Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Historia / Aita Zabala
Aita Zabala Oiartzunen
Bai, aita Zabala; gure etxean —ama zena, izeba Ines, anai-arrebak— horrela ezagutu izan dugu aspalditik. Noiz eta nola etorri zitzaigun ez daukat gogoan. Osaba apaizak, Dn Manuelek alegia, “kulpa” pixka bat izan zezaken hasieran baina, ezagutu ahala, ez pertsonak eta ez gaiak, handik aurrera ez zuen aurkezpen beharrik: “Aita Zabalak deitu du”, “Aita Zabala etortzekoa da”- esatea nahikoa zen zer personaje eta zer gai izango zen jakiteko.
Aita Zabalaren bilketa-lana nolakoa zen ikusteko era izan nuen nere gaztetan, estudiante nintzela, eta testigutza eman dezaket, garai batean, Oiartzunen laguntzaile izan nintzaiolako. Horra pasadizu pare bat, gogoangarri.
LEHENENGO LEKUKOAK
Zer urte zen ez daukat gogoan; estudiantea nintzela bai eta 1950eko hamarkadaren erdi-aldera zela ere bai. Berrogeitik gora urte beraz eta aita Zabalaren lanaren hasiera xamarrean. Eginkizuna ezaguna zen: bertsoen, idatziak eta buruz ikasitakoak, bilketa-lanean aita Zabalari —artean Antonio Zabala zenari— laguntzea. Lehenengo bisita oraindik ere bi-zi-bizi daukat begien aurrean. Udako arratsalde bat zen, eguzki ederra eta bero xamar. Ez dakit nork esanta, jo genduen Altzibar auzoko Olalde baserrira, Joxe Anjel Sarasola Urbietarekin hitzegiteko. Egia esan, gizon hura bistaz ezaguna nuen baina ez dut uste sekulan harekin hitzegin nuenik. Adin kontua noski. Baina berehala sortu zen gure artean giro bereizia, gure aita Brunorekin Pasaiako portuan elkarrekin lan egiten zutela esan zidanean. Hortaz gain, Kazkazuri bertsolariaren iloba zela adierazi zigunean, —Joxe Anjel Sarasola Urbieta eta “Kazkazuri”, Joxe Joakin Urbieta, amaren anaia beraz— etxe onean atea jo genduela pentsatu genduen. Pentsatu eta izan. Arrantza ona egin genduela esan behar. Detaille haundirik ez dut gorde baina badakit eskuz idatzitakoak eta bertso-papera dexente izan zirala. Lekukoa naiz, beste aldetik, paperak hartu aurretik, zer promes egin zion: makinan pasa eta liburuxka batean jarrita bueltatuko zizkiola eta badakit ondo bete zuela bere hitza gure aita Zabalak. Hortan bukatu zen nere lana Olalden eta badakit pozik etxeratu nintzala egun hartan; gehiago, noski, aita Zabala.
