Agenda
Servicios Web
- Concursos/Contrataciones
- Empleo
- Biblioteca municipal
- Servicios Sociales
- Noticias
- Publicaciones
- Solicitudes
- Proyectos municipales
- Normativa, ordenanzas
Sobre Oiartzun
- Información general
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismo
- Cultura
- Galería Fotográfica
- Callejero
- Teléfonos de Interés
Ayuntamiento de Oiartzun
- Departamentos
- Guardia Municipal
- Calendario impuestos
- Presupuestos
- Actas municipales
- Organización
- Sociedades
Oiartzuarrak / “Kanpoan bertan baino gehiago baloratzen dute “
Gaizka Saizar oiartzuarra Sabadellen dabil jokalari neoprofesional bezala
Gaizka Saizar Lekuona Oiartzungo Ergoien auzoan jaio zen, 1980ko uztailaren 22an. Egun, 19 urteko gazte hau Sabadell taldeko jokalaria da. 8 urte zituenean hasi zen futbolean jolasten Haurtzaro Ikastolan eta bertan pasatu zituen lau urte.12 urterekin Oiartzun KEra pasatu zen, eta hor aritu zen bost urtez. Jubenil mailako azken urtean Antiguoko KEn jokatu zuen. Antiguokon zegoenean, taldeko golegile onena izendatu zuten 21 golekin, eta bere taldea Ligako goleatzaileena izan zen. Denboraldi horren bukaeran Sporting de Gijon, Eibar, Osasuna eta Espanyol berarekin interesatu ziren, eta Katalunia aldera joaketa erabaki zuen.
Espanyol taldeak Sabadellera bideratu zuen, eta oso giro ederra aurkitu du bertan. Beste zortzi euskaldun daude talde berean, besteak beste, Andoni Lakabeg, Mitxel Loinaz eta Xabier Alberdi. Emaitzak espero bezain onak ez izan arren, denborarekin gorantz joatea espero dute. Sabadellen lehenengo partiduetan jokatzen hasi zen arren, bosgarren partiduan pubiseko lesioa izan zuen, eta orain, jasan berri duen ebakuntza dela eta, errekuperatzen ari da. Martxoaren hasieran jolasteko prest egotea espero du.
-Gaizka, erraza al da futbol jokalari baten bizimodua? Entrenamenduak, partiduak, kontzentrazioak, hain gaztea eta etxetik kanpo egon beharra...
Orain arte jolas bat bezala hartu izan dut, baina hemendik aurrera gauzak geroz eta zailagoak izango direla pentsatzen dut. Orain dena serioagoa da, interes ekonomikoak baitaude jokoan, eta ezin da, gaztetan bezala, txorakeriatan ibili; oraingo maila profesionalizatua dago, eta partidu oro gauza asko izaten dira jokoan. Egunero entrenamenduak izaten ditugu. Egia esan futbol jokalari profesional baten bizitza egiten dugula esan daiteke, ekonomikoki desberdina izan arren, beste guztia antzekoa baita.
-Noiz erabaki zenuen jokalari neoprofesional izatea eta zergatik.
Gazteen maila amaitu eta Oiartzun eta Antiguoko KEko aholkuak entzun ostean, Espanyol futbol taldearen eskaintza onartzea erabaki nuen, eta horrekin batera, futbol munduan ahalegin serio bat egin behar nuela konturatu nintzen.
-Jokatu dituzun partiduetatik zein iruditu zaizu zoragarriena, zein duzu gustukoena?
Iaz, Antiguoko taldearekin Berioko zelaian, Celta eta Valencia eliminatu ondoren, gazteen mailako Errege Kopako finalaurrekoan Real Madriden aurka jokatzea suertatu zitzaigun. Hori da gogoan dudan partidurik zoragarriena. Sekulako partidua egin genuen, denak oso motibatuak geunden eta lau eta bi irabazi genien; jende asko bildu zen, eta izugarrizko festa antolatu zen partidua amaitutakoan.
-Zein dira futbolean zure idoloak?
Joxe Mari Bakero. Bere izaera langile, borrokolari eta erakusten zuen grinagatik.
-Neoprofesional egin ondoren, lehengo lagunekin harremanak mantentzen al dituzu?
Bai, betiko lagunekin jarraitzen dut. Sarritan hitz egiten dugu telefonoz, eta ahal dudan gehienetan elkartzen gara.
-Euskal Herriko taldeetan jokatzeko itxaropenik ba al daukazu?
Nahiz eta Katalunia aldean oso gustura nagoen –taldean 9 euskaldun izanik, euskal talde giro on bat lortu dugu–, ez nuke itzultzeko dudarik izango euskal talde baten eskaintza jasoz gero.
-Etxeko harrobiko jokalarien aldekoa al zara ala kontu horri ez diozu garrantzirik ematen?
Aldekoa naiz, bai. Hala ere, nire iritziz, euskal harrobia Euskal Herritik kanpo bertan baino baloratuagoa dago.
-Euskal taldeen jarraipena egiten al duzu? Zeinek lortuko ote du posturik gorena?
Bai, prentsa bidez jarraitzen ditut. Denak sailkapenaren erditik gora gelditzea gustatuko litzaidake eta bat edo beste Europako postuetan sartzea.
-Goiko mailan jokatzera iritsi zara, eta nahiz eta gaztea izan, esperientzia baten jabe egin zara. Zer esango zenioke gaur etxetik atera behar duen zure moduko gazte bati?
Eskaintza guztiak ondo aztertzeko eta kanpora ateratzea erabakiz gero, talde filial batera joateko gomendatuko nioke, talde hauen filosofia jokalariak prestatzea delako eta gorantz igotzeko aukerak ugariak direlako. Bestalde, kanpora irtetear dagoen jokalari horri lasai egoteko esango nioke, kirolaren munduan jende jatorra baitabil eta edonon harrera ona egingo diotelako.
-Egunotan Ugaldetxoko Futbol zelaian Preferente mailako partidu bat ikusi duzu. Zer nolako oroitzapenak ekarri dizkizu horrek?
Oroitzapen onak. Nik Oiartzun KEn jokatzen nuen garaikoak. Bertan urte askotan nirekin ibilitako jokalariak ikusi ditut jokatzen: David, Telmo, Egoitz eta Jon. Oso gustura sentitu naiz lehen ikusten nuen giroa ikusi dudalako, eta partidua ere ondo joan denez, arratsalde ederra pasatu dut. Nire ustez, Oiartzunek talde oso indartsua dauka, eta 3. mailara igotzeko postuetan ibiltzea gustatuko litzaidake. Horretarako denon laguntza ezinbestekoa da, baita herriko jendearena ere; beraz, deialdi bat egin nahi diet oiartzuar guztiei Oiartzun KE denon artean 3. mailara igotzea lortzeko. Herriarentzat oso garrantzitsua izango litzateke taldea maila horretan egotea.
Joxe Mari Sanzberro