik, aguantatzen nuen.
Hala ere, benetan lanik handiena antzerkia prestatzea zen. Abesti bat dantzatu behar nuenean, edo antzerki bat moldatu, ordu bat edo ordu pare bat entseatzea eskatzen zidan.
Mozorrotzeak ez dit lan handirik eman. Zerbait esate arren, mozorrotzearen sekretuetako bat da gauzak naturalitate handiarekin egitea. Ez da artista on bat izan beharrik.
Langilea, txantxazalea eta era berean mendizale porrokatua. Zumaia itsas ertzeko herria dugu, baina zuk dagoeneko Euskal Herriko mendi ugari bisitatu dituzu. Zer ematen dizu mendiak, Joxe?
Kirol egitea betidanik atsegin izan zait. Batez ere futbola eta pilota. Betaurrekoak jantzi nituenean, futbola utzi egin nuen. Pilotarako zaletasuna ere handia nuen: lehendabizi eskuz, eta gerora paletaz. Batez ere Madalensoro pilotalekuan jolasten ginen. Baina urteek ez dute barkatzen, eta frontoian gehiegi nekatzen nintzela ikusi nuen, gorputzak ez zuela behar bezala erantzuten. Korri egitea ez dut gustuko, beraz, mendira joaten hasi nintzen. Talde bat osatzen joan ginen, eta azken urte hauetan igandero mendira joaten gara. Eguraldi ona edo txarra egin, berdin zaio. Igandero mendira joaten denak, nahi eta nahiez, urte batzuetan mendi ugari bisitatzen ditu. Girizia Mendi Elkarteak hilero antolatzen dituen ibilaldietan ere parte hartzen ahalegintzen naiz.
Mendiak gorputzaldi ona ematen dit, sasoi berezia. Igandeetako mendi bueltak aste guztirako lasaitasuna dakar berekin. Maiz ibiltzean, gorputza zaildu egiten da; gainera, oso ongi pasatzen dut. Igande goizean ohea utzi beharra izaten da zailena. Behin mugituz gero, dena egina dago.
Odol-emailea ere ba omen zara. Azal ezazu gai honetaz zure esperientzia.
Hogeita bost urte izango dira odola ematen hasi nintzela. Eta oso ongi moldatzen naiz. Lehen bi-hiru emanaldiak, gauza berria bezala, gogoan edukitzen dira; gerora ohitu egiten da, gorputza jarri egiten da.
Hogeita bost emanaldiren ondoren, omenalditxo bat egiten dute. Niri ere egin zidaten. Oraindik ematen jarraitzen dut. Badirudi hirurogeita bost urte arte odola ematerik badagoela.
Jendea animatu nahi nuke. Ahal duzuenok behintzat odola eman ezazue, pertsona askorentzako odola beharrezkoa baita.
Easo abesbatzako kide zaitugu, talde gregorianoko kidea hain zuzen ere. Noiztik kantuan?
Kanturako zaletasuna betidanik daukat. Ahotsa ez dut ona, baina kanturako gogoa bai. Donostiako Apaiztegian asko kantatzen genuen, gregorianoko abestiak barne. Apaiz izateari utzi nionean, urte askotan egon nintzen gregorianoa abestu gabe. Duela sei urte, Donostian bizi den Apaiztegiko lagun baten telefono deia jaso nuen: Easo Abesbatzak gregorianoko talde bat osatu nahi zuela, eta animatzeko. Baiezko erantzuna eman nion. Hasi nintzen eta oraindik bertan jarraitzen dut, oso pozik, astean behin entseatuz.
Gregoriano kontzertuak leku askotan ematen ditugu. Gehienak Euskal Herrian; hemendik kanpo Parisen, Solesmesen, Pauen, Kantabrian, Logroñon, Caceresen, Madrilen... izan gara. Aurten, hemendik kanpo Valentziara eta Kantabriara goaz.
Joxe, badakigu geldirik egoten ez dakizula, eta aurrera begira, zein dira dituzun asmoak?
Aurretiazko erretiroa lortu dut, eta honekin batera nire bizitzan aldaketa handia sumatu dut. Orain arte Ikastolan egunero hamar bat ordu pasatzen nituen, eta orain, egun batetik bestera, etxean. Zer egina badaukat, baina niretzat aldaketa handia izan da.
“Joxe: hori duk txolloa, hemendik aurrera egun guztia hiretzat bakarri, nahi duana egiteko: mendira joan, lasai bizi, kezkarik gabe. Ongi bizitzeko aukera daukak...”.
Gauzak hauek denak entzuten ditut, eta neurri batean hala da. Bizimodu lasaiagoa, denbora librea ugari, gauza asko egiteko aukera...
Nire bizitza berria aztertzen egon ondoren, erabaki hau hartu dut: ahal dela egun erdi niretzako hartu, nire nahietarako erabili; eta beste erdia ingurukoei laguntzeko. Ez naiz bakarrik bizi. Nire inguruan jende asko bizi da: etxekoak, bizilagunak, auzokoak, herrikoak... Eta, nahi izanez gero, zertan lagundua badago. Beraz, garbi daukat: egun erdia niretzat, eta beste erdia besteentzat. Hau dena praktikan jartzen ere hasi naiz: ahal dudan neurrian Ikastolan laguntzen jarraitzen dut; Lartaun Abesbatzara joaten hasia naiz; beste erakunde batzuetan ere laguntzen dut, eta horrela pixkanaka antolatzen ari naiz.
Zer etorkizuna opa diozu Haurtzaro ikastolari?
