Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Historia / Datorren maiatzean Maria Engracia (Josefa Joakina) Lecuona Aramburu oiartzuarra beatifikatua izango
Datorren maiatzaren 10ean, Joan Paulo II.a Aita Santuak Madrilgo Dona Mariaren Ikustaldiaren Lehen Monasterioko Zazpi Martiriak beatifikatu egingo ditu Erroman, honako Ahizpa Beneragarriak, hain zuzen ere: Granadako Alhamako Maria Gabriela (Amparo) de Hinojosa Naveros, Puerto Realeko (Cadiz) Teresa Maria (Laura) Cavestany y Anduaga, Ferroleko (Coruña) Josefa Maria (Carmen) Barrera Izaguirre, Etxabarriko (Nafarroa) Maria Ines (Ines) Zudaire Galdeano eta Azpeitiko Maria Cecilia (Maria Felicitas) Cendoya Araquistain, Garingo Maria Angela (Martina) Olaizola Gargarza eta Oiartzungo Maria Engracia (Josefa Joaquina) Lecuona Aramburu gipuzkoarrak. Guztiak ere jatorri desberdinekoak (Granada, Ferrol, Cadiz, Nafarroa eta Gipuzkoa), eta 1872 eta 1910 bitartean jaiotakoak (nahiz eta hainbat hiritan bizi izan, hala nola, Malaga, Alacant, Valentzia eta La Granjan), Zazpi Ahizpek Madrilen igaro zuten bizitza erlijiosoaren zati handi bat, martiri gisa Jaunari eskaini ziotenak.
Dona Mariaren Ikustaldiaren Ordena 1610. urtean sortu zuten Annecy-n (Savoia Garaia, Frantzia) San Frantzisko Salesekoak -Genevako Apezpiku eta XVII. mendeko humanista handienetakoa, Maitasunaren Doktore aldarrikatua-, eta Dona Juana Frantziska Txantalekoak; Espainiara 1749. urtean iritsi zen.
Kontemplaziozko Ordena da, eta bere izpiritua -Jesusen “Ikas ezazue Nigandik, bihotzez otzana eta apala naizen honengandik” hitzetan oinarritzen dena-, “Jainkoarekiko umiltasun handikoa eta lagun hurkoarekiko gozotasun handikoa” da.
Ikustaldiaren Lehen Monasterioa Madrilen kokatu zen 1749. urtean, Fernando VI.a eta Braganzako Barbara Errege-erreginari esker. 1870. urtean, Mendizabalen desamortizazioak behartu egin zuen Komunitatea Monasterioa uztea (gaur egun Santa Barbarako Parrokia eta Justizia Jauregi bilakatu da); eta, gorabehera askoren ondoren, ongile batzuek Monasterio berria Santa Engracia kalean eraiki zuten, 1881. urtean.
30.eko hamarkadan ezegonkortasun politikoa hasi zenean, Madrilen bizi zen Komunitatea oso ugaria zen; 83 ahizpa zeuden bertan, eta beren bizitza lanari, anaitasunezko harremanari eta Jainkoaganako gorespenari lotua zegoen; baina 1931n izandako gertaeren aurrean, lekaimeen segurtasun eza handia zen, elizak eta komentuak sutan baitzeuden. Gauzak horrela, Komunitateak Oronozen (Nafarroa) babestea erabaki zuen, ahizpa gutxi batzuk Madrilen geratu ziren bitartean, Monasterioa zaintzeko; eta Oronozera itzuli ziren arren, 1936an Madrilera joan behar izan zuten berriro; bertan zazpi Ahizpak geratu ziren, arpilatua, profanatua eta sutua izan zen Monasterio ondoko lokal batean. Laster beste pisu bateko neskameak salatu egin zituen, eta, horrela, hainbat miaketa jasan ondoren, 1936ko azaroaren 18an eta 23an fusilatu egin zituzten lekaime izateagatik; banatu eta segurtasun bila joateko aukera izan zuten, baina nahiago izan zuten elkarrekin hil, beren biziak eskuzabaltasunez eta poztasunez oparitan eskainiz, goreneko maitasunaren eta Kristoganako leialtasunaren adierazgarri gisa.
Hasieratik uste izan zen Zazpi Ahizpak fedearen kontrako gorrotoaren biktima izan zirela, eta, horregatik, Madrilgo artzapezpikuak beatifikazio eta kanonizazio Kausaren prozesuari ekin zion 1985. urtean; Elizbarrutiko Informazioa erabili zen, eta 34 lekukok deklaratu zuten. Bukaera Ekitaldia 1989ko apirilaren 26an izan zen.
Kausa Santuen Kongregazio Sakratuak onartu zuen, 1991ko abenduaren 6an aldarrikatutako dekretuaren bidez.
1996ko urriaren 4an Kontsultari-Teologoek Saio Berezia egin zuten, aldeko emaitza izan zuena.
1997ko ekainaren 3an, bestalde, Aita Kardinalek eta Apezpikuek Ohiko Bilkura izan zuten, eta adierazi zuten Maria Gabriela, Teresa Maria, Josefa Maria, Maria Ines, Maria Cecilia, Maria Angela eta Maria Engracia Ahizpek Kristoganako zuten leialtasunagatik eskaini zutela beren bizia.