Ze bertso eskuratu zituen? Esku onetan erori zirala jakinik ez nintzen sekula hortaz kezkatu. Baina, hain zuzen, egun hauetan Pastor Izuela bertsolariaren gorabeherak aztertzen ari nintzala hara zer aurkitu dudan: “(1835) Kanta Konsideragarriak... Pastor Izue-lak jarriak” (Ikus Bib.2, 67. orria). Ez dira, beraz, gaur goizekoak! Gure birraitona Juan Mari Berasategik hainbeste urte, lehenengo Karlistatekoak, alajaina. Hara zer dion aita Zabalak: “Bertso-paper batetik kopiatu ditugu. Paper horrek moldiztegi izenik ez du. Oiartzungo Altzibar ballaran jaso genduan, Olalde baserriko Jose Anjel Sarasolaren eskutik. Papera ez da garai artakoa. Ziur asko, lenagoko kopia izango da”. ( “Pastor Izuela, 1780-1837”, Bib.2, 68. orria). Eta, ikusten danez, beste iturririk ez du aurkitu aita Zabalak eta gure Joxe Anjelek jaso ez balu paper hori, betirako galduko ziran bertso hoiek. Lehentxeago arrantza ona egin genduela esan dugu. Arrantzaldi hartako izokia du-gu bertso-paper hau. Batetik, ezagutzen den bertsolari zaharrenetako batenak diralako baina, bai eta ere, oso bertso egokiak eta biziak diralako. Bertsoen gaia, “mixioetako” sermoietan entzundakoa, bertsolariak askotan egin ohi zuten eran. Baina, nahiko harrigarria da gaia jakinik, hamarreko txikian emandako bertsoak izatea. Bertsoak, jakina, bizitasun haundia hartzen dute baina ez dute sakontasunik galtzen. Eta beti, Pastor Ixuelak dakien bezela, arrazoiak elkarrekin ongi uztartuaz eta bertso bakoitzaren barruan ideiaren jarraipena zuzen emanaz. Eta horrela 19 bertso. Beraz. lehen esan duguna: arrantza oparoa, aspaldiko —166 urteko— bertso-moldeko bitxi zoragarria. Hartu ditzagun pare bat, exenplo bezela:
BERTSO KONSIDERAGARRIAK
1.- Kanta bat paratutzen
orain biet asi,
iñork gogorik badu
dezala ikasi:
Mundu honetan zenbat
ote gera bizi
kristauaren izenik
ez dugunok merezi
Jaungoikoagandikan
gabiltza igesi.
4.-Zerutikan lurrera
gugatik jetxi zan,
etsaiak gu betiko
beretu ez gintzan;
ogei ta amairu urtian
emen ibilli zan;
trabajurikan asko
pasarik bizitzan;
azkenian gugatik
gurutzian il zan.
Iturria: Bib.2, “Pastor Izuela (1780-1837), Ezkioko ta Segurako itxuak”, 68. orria eta hurrengoak
Bertso ederrak dirala ezin ukatu eta, hain zuzen, Olaldeko Joxe Anjel Sarasolari esker, guregainano iritxi diranak.
Joxe Anjeli egindako bisita aberatsa izan zen bezela, Antonio Sagardia Retegi Oilloki bertsolariari egindakoa nahiko motza eta urria izan zen. Garai bereko bisitak izan ziran, hain zuzen. Oiloki-gana jo genduen bertsolari fama zuelako eta, hortaz, bertso zaharrak jakingo zituela eta, behar bada, bertso-paperak etxean izango zituela pentsatuz. Izan ere Oiartzunen gerrondoan bertsolari fama pixka bat zutenen artean sartzen zan Oiloki. Izen gehiago ere jaso ditugu: Krisostomo Iturian, Bidaldekoa; Migel Ibañez, autobuseko txoferra; Frantxisko Etxeberria “Amurria”; Iriso-zarreko Julian Beasain, “Xenpe-lar”. Krisostomo eta Ibañez, inoiz plazan ere aritu izan ziran; besteak, lagunartean eta tabernan aritzen ziranetakoak ziran. Maritxo bere ilobak esan digunez, Oiloki ere lagunartekoa gehiago zen; plazan aritu zanik ez dauka, behintzat, gogoan. Dena dela, gehiegi pentsatu gabe honengana jo genduen.
