Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / Julian Bergaretxeri, agur eta ohore
Joan den azaroaren bukaeran albiste txar bat iritsi zen gure ikastolara: Julian Bergaretxe hil zen. Berehala ohartu ginen guztiok Haurtzaro ikastolaren alde makina bat lan egindako gizona joan egin zela gure ondotik. Bai, halaxe da, Haurtzaro ikastolako lehen lehendakaria zen gure Julian. Lerro hauetan gogoratu nahi ditugu nolakoak izan ziren Haurtzaro ikastolako lehen urrats haiek, berari esker sortu baitzen gure ikastola.
Horretarako bere hitzak ekarriko ditugu gogora, ea nolakoa izan zen hasiera gogor hura:
“Ikastolak sortzen joan ziren inguruan, eta gu gelditu ginen azkenerako. Oiartzunen ez genuen hainbesterainoko beharrik ikusten euskararekin, baina azkenean, ba pixka bat lotsatuta ere bai, kezkatuta geunden. Juanito Oñatibiak bultzatu gintuen ikastola sortzera. Luis Zalakain eta Jon Mendarteren laguntza gomendatu zigun horretarako. Elkarrekin bildu ginen, eta esan genuen: bueno, bai, itxurazkoa eta bidezkoa da. Eta horrela hasi ginen. Etxe-Txiki kontratistak bazituen orduan baju batzuk. Kreditua atera genuen eta bajua erosi genuen. Hala izan zen” .
1967ko urriak 16. Astelehena. Klaseak hasteko eguna. Haurtzaro ikastolaren lehendabiziko eguna. Baina hori gauzatzea ez zen hain erraza izan! Oiartzuarren bihotz abertzaleak ukitu behar izan ziren ikastola martxan jar zedin: “...Erri batek duan kulturaren elemento bereziya [zioen Ikastola sortzeko asmoa agertzen zuen agiri publikook] Izkuntza da. Izkuntza alde batera utzirik erri baten azten osoari eziñ lagundu..” Eta jarraitzen zuen: “...Ikastola au iriki, iraun-azi, zabaldu ta azteko euskara maite dutenen laguntza bear dugu eta laguntza orren eske Oyartzun’go erriari dei egiten diogu. Beste iñungo laguntzarik ez degun ezkero, ikastola ori aundi edo txiki, indartsu ala indar gabe ta aul izatea Oyartzuarren gain dago...”
Hamaika izerdi bota behar izan zuten Ikastolaren sortzaile haiek, Julian Bergaretxe tarteko, noski, urriaren 16 hartako hasiera hura gerta zedin! Hasteko, ikasleak lortu behar. Eta horretarako, gurasoak konbentzitzetik hasi behar. Oiartzuar abertzaleen artean hitz egin, ahoz aho, etxetik etxe... ikastolaren alde apustua egin zezaten, beste zenbait herritan sortuak zeuden, baina gehiegi ezagutzen ez ziren eskola mota berri haietaz fida zitezen.
Une zailak ziren haiek. Errepresioa, Francoren garaia, orduko Escuela Nacionalak, eta euskal kutsua zeukan edozerk jasaten zuen zapalkuntza.
Beldurra zen nagusi, eta urteak joan ziren gutxieneko lasaitasuna lortu bitarte.
Hala ere, hamasei izan ziren lehendabiziko ausartu ziren gurasoak; berehala beste sei gehitu zitzaizkien, hogei eta biko kopurua lortu arte, eta horiekin eman nahi zitzaion hasiera ikasturteari. Baina horretarako irakasleak behar ziren, noski. Eta non bilatu lan hori hartu zezakeenik? Gutxi ziren Irakasle Eskolan ikasten zutenak. Baina zenbat zeuden, gainera, euskaraz zekitenak? Azkenean bi neska aurkitu zituzten: Arantxa Madariaga eta lnes Olaziregi. Bi andereño hauekin emango zitzaion hasiera.
Beste bi arazo nagusi gainditu beharko zituzten Julian Bergaretxek eta prestaketetan zebiltzan gainontzeko oiartzuarrek. Bata, lokalarena. Non hasi klaseetan? Nola lortu beharrezkoa zen lokala? Nola edo hala behintzat kreditu bat atera eta Etxe-Txikik zuen 126 m2ko bajera erosi zen (600.000 pta. balio omen zuen). Aurrezki Kutxak 400.000 pezetatako kreditua eman zuen, eta gainontzekoa, beti bezala, ahal zen moduan sortu beharra.