Azkenik, 1997ko uztailaren 7an, Joan Paulo II.a Aita Santuak zera adierazi zuen: “agerian dago Jainkoaren Mirabeen martirioa”; horrela, bada, Beatifikazioaren Dekretua argitaratzeari ekin zitzaion.
Maria Engracia (Josefa Joaquina) Babilonia baserrian jaio zen, 1898.eko uztailaren 2an. Gurasoak, Pedro Jose Lekuona Mancisidor eta Matilde Aramburu Berasategui, kristau sutsuak zirenak, urte gutxiren buruan 14 seme-alabez osatutako koroaz inguraturik ikusi ziren. Maria Engracia txikitandik nabarmendu zen bere adimenagatik eta erantzukizun-senagatik. Bizia eta pairamentsua, gurasoen etxean ikasi zuen beharra eta lanagatiko maitasuna, bai eta Jainkoaren ezagutza eta zerbitzatzea, gainerakoak zoriontsu eginez. Haurra handituz zihoan; eskolara joateko garaia iritsi zitzaion, baina urruti zegoenez, ezin bertaratu hara; gainera, anai-arrebak asko ziren eta amari lagundu beharrean zegoen; eta ama izan zuen, hain zuzen ere, irakasle, eta irakurtzen eta idazten hark irakatsi zion; era beran, kristau-ikasbidea irakatsi zion, eta Lehen Jaunartzerako prestatu zuen.
Geroago, Maria Engracia berak eskola jarri zuen etxean inguruko haurrek kristau-ikasbidea ikas zezaten, eta pazientzia handiz jardun zuen. Nahiz eta etxekoentzako hori zama bat gehiago izan, beraiek ere bide bera jarrai zezaten animatu zituen; dena dela, laster utzi beharrean izan zuen zeregin hori: anai-arrebak asko ziren, diru-sarrerak txikiak, eta bizimodua atera beharra zegoen. 13 urte zituen eta familia batean hasi zen lanean, bi urtez etxeko nagusien seme-alabak zainduko zituelarik. Epe hori igarotakoan, gurasoek deitu egin zioten, eta berriro bilakatu zen etxea alaigarri. 16 urterekin berriro irten zen etxetik ogia irabazteko, baina lan gehiegi egiten zuenez, osasunez ahul jarri zen, halako moldez, non gurasoek berriro deitu baitzioten etxera itzul zedin. Gerora ere, bi urtez beste familia batekin egon zen, baina sukar handiak zituela kausa, zereginak alde batera utzi behar izan zituen; nolanahi ere, bazekien zer zen lan egitea bai etxetik kanpo baita etxean ere.
Oso barnean zeraman bizitza erlijiosoan sartzeko nahia, eta Donostiako Ikustaldiaren Lekaimeak bisitatzera joan zen. Madrilen tornulari baten premian zeudela jakin zuenez, bertako izpirituaz eta bizitzaz informazioa jaso nahi zuen. Izpiritu horrekin -berak jada bazuena, “umiltasunez ibiltzen dena, ziurtasunez ibiltzen baita”-, eta bertute horrekin, bere osasun-egoera pattalaren berri eman zuen, baina hara hor bere poza, osasuna eragozpen ez zela jakiterakoan! Gurasoei etxea uzteko erabakia eman zienean, 27 urte zituen. Monasterioan 1924ko abenduaren 7an sartu zen, Andre Maria birjinaren sortze garbiaren bezperan. 1925eko urriaren 8an abitua jazteko poz ikaragarria izan zuen, eta Maria Engracia izena hartu zuen.
Komunitatea Oronozen babestu zenean 1931n, berak, Eguneko Ahizpa zenak, eginahalak egin zituen behar zuten guztia lortzeko. Bere aurpegi atseginak, gozotasunak eta sinpatiak bihotz guztiak bereganatu zituen, eta laster ezaguna egin zen herrixka hartan eta inguruetan.
1936an Jaunak Madrilen geratu zedin eskatu zion, eta sakrifizioa oraindik ere neketsuagoa izan zitzaion, Komunitatearekin batera bere ahizpa Maria hiriburutik irten zela ikusi zuenean. Maria ere Monasterioan sartu zen, duela bi urte-edo.
Eskuzabal ikusten zitzaion beti, eta bihotzean zuen sumina begitarte lasaian agertuko zen, une zail haietako tentsioaren eta izualdien erdian. Erdisoto-babeslekuan umore punttua jartzen zuen, eta ahizpei bere poza kutsatzen zien, otoitz, sakrifizio eta anaitasun beroko bizitzaren erdian. Bazekiten zer-nolako arriskuan zeuden, baina elkarrekin jarraitu nahi zuten, eta berehalako martiriorako prestatu ziren; gau osoan iratzarrita egongo ziren, Jainkoarekin intimitate sakonean.
Manuel Longoria kaleko 4. zenbakiko atezainak -lekaimeak defendatu eta asko estimatzen dituenak- honako hau adierazi du: Maria Engracia Ahizpak hauxe esan zidan behin baino gehiagotan: “Gertu dago martirioa, hau poza! Ai! Oraindik ez dira milizianoak gure bila etorri! Bai luzea itxaronaldia!”
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Juana Lecuona lekukoari eta bere alaba Ana Victoriari, Jainkoaren Mirabearen ahizpa eta ilobari, eman diguten informazio guztiagatik.
Oiartzun, 1998ko apirilaren 30a
Joxe Mari Sanzberro