Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Historia / Soldatapeko danbolin jolea
Oiartzungo historiari buruzko agiri bila gabiltzala, batzuetan dokumentu benetan politak aurkitzen ditugu. Ez dira historia handikoak izango, baina, agian horrexegatik ditut nik atseginago. Horietako bat da gaur lerro hauetara dakarkigun agiria. Oiartzungo herriak danbolin jole batekin egin zuen kontratuari burazkoa, hain zuzen ere.
Prentsan argitaratu zen Esloveniako arkeologo batzuek duela 43.000 urteko hartz gazte baten izterrezurrarekin egindako xirula aurkitu zutela. Horrek, horrela bada, lehen xirula ezaguna izateaz gain, adieraziko liguke Neardenthaleko gizakiek bazutela nolabaiteko arte-sena edo kontzientzia, askok eta askok zalantzan jarri izan dutena. J.A. Arana Martija historialariak, HISORIA DE LA MUSICA VASCA lanean, Isturitzen (Behe Nafarroan) aurkitutako xirula bat aipatzen du, duela 20.000 urte ingurukoa. Aziliensetik aurrera (k.a. 6.000 eta 9.000 urte bitartean) agertzen dira, jada, mota horretako xirulak.
Euskal Herriko ikonografia erromanikoan ugari dira xirula jotzen agertzen diren pertsonaiak, gure elizetako arkibolta, tinpano edo koruetan.
Baina danbolin jolearen edo juglare soldatapekoaren figura, gaur egun txistulari izenaz ezagutzen duguna, oso berria da, eta data aldatuz doa, herri batetik bestera.
On Manuel Lekuonak, Del Oyarzun Antiguo izenburuko bere obran, adierazten zuen 1771 urtean hasi zela Oiartzungo herria danbolin jole bat eta danborra ordaintzen, 1.350 eta 360 erreal, hurrenez hurren. Gaur, hona, Oiartzungo Udalak eta danbolin joleak 1777an egin zuten hitzarmenaren edo kontratuaren berri emango dugu.
Diogun bezala, 1777an gaude, eta Oiartzungo Kontzejua edo Udala ez zegoen pozik kontratupean zeukan danbolin jolearekin, Frantzisko de Lizarriturrirekin, lan horretarako "ez gaitzat" hartzen baitzuten, eta, horrek eraginda, beste danbolin jole bat
kontratatzea erabaki zuten. Horretarako, otsailaren batean elkartu ziren Vicente de Ibarguren, Donostiako danbolin jole soldatapekoa, "sona handikoa eta bere lanean entzutetsua", Oiartzungo erregidoreekin (gaur egun zinegotziak izango liratekeenak) danbolin jole postu horretan interesaturik leudekeen hautagaitzak aztertzeko. Miguel Ignacio de Etxeberria, 25 urteko gaztea, bakarrik aurkeztu zen, azterketa egin eta danbolin kontuan "oso jantzia" zegoela ohartu ziren.
Hurrengo egunean, 1777ko otsailaren 2an, egin zuten kontratu idatzia Udalak eta Etxeberriak. Horretarako, eskribauaren aurrean bildu ziren Sebastian Antonio de Zistiaga eta Joseph Antonio de Portu, Oiartzungo alkateak, Joseph Ignacio de Intxaurrandieta epaile, Joseph Ramon de Indarra, erregidore nagusi, Joseph Antonio de Lizardi eta Egañarekin danbolin jole gisa, eta ondoko baldintza hauetan adostu ziren:
- Azoka egunetan eta igandeetan, meza nagusiaren ondoren, danbolin joleak lagunduko die kapitularrei (aurretik) hilerriko harmailetatik (eliz ataritik) udaletxeraino.
- Udan, goizeko 07:00etatik meza hasi bitartean joko du eta, arratsalde partean, bezperak amaitzean, Ave Maria jo arte. Ondoren, jarraitu ahal izango du, betiere Justiziak baimendu eta bertan dagoenean (hau da, alkatea).Neguan, goizeko 08:00etan hasiko da, meza hasi arte, eta arratsaldean, uda partean bezala.
- Larunbatean, Elizalde auzoan joko du 1 l:00etatik 12:00ak arte, eta arratsaldean, ordu pare bat.
- Ekainaren 24an, San Joan egunean eta bezperan; Gorpuzti-egunean eta bezperan; San Esteban egunean eta bezperan; eta Pazko Berpizkunde egunean erronda egingo du hiru auzotan barrena: Elizalde, Iturrioz eta Altzibar.Igandeetan eta azoka egunetan, arratsaldean txandaka joko du auzoetan; egun batean Iturriozen, bestean Altzibarren eta hurrengoan Elizalden, eta egun horietan guztietan, goizean Elizalden.
- Miguel Ignacio beste udalerri batera joan ahal izango da, betiere Oiartzungo zereginak betetzen baldin baditu.
- Danbolin joleari 6 urteko kontratua egingo zaio, eta urtean 60 pesoko soldata izango du, 20 pesoko hiru epetan ordainduta.
1827an, Udalak eta Jose Antonio Etxenike danbolin joleak egin zuten kontratuan adierazten edo zehazten zen ezin izango zuela jo abenduko igandeetan eta Garizuman, Pazko Berpizkundearen zortzigarrenera bitartean eta debekatu egin zitzaion "fandangoa, kontradantzak, baltsak eta boleroak jotzea; aldiz, zortzikoak jo behar ditu, gure aurrekoen usadioari jarraikiz". Halaber, kontratu honetan adierazten da igande arratsalde batean euria egiten baldin badu, baimena izanez gero, jo ahal izango duela kontzejupean edo udaletxe azpian. Aurreko kontratuarekiko beste berrikuntza bat da, erregidore berriak hautatzean (zinegotziak), danbolin joleak egun horretan opari gisa euren etxe aurrean jo beharko duela.
Ondorio gisa onartu behar da garai batean txistulariena garrantzi handiko jarduera zela gure herrietako gaztediarentzat.
Manuel de Larramendik Corografia o Descripcion general de la muy nombre y muy leal provincia de Guipuzcoa obran dantzen inguruan idatzi zituen lerro batzuekin amaituko dugu:
"Danbolinak beste edozein instrumentuk baino gehiago poztu ohi ditu herriak, eta horretarako, dirudienez, kitzikagarri naturala du. Ikusten da amen besoetan dauden haurrengan: geldi-geldi egoten dira eta ez dute ezer adierazten beste instrumentu bat entzutean; baina, danbolina entzuten baldin badute, kulunka hasten dira eta besoak astintzen edo mugitzen, begietatik, ezpainetatik eta aurpegi osotik poza dariela. Xirula jotzeko duten fineziak eta trebetasunak aho zabalik edo txundituta uzten ditu adimenduak; hiru zulo dituzte bakarrik eta ezker eskuarekin, bi eskuekin eta hainbat zulo dituzten xirulekin jotzen dituztenak bezain pieza goxo eta bihurriak jotzen dituzte; eta danbolin joleak musika baldin badaki, inoiz ikusi ohi den bezala, beste edozein musika-tresnarekin egiten den beste edozein emanaldi ederki laguntzen du".