Bigarren arazoa nortasun juridikoarena zuten. Nola gainditu garai hartako edozein mugimendu abertzalek jasan behar zituen traba frankista guztiak? Inguruko herrietan egina zutena errepikatuz, hau da, Elizaren aukera juridikoak erabiliz. Bai, orduan Elizak bere Kristau Heziketarako eskolak sortzeko ahalmena baitzuen. Hori bera izan zen hasiera hartako ikastolek bere funtzionamendurako erabili zuten artesi legala. Hitz egin zuten garai hartako Bikarioarekin, D. Javier Lezetarekin, eta aurrera; hor sortu zitzaigun ESCUELA PARROQUIAL AURTZARO zelakoa. Izena bera, Aurtzaro alegia,
Ikastolaren inguruan urte mordoxka egin zuen beste apaizari bururatu omen zitzaion, D. Juan Maria Artolari hain zuzen.
Ahal zen modura, baina lanean hasi zen behintzat Ikastola 1967ko urriaren 16 hartan. Pentsa dezakegu zein baldintzatan jardun zuten hasieran! Haurrek lurrean eserita egon behar zuten, eta galtzak zikinduta etxera joatean amak batere gustura ez. Gainera, ba omen zegoen hasiera hartako gurasoen artean beste kezka bat ere: ikastolaren eginkizuna dantza, abesti eta jolasen antzeko folklore mailan aritzera mugatuko ote zen beldurra, beren haurrek gitarra jotzen eta kantatzen besterik ez zutela ikasiko alegia, soilik euskara menperatuko zutela...
Eta bestea, kobratu beharreko kuotarena genuen. Hori omen zen beste historia! Mojek hamabost duro kobratzen zuten, eta ikastolak ezin bada hortik gora pasatu, nahiz besteek ez bezala soldatak, lokalak eta abar ordaindu behar izan. Denbora joango zen beldur hori gainditzeko. Baina igo egin zen azkenik, diru-zuloak beste aukerarik ez baitzuen utzi.
Ikastola garatu ahala, gero eta nabariagoak egingo dira agintarien eta diru ezaren presioak. Diru ezaren ito larritasuna behintzat garai hartako dokumentu guztien mamia dugu: “...laguntza gabe ez dago ezer. Laguntza, erritar guzieri eskatzen zaie: txurieri, beltzeri, gorrieri, edo berdieri, itz batean kolore guzietakueri. Lan au, ez da batena edo birena, baizik euskaldun guziena ta euskerari arrera ona egiten dioten guztiena...”
Halaz ere, eskatzea gauza bat zen eta bestea jasotzea. Aldaba asko eta asko jo behar zen etekin txikiena lortzeko “No tenemos ni un céntimo de ayuda económica, ni del Estado, de la Diputación o del Municipio”, zioten. Egoera hau gaindituko bazen alde guztietara mugitu beharra zegoen. Eta orduko sortzaile haiek benetako aditu, iaio bihurtu ziren dirua biltzen, halabeharrez. Oiartzun guztian eskatu behar izan zuten: herritarrei, dendariei, lantegietan, banku eta aurrezki kutxetan...
Idatzi leunak eta gogorragoak, formalak edo sutsuak, baina denak diru eske, hain baitzen larria ekonomi egoera. “...¿Por qué los niños que sólo han oido y hablado el vascuence desde la cuna, no tienen que tener primero una escuela para que se les enseñen las cosas de la escuela en vascuence…?”, zioten eskaera batean. Edota “Aurrera baziak lkastola, biñon beti laguntza ber; beti dirua ber. Ordia, gaur eunin, euskaldun batentzat euskeran alde gastatutakoa biño obekiyo gastatutako diruik etziok. Ortan seuru egon...” Bartzelonan bizi zen oiatzuar hari idazterakoan. Edota Madrilgo beste emakume hari ziotena: “¿Debemos ir así tan fríamente a abandonar el euskera? ¿debemos permanecer tan pasivos hasta el punto de dejar desaparecer nuestra lengua? Culturalmente cometeríamos un crimen, y creemos que tenemos que hacer todo para que se conserve y se fortalezca…”.
Venezuelako oiartzuarrenganaino ere iritsi ziren: “...gure ikastola onek oaintxe ttik sekulan izandu ttun premiyik aundinak. Oi dena orrela delik, oain bi gauza eskatzen zattutegu. Bat, al tzuten diru laguntzarik aundina eman zaiguzutela ikastolarentzat; bestia berriz, orko jendia esnatu eta astintzeko, ikastolak ttuzten premiyak azalduaz…”.