Harrera ona izan genduela esan beharrik ez dago, noski, baina esker ona aitortzea ez da behin ere alperrikakoa. Bertso-paperen kontua azkar bukatu genduen: erosteko ohiturarik ez zuela eta, beraz, bertso-paperik ez zeukela. Buruz ikasitako bertsoak, berriz, bakar batzuk eta suelto batzuk besterik ez, bertsolarien artean askotan gertatzen den be-zela. Oilokiren ustetan, onena, gustokoena Pedro Mari Otaño eta honen bertsoen artean, “Aita-semeak” edo “Lagundurikan danoi”, Argentinan 1900an jarritakoak ziran. Antonioren esanetan, bertso onak jartzeko bizitzako gertaerak asko laguntzen dute eta Otañoren kasuan, Ameriketara joan beharrak bertso eder hoiek sortu arazi zizkion. Bai eta ere, bertsolari onenetan sartzen zuen Otaño. Horrelako zerbait entzun izan nion Uztapideri ere. Honek, hain zuzen, txapelketa nagusi batean, bertsolarien patroia izendatu beharrean aurkitu zanean, Otaño aukeratu zuen, Baserrik Asisko Prantxisko izendatzen zuen bitar-tean. Dena dela, Otañoren bertsoak guk ere ongi ezagutzen genituenez, horrela bukatu zen Antoniorekin izan genduen elkarrizketa gozoa.
Handik urte askotara, gai hau jorratzen hasi naizanean, Oilokitarren, Sagardiatarren berri jakiten saiatu naiz. Batetik, Oiartzuna etorritakoak ziralako eta, bestetik, behar bada bertso-afizioaren argibidea izan zitekelako. Ongi genekien hasieratik, Maritxo, Antonioren iloba eta gure laguna, Astigarrakoa zela eta, umetan, bost-sei urtetan osaba-izeben etxera —hauek haurrik ez baizuten— etorri zela. Maritxoren aita, Joxe, “Zamarbi-dekoa” zen, beraz Errenteriarra. Hortik ez genduen “Oilokiren” aztarnik ateratzen. Sagardia deitura izan zen, hain zuzen, argia ekarri zuena. Joan Mari anaiak, Usurbilko Oiloki bertsolari zahar eta famatuaren berri ongi daki eta, jakina, deituraren berri ere bai, Sagardia hain zuzen. Hortik aurrera, elkarrizketa eta telefono-lana izan da. Beraz, familiatik zetorkion gure Antoniori bertsotarako gogoa eta afizioa. Olokitarren berriekin hor dijoakizute bazterreko kuadroa, eskuratu ditudan berriak jasotzen dituena.
Hartan bukatu ziran aita Zabalakin egin nituen bisitak. Honek, jakina, handik aurrera ere bisita asko egin zituen Oiartzuna baina hauen berri zehatzik ez dut. Badakit Julen anai gazteak ere askotan lagundu zioela. Nola nahi ere, gauza bat dago garbi, bere liburuetan agertzen den bezela: bertso sorta ederra eraman zuela Oiartzundik Aita Zabalak.
BERTSO BATZUEN HISTORIA
Bada kanta bat oso maitea dutena: “Txakur txiki gorritxo bat” izenarekin ezagutzen duguna. Maitea dut, oso histori polita duelako neretzat. Gure familian, egun haundietan, herriko pestak eta abar, elkartzen giñanean eta gaur ere bai, kantuak parte haundia izaten zuen bazkal ondoan: kantuak gehienbat aitaren familian eta bertso zaharrak amaren fami-lian. Bertso zaharrak kantatu eta berritzerakoan, osaba Mari Berasategi, erdi bertsolaria eta erdi “parranderoa” —familiko bati, “erdi-bertsolaria eta parrendero osoa” entzun izan diot— izan ohi genduen puntan, gidari alegia. Beste bertso zahar askoren artean, “Txakur txiki gorritxo bat” izeneko bertsoak ere kantatu ohi zituan tarteka, gustokoak zituen seiñale. Beraz umetatik ezagutzen nituen bertsoak ziran neretzat.
Gaztetan, estudiante nintzela, beste bertsio bat ezagutu nuen, Pablo Sorozabal musikariak Kalez-kale batean sartzen duena: “Txakur txiki gorritxo bat faltatu zait neri/, hartaz baliatu dena ondo bizi bedi/. Kriskitin krasketin, arrosa ta krabelin/, hartaz baliatu dena ondo bizi bedi” (bib.5) . Besterik gabe garbi zegon neretzat nondik zetozen bertso hoiek: gure familian kantatzen ziran bertsoen zati bat zirala alegia. Gertakizun horrek eraman ninduen osaba Marirekin mahai batean inguruan jarri eta zekizkin bertso guztiak kopiatu eta nik ere buruz ikastera. Geroztik nerekin dabiltza beti bertso hoiek.
