Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Historia / Oiartzungo schola cantorum: Araudia (1922)
Oiartzungo eliza hain maite duen Joxe Antonio Irigoien Sein, “Xefeino”-k, eskuratu dit dokumentu preziagarria: “Reglamento de la Schola Cantorum de la Parroquia de Oyarzun”. Gazte denborako koru hark guretzat zeresan handia zuenez, aldizkari honetan bertan aurkeztu genuen Oiartzungo parrokian urtean zehar kantatzen ziren eliz abestien zerrenda (Oiartzun urtekaria 11 (1981) 45. or,). Gaur, araudia eskuartean dugunez, gure herritarrei eman nahi diegu dokumentu honen berri, gauza jakingarriak dituelako gure herriko historia koralaren urtealdi bat ezagut dezagun.
Araudi honek sei orrialde ditu, eta data honekin bukatzen da: “Oyarzun, fiesta de Santa Cecilia de 1922”. Eta gero, azkeneko orrialde honen atzean “Junta directiva fundadora” (Eraikitzaileen Zuzendaritza), kargudunen izenekin eta beren sinadurekin: zuzendaria, Pablo Irigoyen; zuzendariordea, Martin Zalacain; lehenengo batzordekidea, Jenaro Michelena; bigarren batzordekidea, Tiburcio Sorondo; idazkaria, Dionisio Martiarena; diruzaina, Leoncio Aramburu; eta eliz oniritzia “el Párroco, Martin de Erice”.
Lehenengo kapituluan elkartearen egitekoa eta helburua finkatzen dira. Esaten da Santa Zeziliaren zaindaritzapean sortzen dela “Schola Cantorum” (Kantarien Eskola) eta eliz agintaritzaren babespean; eta helburua dela Jainkoaren aintza eta arimen onbideratzea. Eskola honek izen desberdinak har ditzake egoeren arabera: haur-kantariak (escolanía), kantu-eskola (academia), eres-taldea (capilla). Musikazko eta erlijiozko korporazio bat da, Elizak sortua liturgi kantuak zaintzeko eta abesteko.
Bigarren kapitulua elkartearen eratzeaz ari zaigu. Parrokiako organistak, kantarien Eskolako zuzendaria denez, agintzen du musika dohainik erakutsiko diela zaletasuna duten eta Eskolakoak izan nahi duten gazteei… Kantu-eskolak urriaren 15etik maiatzaren 15a arte iraungo dute, egunero ordubeteko ikastaldia emango delarik, jai egunetan eta zenbait larunbatetan izan ezik. Musika-ikastaldietan izena ematen dutenak ez dira Eskolakoak izango, ikastaldietara gutxienez hiru hilabetez joan arte. Berauek bazkidegai bezala hartu aurretik, ikusi behar da berauen bizitza zuzena, musikarako gaitasuna, ahotsa eta abar.
Profesional izena emango zaie bazkideei Zuzendaritzaren iritzian, musika-gaietan eskolatze aski dutenean. Eta Dekano izena, berriz, emango zaie, gutxienez bost urtez Parrokiako koruan zerbitzua eskaintzen dutenean.
Hirugarren kapitulua bazkideen betebeharrez ari da: Eskolako orduez eta entseiuez aparte, aipatzen dira zein diren urteko festaburuak, kantarien Eskola osoak parte hartu beharrekoak, mezetan batez ere: Biztuera Bazkoa, Pentekostes Bazkoa, Corpus Christi (meza eta prozesioa), Eguberri, Epifania, Jesusen Bihotza (meza eta prozesioa), Sortzez Garbia (meza eta arratsaldeko elizkizuna), San Esteban, abuztuaren 3an, Erramu Eguna (meza eta prozesioa), Ostegun Santua (meza, maitinak eta prozesioa), Ostiral Santua (maitinak eta prozesioa), Santa Zezilia. Eskatzen ere da, baina beharrezko izan gabe, parte hartzea beste festaburu hauetan: Jaunaren Igokundea, Andre Mariaren Zeruratzea, San Esteban, abenduaren 26an, Santu Guztiak, San Pedro eta San Paulo, Urteberri, San Jose, Santiago, San Inazio, Arimen Eguna, Umeen Jaunartze Nagusia, Sortzez Garbiaren bederatziurrena, Arimen Bederatziurrena; lehen mailako hiletak; abenduaren 25a eta 26a, goizaldeko mezetan; Errosario Santuko prozesioa.