Izan ere, premiak latzak ziren benetan. “...Egia esateko, gaur ez dakigu biar ordaindu bear degun dirua nun degun. Orrela gabiltza...” Bestalde, aurrezki kutxek eta bankuek ere zorren kezka agertzen zuten: maiz deitzen zituzten “en relación con el constante rebasamiento que registra su operación sobre el límite... y en la que no se realiza ingreso alguno desde...”
Aipatu beharra dago hemen laguntzaileen papera. Hauek izan dira Haurtzaro ikastolaren garapenaren zutabeetako bat. Berehala izan ziren berrehundik gora, eta hilero kuota bat ordaintzen zuten: normalenak, 10 eta 50 pta. bitartekoak, baina urteko 1.000 eta 5.000 pezetataraino iritsiko zirela hitz ematen zutenak ere baziren. Hauen eta gurasoen kuoten bidez lortzen zen andereñoen soldatak ordaintzea (4.000 pta / hileko lehen urte hartan. Aberasteko modukoa ).
Nortasun juridikoaren eta irakaskuntzarako baimen legalen arazoa ere gehitu behar zitzaion honi guztiari. Ez zen, ez, bide samurra izan hura. Delegazioak eta orduko Udalak bat eginik, ikastola ixteko agindua iritsi zen, ondoko dokumentu hauetan ikus daitekeen modura. Bi kurtso jadanik burutuak zituen ikastolak, eta nolabaiteko indarra ere bildua oiartzuarren artean. Horrela iraun ahal izan zuten, benetako herriaren babesa izan baitzuten.
Atzetik etorri zen lehen gela haien legalizazio prozesu luzea. Gela bakarrarentzat egingo zen eskaera, izenez neskentzat zenarentzat hain zuzen. Hirurogeita bederatziko irailean helburu horrekin bidaliko zen dokumentuen artean hornikuntza pedagogikoaren inbentarioa azpimarra genezake gaurko begietara, hau baitzen ikastolak aurkezten zuen “Relación del material escolar de la sección niñas: 1 crucifijo, 1 cuadro del Jefe del Estado, 1 mesa para profesor con su correspondiente sillón, 6 mesas para ocho alumnos cada una, 1 mapa político de España, 1 mapa físico de España, 1 mapa político de Europa, 1 mapa físico de Europa, 1 mapa mundi, 1 esfera terrestre, 1 caja de figuras geométricas, 1 colección de láminas del cuerpo humano, elementos para trabajos manuales y dibujo, y biblioteca de lecturas infantiles”. Punta-puntakoa ikusten denez.
Materialarekin batera, irakasleen titulazioak, araudia eta lokalen paperak bidali behar izan ziren Madrila eta baita irakasle bakoitzaren agiria ere, non “es de moral y cristiana conducta en su vida” ziurtatzen zuen.
Azkenik, 1970eko azaroan lortuko zen lehen legeztapena, eta hurrengo urtean, 71n, bigarren gelarena. Horrela lasaitu ziren garai hartako ikasleen gurasoak, hainbesteko mehatxuak baitzebiltzan eta ixteko aginduekin urduritasuna ere agertzen ari baitzen zenbaiten artean: “...Inspektora etortzen zenean, umeak mentalizatuta, esanda genituen, behin 6 urte zituztenak atera egin behar zutela, leihotikan edo...”. Izan ere, Guardia Zibilak etxeetara noiznahi sartzen ziren garaian baikeunden: tinbreak jo, atea ireki, eta...“venimos a registrarte la casa” esan.
Baina bitartean diru arazoek bere hartan jarraitzen zuten, okerragoak ez baziren ere, ikastolaren hazkundearekin batera kostuak ere asko igo baitziren. Ordukoak dira dendak, tonbolak eta jostailu salmentak bezalako ekinak. Denda gaur egun Banco Guipuzcoano dagoen lekuan muntatu zen. Debako arte lantokitik lurrezko gauzak ekarri omen ziren saltzeko: txarroak, zenizeroak, platerak... Udalak kamiseta inprimatuak saltzen ere uzten zien, baldintza bakar batekin: ikastolaren aipamen txikienik ez zezatela inolaz ere izan. Tonbola erabiltzen zen beste diru iturritzat. Bar Maiteko horretan kokatua zegoen; antolatzaileek herritarrei eskatzen omen zizkieten hornitzeko gauzak, eta baita haiek pozik eman ere: batek soina, beste hark landarea... Jostailu salmenta ere antolatu zen; Donostiatik ekarri eta ehuneko bat ezartzen zitzaion bertan saltzen zen jostailuari, horrela irabazpide txiki bat lortuz.