Hain zuzen, nerekin dabiltzan ezkero, ez da harritzekoa, han edo hemen, lagunarte batean kantuan hastea eta Txakur Txikiaren bertsoak kantatzea. Nik ere, osaba Marik bezela, ez dut bultzada haundiaren beharrik kantuan hasteko. Horixe gertatu zitzaidan otordu ondoren batean, Aiako Laurkinen, Palazio izena duen etxean. Urtea, 1960ko hamarkadaren hasiera zen. Urte hoietan, Itziartik bueltan zigor bat zela medio, Aiako Altzolako kargua neukan neregan eta harako joan-etorriak egiteko —oinez egin behar zela kontuan hartu— Laurkinen nuen bideko ostatu, Jesus Gaztañaga lagun haundiaren etxean eta otor-duak, berriz, Palazion, Joaquin Alustiza eta bere emazte Mari Isabel Zuloagaren etxean. Egun hartan, itxura danez, umore onez eta lasai aurkitzen giñan eta nik, Txakur Txikiaren bertsoak kantatzeari ekin nion: hasi eta buka. Bukatu orduko, berehala jabetu zen Joakin eta bere sententzia eman zuen: bertso hoiek Aiakoak dira: Manterolako errota, hemen bertan zen,beheko errekan; Elordi baserria ere bai —osabak “elorritik bera” kantatzen zuen—; eta herria, berriz, Aia —osabak “Aiako harri noblia” kantatu ohi zuen. Joakini entzun ondoren, duda guztiak uxatu ziran eta garbi gelditu zitzaidan Aiako ber-tsoak zirala. Baina norenak? Joakinek ez zidan ezer ere argitu. Ez zekien seiñale.
Handik urte askotara, 1971n, Parisko ikasketak bukatu eta bueltan, hara aita Zabalak non ateratzen duen Pastor Izuela liburua (Bib.2) eta bertan Txakur txikiaren bertsoak, hark dioenez neronek kantatuak, eta bertsoen egilea, Pastor Izuela, Aiako Altzolako Ixuela baserrikoa, hain zuzen, nere parrokikoa. Harrituta eta pozez beterik gelditu nintzen. Egia esan, Pastor Izuelaren berri izan nuen Altzolan: Izuela baserrian jaio zela, bertsolari ona zela eta, batez ere, hitzezko eta bertsozko esaldiak eta ateraldiak kontatzen ziran. Honen bertsorik ez nuen behin ere entzun eta, noski, behin ere ez Txakur Txikia-ren bertsorik. Aita Zabalari kanta hoiek noiz kantatu nizkion ez daukat gogoan baina osabagandik ikasi nituen bezela datoz, oker txikiren bat —inprentako errata?— izan ezik. Hor dijoazkizute bazterrean, Txakur Txikiaren bertsoak osabak kantatu ohi zituen bezela, lehen esandako oker txiki hoiek zuzendu ondoren..
1.- Txakur txiki gorritxo bat
faltatu zait neri,
arras galdu zan baina
ez da inon ageri;
ez diot maldiziorik
bota nai iñori,
hartaz baliatu dena
ongi bizi bedi.
2.- Manterolako errota
Elorditik bera,
auzo legian edozein
allegatzen gera;
lendabizi etorri zait
neronen etxera,
gezurrezko paperakin
arraultzak biltzera.
3.- Manterolan errotari
gizon abilla da,
nere txakur txiki ori
ark berak ila da;
azeria duela
or ibillia da,
zerbait bildu naia badu
ark familiyara.
4.- Amoriyo mentian
dizut barkatuko,
ez dakit aurrera nola
zeran portatuko;
gure artian orrenbeste
balitz gertatuko,
ez giñake zu eta ni
zuzen dantzatuko.