Laugarren kapitulua bazkideen eskubideez mintzo da. Berariazko arauz Kantarien Eskolakoak direnek eskubide dute banatzen diren ordainsarietan esku hartzeko, betebeharrak betetzen badira edo ezinetorria adierazten bada. Hildako Dekanoek eskubide dute lehen klaseko hileta-kantuak ehorzketa-mezan izateko. Gainerako bazkideek, aldiz, bigarren klaseko hiletak izango dituzte. Bazkideen hiletetara ahal duten guztiak joatea eskatzen da.
Bostgarren kapituluan, bestalde, aipatzen dira bazkideak elkartetik botatzeko arrazoiak. Hortik aurrera, 6. kapitulutik 12.era, Zuzendaritza Batzordea aipatzen da, elkartearen eta kargudun bakoitzaren egitekoak eta eskudantziak zehaztuz.
Oiartzungo “Schola Cantorum”-ek iraun zuen 1922tik Vatikano II. Kontzilioko eraberritzea etorri zen arte, San Pio X.ak ezarritako musika-erreformaren barruan. Bi euskarri izan zituen kantarien Eskolak: D. Pablo Irigoien Irazu zuzendari eta Martin Zalacain Egino zuzendariorde. Lehenengoa apaiz-organista zen, korua eraberritu zuena, kantu-altxorra aberastuz, kantari berriak prestatuz, urteko kantu-zerbitzua ongi betez. Liturgi sena berea zuenez, ondare bat utzi zuen kantarien sailekoak ginenongan. Bigarrenak, organista bere eginkizunean ari zenean, koruko kantaldia zuzentzen zuen. Gure garaian ezagutu zen kantorerik hoberena zen bera: organoa ere jotzen zuen, denbora oparo ematen zion kantatzeari elizkizunetan eta entseiuetan, eta laguntza ezin hobea zen koruko jardunaldietan. Bata eta bestea dira, gainerakoei ere berea emanez, denboraldi horretako “Schola Cantorum”-ek izan zituen oinarrizko zutabeak. Ezin eskertua da egin zuten lan bikaina.
Kantarien Eskola orduko egoerari eta beharrei emaniko erantzuna zen, tajuz bideratua, une historiko bati egokitua. Gaur egun, beste zerbait eskatzen da, erantzun eguneratu bat alderdi guztietatik. Baina argibide ona izan liteke lehen hemen egin zena, ez lehengoari atxikitzeko, baizik eta oraingoari izpiritu berarekin erantzuteko, ahalegin berarekin, kantuzko liturgi zerbitzua gaurko gizarteari gogo berarekin eskainiz. Gaur antzeko zerbait eskatzen da: elizaren agintepean, liturgi zerbitzuak finkatu, (kalendera, partaidetza); arduradunen gidaritzapean kantuzko altxorra aberastu, koruko eginbideak banatu; araudi baten barruan korukoen eskubideak erabaki eta ziurtatu… Lan garrantzizkoa da, herriak horrelako zerbitzu bat eskatzen duen neurrian: hiletak, urtean zeharreko festaburu gailurrak, Eguberri, Aste Santu, San Esteban, Santu Guztiak, eta beste zenbait. Lan estimagarria ere bai, bizipen erlijiozko kolektiboan musikaz beti baliatu izan garenontzat. Horrelako langintzek bakarrik sendotu dezakete tradizioaren eta gaurkotasunaren arteko lotura bizigarria. Gaur aurkeztu nahi genizuen mende honetan 40 urtez gure elizako koruan indarrean egon zen araudia. Gure historia hurbila eta hurbila bezain preziagarria. Merezia zuen gure aipamena egitea eta gure estimu beroa agertzea.
Juan Mari LEKUONA