Eta zeinek ahaztu orduko beste komeria bat: jaialdien antolaketa. Zortzi-hamar bertsolari ekarri, bertsolari hoberenak, eta Ibargaingo jardinetara, saioa egitera. Baina hor sortzen ziren komeriak, aurrez baimenaren eskaria egin behar baitzen. Gobernu Zibilera bidali behar ziren zehaztasun guztiak, baita bertsolariek jorratuko zituzten gaiak ere. Gainera, gehienetan, Donostiako erantzunik ez. Bertara azaldu, eta “pues háganlo bajo su responsabilidad”. Horrela kontatzen dute garai hura bizi zutenek gertakizun haietako bat:
“Behin pasa zitzaigun komeri polita. Bertsolariak genituen, Lopategi eta Azpillaga, eta orduan oso gazteak ziren, eta oso modan zeuden. Behintzat paperik ez zen etortzen, eta Guardia Zibilengana joan gara, eta sarjentuari, gainera andaluza zen eta hirukiak zituen, esan genion: ‘pasa esto y esto. Eta berak: Ahora vamos a decir la verdad. Ustedes qué pasa, que tienen que hacer bersolaris o no sé qué historia y bueno, tienen dos tíos ahí, Azpillaga y no sé cómo es el otro, esos tíos que tienen la lengua muy suelta. Si ustedes les dicen que tengan un poco de cuidado, lo hacen bajo su responsabilidad’. Eta jende pila izugarria izan zen, eta diru asko atera genuen”.
Baina ez pentsa delako papeleo hori tankera honetako jaialdietarako bakarrik behar zenik. Baita haurrekin antolatutako kurtso bukaerako jaialdietarako ere. Udaletxera joan, haur jaialdiaren asmoak agertu eta besteak beste, bi baimen eskatzen zituzten bertan: bat, Sociedad de Autores delakoarena, eta bestea, Gobernu Zibilarena. Nondik edo handik oztopoak jarri behar behintzat. Eta noski, lehena berehala lortzen bazen ere, bigarren baimenarekin ziren komeriak, zeren eta bertan honela omen zioten: “¿...Qué os habéis creído? ¿Que el Gobernador va a estar esperando todas las peticiones de las ikastolas para firmar?”.
Eta jarrera berdintsua azaltzen zuten gainontzeko ekintza guztiekin ere. Behin
Olentzeroarekin kantatzeko baimena eskatzera joan ziren koartelera. Eta hangoen erantzuna Olentzero aipatzerakoan. “Si queréis, cantad, pero no con ese bicho”. Hori zen jakintsu ilustratu haientzat Olentzeroren definizioa: bicho.
Azkenik behintzat, sendotze prozesuak aurrera jarraitu zuen. Ikasleak gero eta gehiago ziren, eta baita irakasleak ere; Pilartxo Etxeberria, lzaskun Zubeldia... eta beste asko. Ikastola hartzen ari zen bolumena kontuan hartuz, Lehen Araudia sortzeari ekin zioten. Azkenik, 1973ko udazken aldean onartu zen Oiartzun’go ikastola’ren Araudia, sei arlotan sailkatua: I: Izena, Zuzenbidea, Barrutia eta Babesa. II: Oiñarriak eto Elburuak. III: Antolaketa. IV: Diru-eraketa. V: Ikastolaren bizitza. VI: Azken Arauak.
Ikastolaren handitze honek berehalako beste premia larria erakarri zuen: gelak. Bai, zeren ikasleak herrian zehar harrapatzen ziren bajera guztietan sakabanatuak egotera iritsi ginen. Beste hitzetan esateko, ikastolak hartua zuen bolumenari erantzuteko beste erremediorik ez zegoen: etxe berri bat behar genuen.
Lizarreko Mujikatarrekin hitz egin eta konpromisoa hartu zen lurrak erosteko.
Horretarako, 6.125 m2 zituen Sibelus izeneko lur saila izendatu zuten ikastolak eta baserritarrek, baina betikoa: dirudik ez. Metroko 500 pta. ordaindu behar zen, guztira hiru milioi pasatxo beraz. Aurrezki Kutxara jo, abalista sendoak aurkeztu eta gero kreditua lortu zen azkenik. Orduan etorri zen beste fasea: etxe berria izango zen eraikuntzaz arduratuko zen Bianditz izeneko Sozietate Anonimoa sortzea.
Julian Bergaretxeren heriotza dela eta, hauek dira gogora ekarri nahi izan ditugun kontuak. Haurtzaro ikastolak zor handia dio gizon honi, berari eta bera bezalako hainbat pertsonari esker sortu baitzen gure ikastola.
Hauxe izan da gure omenaldi xumea. Goian izan bedi, Julian, eta egun handia arte.
HAURTZARO IKASTOLAKO KONTSEILU ERRETOREA