5.- Aiako erri noblia
pasatu orduko,
danak eman ezkero,
pranko du bilduko:
gaztañ edo arrautzak
txanpon eta kuarto;
aurtengo bastimentua
badauka zierto.
6.- Nere txakur txiki, leial,
salati, klarua,
azeri kolorekua,
illajez arrua.
Arekin ibili danak
ona du garbua,
itsu aurreko balebil
a zer pajarua.
Bada hor gauza harrigarri bat: osaba Marik ez zekiela irakurtzen eta idazten —esan ohi danez, Karrikako maestrarekin haserretu eta ez zen gehiago bueltatu— eta, beraz, bertsoak buruz ikasten zituela. Ikasi eta nola ikasi gaiñera!, gure ejenpluan ikusi diteken bezela. Kantuan hasten zanean, egia esan, ez zuen duda haundirik izaten eta, beste bildumako bertsoekin konparatu ondoren, garbi dago besteekin bat datorrela detaile gutxi batzuk gorabehera. Zeini ikasi zizkion esaterik ez daukagu gaur. Dena dela, bertsoak kantatzen zekien familian jaio eta hazitakoa zen eta familian ikasitakoak izatea ez litzake harritzekoa izango.
Txakur txikiaren berri ematen duten kantuak hiru lekutan aurkitu ditut: 1) R. M. Azkue, Bib.5; 2) Aita Donostia, Bib.6 eta, jakina, 3) aita Zabala, Bib.2. Azkuek ez dakarzki bi kanta besterik eta hauek oso bertso gutxirekin, bat Aezkoan jasoa eta bestea Errenterian, auzoan beraz. Aita Donostiak, berriz, bost kanta eskeintzen ditu. Hauetatik lau dira oso bertso gutxi dituztenak: Arraiozen (Baztan), Aranon eta Iribasen bilduak. Ereñozun (Hernani) jasotakoak txakurraren kolorea aldatzen du eta beltza dela dio: “Txakur beltz txikitxo bat faltatu zait neri”. Bertso aldetik interes haundia duena 979. da.
Etxarri (Larraunen) jasoa dago eta guztira 12 bertso dakarzki; bertso gehiena dituen aldaera, beraz. Eta, azkenik, aita Zabalak bildutakoak: bertso-aldetik interes gehiena dutenak, Loiolako J. I. Aranaren (Azkoitia, 1838-Oña, Burgos, 1896) bildumakoak eta neronek kantatu nizkanak —gogoan hartu bertso hoien iturri jatorra, (Joan) Mari Berasategi, Oiartzungo Berinberri baserriko osaba dela— (Ikus Bib.2, 43.tik 47. orrira).
Esandako kanta eta bertsoak irakurri ondoren, motz-motzean puntu jakingarri batzuk markatu ditezke:
-Herri askotan, Gipuzkoan eta Nafarroan, azaltzen dirala bertso hauek edo, gutxienez, hauen arrastoak. Famatuak izan zirala dudarik ez dago. Bertso-paperak izatea ere ez litzake harrigarria izango: batetik, aita Zabalak dioenez, bertso-saltzen ibili omen zen Pastor Ixuela bere bizitzako garai batean (Bib.2, 22. orria) eta, bestetik, han eta hemen azaldu diran bertso asko berdintsuak diralako eta, azkenik, Pastor Izuelaren bertso-sorta bat ere bertso-paperetan azaldu dalako, lehen esan dugun bezela, Jose Anjel Sarasolaren paperen artean (Bib.2, 68. orria) Hauek ere, hasieran behintzat, hala izatea ez litzake harritzekoa izango.