Etorkizun oparoa izan dezala Haurtzarok eta beste ikastola guztiek. Indartzen eta ugaritzen doazen neurrian, benetako euskal eskola publikoa indartzen eta ugaritzen doa. Gehiago esango nuke: Euskal Herri osoa indartzen doa. Adierazgarria da: Euskal Herriko etsaiek ikastolak gorrotatu egiten dituzte, eta ahalegin guztiak egin ere bai desegiteko eta desagertzeko.
Hainbeste urte igaro ondoren Haurtzaro Ikastolan, izango dituzu makina bat kontakizun, gertaera...
Bai, hala da. Baina gehiegi ez luzatzearren, bat azalduko dut. Klaseak ematen nituen garaian, oso leku mugatuan ibiltzen nintzen. Lana aldatu nuenean, atezain eta mantentze lanetan, Ikastola osoan ibiltzeko aukera ematen zidan. Korridore edo pasillo luze haietan ibili, hara joan, hona etorri, azkenean ikasleekin harremanetan jartzen nintzen, batez ere txikiekin. Gauzak galdetzera eta zerbait esatera nigana etortzen ziren. Oso ongi konpontzen ginen. Joxe nor den galdetu, eta berehala erantzuten zuten: “Joxe, Ikastolako nagusia da”. Badakit etxean ere gauza berdina esaten zutela. Gerora konturatzen ziren horrela ez zela; baina orduan ere hauek baino txikiagoek Joxe Ikastolako nagusia zela pentsatzen zuten.
Ikasle txiki hauek, Ikastolatik kanpo, erreparatzen zirenean ni han inguruan nengoela, “Joxe!” oihukatzen zuten, eta eskua mugituaz irribarre gozo batekin agurtzen ninduten.
Zerbait erantsiko al zenuke?
Bizitza oso zabala da, alderdi asko ditu, eta gauza guztiak edo gehienak urtekari batean azaltzea ezinezkoa da. Hala ere, bukatzeko bi puntu erantsiko nituzke:
–bat. Gure Euskal Herriari buruzko gogoetak. Laburki azalduko dut. Euskal Herria herri bat da, bere lurralde, hizkuntza, kultura eta abarrekin. Gaur egun zatitua dago, bi nazioren menpe. Nik garbi daukat. Horrela jarraitzen badugu, desagertu egingo gara. Lehenago edo geroago, martxa honetan, Frantziak eta Espainiak irentsi egingo gaituzte. Euskal Herriak, herri bezala aurrera jarraitu nahi baldin badu, independentzia lortzea beharrezkoa du.
Gure Herriaren independentzia edo askatasuna, nola lortu? Askatasuna lortzeko medio guztiak erabili behar dira: elkarrizketa, parlamentua, demokrazia... eta borroka. Independentzia lortu nahi badugu, ez digute emango, borrokatu egin beharko dugu. Une honetan Gandhirekin gogoratzen ari naiz. Bere herriaren askatasuna lortzeko medio askotaz baliatu zen, baina batez ere borroka erabili zuen, bortxarik ezaren metodoa, gazteleraz violencia pacífica. Niretzat hau da benetako bidea. Teoria mailan, zerbait lortu nahi denean erabili behar den borroka hau da: bortxarik gabekoa, bakezko metodoak. Baina praktikan, zer gertatzen da? Zoritxarrez, metodo hau ez dela erabiltzen. Zaila delako, pazientzia handia eskatzen duelako... zerbait gertatzen da, baina gaur egun metodo hau ez da erabiltzen. Zerbait lortu nahi denean, borrokatu egin behar da. Bide honek ez du jarraitzailerik, beraz, borroka armatua erabiltzen da. Gogoratzen naiz, apaiz nintzela, nire sermoietan nola esaten nuen: “Zapalkuntza baten aurrean, txarra da bonbak botatzea, baina okerragoa da ezer egin gabe egotea”. Non daude gure herriko bakezaleak? Zer egiten dute gure herriak jasan duen zapalkuntzaren aurrean? Urtean behin, Gandhi hil zuten egunean, manifestaldi bat antolatzen dute, borroka armatuaren aurka joateko eta bortxarik ezaren metodoa babesteko. Baina gezurretan dabiltza: egun horretan Gandhiren metodoa babesten dute, baina, zoritxarrez, urte osoan ez dute erabiltzen, ez dute praktikan jartzen.
Hona hemen nik daukadan beste buruhaustea: nire Herriak jasan duen zapalkuntzaren aurka zerbait egin behar da. Gandhik erabili zuen metodoa erabiltzen ez bada, urtean behingo manifestaldia izan ezik, orduan, zer egin behar dut? Zapalkuntza onartu? Edota gelditzen den bide bakarra, borroka armatua, babestu?... Berriro diot: gai honek ere buruhauste handiak ematen dizkit. Askotan nola jokatu ez dakidala aurkitzen naiz.
–bi. Nire bizitzako alderdi asko azaldu ditut, eta gehienetan gauza onak. Alderdi onak. Nire bizitzan eta gure bizitzan ez da dena ona izaten. Hitz gutxitan hori adierazi nahi dut: nire bizitzan hanka-sartze eta hutsegiteak ere badaudela. Horretaz jabetzen naiz, eta onartzen ditut. Honek denak pertsonaren mugak azaltzen ditu. Eta eskerrak mugatuak garela. Horrela, gure izatea bere neurri juxtuan agertzen da, ez gehiago eta ez gutxiago.
Jaione UGALDEBERE SARASUA