-Zenbat bertso izan ote ziran Txakur txikiez egin ziranak? Eskuartean ibili ditugunen artean denetarik dago: Azkueren bi puntuko bertsoarekin hasi (Bib.5. 680. kanta) eta 12 bertso dakarzkin Etxarri-Larraunekoaren 12 bertsoraino (Bib.6, 979. kanta). Gehienak, osaba Mariren antzera, 6 bertsoren inguruan dabiltz. Baina, hain zuzen, Etxarriko kantak 14 bertso aitatzen ditu: “Amalau bersorekin/ nai dut despeditu”. Beraz, bertso-sorta osoa ez da guregana iritsi. Nolanahi nahi ere, Etxarri (Larraun)go lekukoak, —aita Donostiak, tamalez, ez du bere izenik agertzen— gure esker on guztiak merezi ditu: bertso gehien gorde ditualako, batetik, eta, bestetik, Ixuelaren estiloa, egitura eta esaerak kontuan harturik, antza haundia dutelako eta bereak izatea itxura haundia dutelako.
-Ahozko literaturaren alderdi bereiziak garbi azaltzen dira bertso-bilduma honetan eta harrigarriena, memoriaren, herri-memoriaren indarra eta garrantzia. Eskuartean erabili ditugun bilduma guztiak, J. I. Aranarena izan ezik, gutxienik, 100 urte beranduago jasotakoak dira. Osaba Mariren kasuan, 125 urte geroago jo behar da eta, seguru, hitzez hitz, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi jasotakoa. Hala ere zehaztasunik ez du galtzen eta, beste bildumekin konparatuta, oso hurbil dabil eta zenbait bertsotan itxura eta egokitasun haundiagoa eskeintzen du. Izan ere, buruz ikasitako bertsoak diranez, aldaketak ezin dira erabat baztertu. Osabak ere edo bertsoak erakutsi zizkionak, lehen esan dugun bezela, aldaketa batzuk sartu zituan: “Aiako Herria” zena osabarentzat “Aiako Harria” bihurtzen da, ongi ezagutzen zuen Oiartzungo mendia; Manterolako errota, “Elorditik bera” aurkitzen da baina Elordi ezagutzen ez zuen osabarentzat, “elorritik bera” zegoen errota zen, baserri askotan aurkitzen den elorriaren azpian zegoena alegia; baina ez da osaba bakarra oker dabilena, Etxarrikoak “elurdi” aipatzen du Elordiren ordez eta bi kasuetan izen hori ezagutzen ez zutelako eta paperarik ez zutelako. Eta modu horretan, ez jakinean, sortzen dira izenen aldaketak. Baina aldaketa txikiak nolanahi ere, argitasun batzuk emateko izan ezik. Baina aldaketarik txarrena, beti ere, bertsoak galtzea da, erdizka edo osorik. Gure kasuan, bertso batek dioenez, hamalau bertsoko sorta zan baina gehiena gorde dituanak ere, Etxarrikoak, 12 besterik ez ditu eskeintzen. Besteak, sei bertsoren inguruan dabiltza gehienak eta badira, bertso batekoak eta bertso erdikoak ere. Ia 200 urte dituzten bertso hoiek gure-ganaraiño iristea harrigarria bada ere, ahozko literaturaren mugak hor azaltzen dira garbi, famatuak diran bertsoen kasuan ere. Eta, ez dezagun ahaztu, garai beretsuko beste bertso eta bertsolari ez gutxi, ez hain famatuak, betirako galdu dirala arrastorik utzi gabe. Txakur txikiaren bertsoak garbi agertzen digute ahozko literaturaren alderdi harrigarriak baina bai eta mugak ere.
OHOREZKO DOKTORE
Gogoeta hoiek guztiak bururatu zitzaizkidan aita Zabalak ongi merezitako sari bat jaso zuanean: hain zuzen, Deustuko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuanean, Ohorezko Doktore alegia, unibertsitate batek eman ohi duen mailarik goiena.
Ospakizuna Deustuan egin zan 1999go azaroaren 17an. Orduko egunkariek ospakizuna-ren berri luze eta zabal eman zuten et ez dago berritu beharrik (Bib.7). Badirudi, beraz, unibertsitea eta ahozkotasuna elkarrengana hurbiltzen hasi dirala edo, gutxienik, eukal ahozkotasuna sakonki landu duen gizon bat ohoretu duela unibertsitateak. Bazen garaia, esan dezakegu.
Badira urte batzuk, euskal unibertsitatearen jokaera harrigarria salatu nuela Ahozkotasuna eta unibertsitatea izeneko artikulu batean. (ikus Bib.8). Batetik, ...“gauza nabaria da euskal literatura minimoki ezagutzen duen edozeinentzat, ahozko literaturak duen garrantzia. Garbi daukat nik behintzat, Euskal Herriak herri bezela gai honetan zerbait bizia eta propioa, praktikan eta eskarmentuan errotua, eman lezakeela eta eman behar lukeela mundu zabalean, Iparragirre kantore haundiak zioen bezela”. Eta, bestetik, ahozko literaturaren alderdiak aipatzen nituen: “Bertsolaritzaz gain, ahozkoan sartu beharreko beste jenero ere baditugu, ahaztu ezinak eta sakonki aztertu beharrekoak. Kantutegia izango litzake beste sail nagusia: kantua, berez, ahozkoa dela ukatzerik ez dago, kantatzeko egina delako eta ez irakurtzeko. Jakina, hain ugaria eta aberatsa iza-nik kantu-altxorra, kantutegiak azpi sail asko izango lituzke. Mitologi, ipuin, kontu, esaera, atsotitz eta abar, hor ere izango litzake zer bildua eta zer aztertua eta, azkenik, herri-antzerkia, batez ere, pastoralak.Hit gutxitan esanda, Euskal Herriko ahozko gaietan, “corpus” sendo, aberats eta eder baten jabe dela, bertakoentzat ikasgai izango litzakena eta kanpokoentzat jakingarri eta, behar bada, exenplu. Hain zuzen, hor dator unibertsitatearen eginkizuna eta eginbeharra. Mundu zabalaren aurrean zerbait berei-zia eta aberasgarria eta zerbait propioa eskeini eta eman dezakegula uste dut egiatan. Azkenik, gai honetan aurrelariak izan ziranen lan eskergarria aipatzen nuen:
...“uste dut unibertsitate-aurre bat izan zela, gaur ere behar hainbat kontuan hartu eta ofizialki ai-tortzen ez dena. Gasteizko seminarioaz ari naiz: hango Eusko-folklore elkartearen labo-rategiak, azterketak eta argitalpenak D. Jose Migel Barandiaran buru zutela eta, adar bezela eta metodo berdintsuekin, ahozko literatura aztertzeko Kardaberaz taldea D. Manuel Lekuonaren gidaritzapean. Honen bi liburuak: “La poesia popular vasca”, 1930, eta batez ere, Literatura oral euskérica”, 1936, gaur klasiko bihurtu dira eta erreferentzi baztertu ezinak dira. Ba, gaur da eguna euskal unibertsitateek oraindik “honoris causa” omenezko aipamena ere eman ez diotena. Bizi zanean, behar bada unibertsitatea oraindik gaztetxoa zelako baina, geroztik? Hamar urte pasa berriak dira hil zela (1987) eta aukera polita izan zitekeen.... pauso txiki batzuk eman nituen nere partetik... eta behin batez gehiago enbidotxo bat botatzen dut publikoki, ea arduradunak behingoz jokoan sartzen diran”. Ba, hiru urte pasa dira eta arazoak lehengoan jarraitzen du; erantzunik gabe.
Hori guztia jakinik, ohorezko omenaldi hori, ongi merezia zeukan gure lagun aita Zabalak eta ongi merezia zeukan ahozko literatura euskaldunak ere. Zorionak biei. Gure partetik eta oiartzuar askoren izenean, horra, haren ohoretan, esker onez eta gogoangarri Oiartzundik bidaltzen diogun diosala: mila esker eta urte askoan, lagun zahar. Jarrai aurrera!
Hendaia, 2001. maiatza.
Andoni Lekuona