Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
< Informazioa Orokorra
/ Oiartzungo Amarria
Oiartzungo herriari dagokionez, ez dakigu noiz hartu zuten armarria, baina ziurrena dirudi, Oiartzungo kontzejua, Villanueva de Oyarzun edo Renteria-tik aske, eratu zenean izango zela; edo bestela 1453an, Juan II.ak mesede hau eman zionean; edo oraindik ziurrago 1491n Errege Katolikoek Errenteriaren erreklamazioen aurka mesede hori behin betiko berretsi ziotenean.
Ez dago dokumentu bidezko konstantziarik, Oiartzungo kontzeju berriak hartu bide zuen armarria garai goiztiar hartan inoiz erabili zuela frogatzen duenik, batik bat Aro Modernoan jada galdua baitzen dokumentuetan zigiluak sartzeko ohitura, Errege Katolikoek lagundurik burokrazia sortua zenez gero.
Oiartzungo armarriaren dokumentu bidezko lehen aipamena Lope Martinez de Isasti kronistagan daukagu; 1625ean aipatzen du honek Oiartzungo armarria eta honela deskribatzen du: "es un castillo roquero y se presume que es por causa del castillo de Beloaga, que lo tuvo en su jurisdicción...". (harkaitz gaineko gaztelu bat da eta uste da Beloagako gazteluagatik dela, bere eskumenean eduki baitzuen...). Bistan dago deskribapena ez dela biziki zientifikoa; eta harritzekoa ere bada hau, Gipuzkoako udal-heraldikari buruz autore honek egiten dituen deskribapenak nahiko zehatzak izaten dira-eta. Lehendabizi, ez da gaztelua eta bai dorre bat, eta ez dago harkaitz baten gainean ezarria (roquero) ere, inoiz ez baita horrela errepresentatua izan. Beloaga edo Feloaga-ko gazteluaz egin den deskribapena funtsik gabea da, hiribildu askok baitaukate dorre edo gaztelu bat beren armarrian, baina horrek ez du esan nahi han derrigor dorre edo errege-gaztelu bat egon zenik. Dorreak edo gazteluak esan nahi zuen hiribildua zela, ohitura baitzen Erdi Aroan, hiribilduak babeste aldera bueltan-bueltan harresi batekin hornitzeko.
Oiartzungo armarriaren harrizko lehen errepresentazioa, Udaletxea atosteko 1678an jaso zen eraikin handian aurkitzen dugu lehenengoz, albo banatan bana; eraikinari dagokionez, gaur egun ere eginkizun bera betetzen du oraindik.
Jakina da armarriak zizelatu zituzten hargin-maisuak zein ziren; "de la Incera"tarren familiakoak ziren, aita-semeak, Kantabriarrak. Dozenerdi bat hargin-maisu ere dokumenta daitezke Kantabrian "de la Incera" abizena dutenak. (Juan de la Incera, XVI. mendean), Juan Antonio de la Incera (XVIII. mende-hasieran), Mateo de la Incera XVII. mende-hasieran), Francisco de la Incera (id), Juan de la Incera (XVI. mendearen erdialdera eta Francisco Ventura de la Incera XVIII. mende-bukaeran); baina litekeena da dokumentatu gabeko beste hargin batzuk izatea ere.
Armarrian jasotzen diren heraldikazko elementuen interpretazio posibleari dagokionez, esango dugu, ohiki ez dela ezagutzen ez harmarriak zein momentutan hartu ziren eta ez sinbolo jakin batzuk aukeratzeko erabilitako arrazoiak zeintzuk izan ziren, hala udal-armarrien kasuan nola famili armarri edo leinu-armarrien kasuan. Horiei buruz aurki daitezkeen legenda edo fabula guztiak XVII. eta XVIII. mendeetan asmatuak izaten dira ia beti; eta asmatu ere sortu eta hainbat mende geroago, arma-errege axolagabeen eskutik, emanagoak baitzeuden beren bezeroei losintxa egitera, benetako errealitatea erakustera, edo hori ezagutzeko ezintasuna aitortzera baino.
Oiartzungo herriaren kasuan, gure ustez, 1491an hartuko zuten armarria, alegia haren hiribildu-izaera, Errenteriatik askea zen udal batekin, berretsia izan zenean; baina, ohikoa denez, dokumentatuak aurkitzen dira sinbolo haiek hartzera bultzatu zituzten motibazioak.
Ikusiabartu litezke zergatik hartu ziren sinbolo jakin batzuk, nahiz eta arazoak dokumentuzko oinarririk batere eduki ez, eta Oiartzungo Udalaren errealitate historikoan soilik oinarritua egon.
Lehendabizi, dorrea daukagu, gazteluarekin batera, bereziki erabiltzen den sinboloa. Horrela hiribildu bat adierazten da, hiribilduek Erdi Aroan izan ohi zuten harresiarekin berdinetsiz. Oiartzunen kasuan, ikusi dugu nola Lope Martinez de Isastik funtsik gabeko erreferentzia bat egiten zion Feloagako gazteluari.
Gipuzkoari dagokionez, XIX. mende-bukaeran zeuden 93 hiri-bilduetatik, 31 tan, hirutatik batean beraz, gaztelua edo dorrea izaten da heraldika-elementu nagusiena.
Hau bermatzeko, giltza bat egoten da ate ondoan, erreferentzia zuzenagoa baita oraindik hori harresizko itxitura batentzat; harresiak ate bat izaten du giltza baten bidez kontrolatzen dena. Oiartzungoa oso erreferentzia argia da, esan nahi baitu bertako bizilagunek hiribildu-titulua bazutela, etorkizunari beren bide propiotik jarraitzeko. Giltzaren erabilera ez da usadio handikoa, baina Arabako Laguardia-ko hiribilduan aurki genitzake adibideak. Horren armarriak ere dorre bat darama albo banatan giltza bana dituela, eta Hondarribikoan Aingeru bat ageri da giltza batekin.
0
Izarren presentzia nekezago ikusiabartu daiteke, baina pentsa liteke, Oiartzungo Villanueva de Oiarzun osatzen zuten hiru auzoei egiten zaien aipamen bat dela; horiexek dira 1491az geroztik Oiartzungo hiribildua osatu zutenak, alegia: Elizalde, Altzibar eta Iturriotz.
Dorreak dauzkan orri konposatuei dagokienez, gogoeta aski iradokitsuak egin daitezke: bi garo-hosto dira, oso landare ugaria baita hau inguru hartan eta burdinolentzat egur-ikatza egite-ko asko erabiltzen zena; hauxe zen Oiartzungo berezitasunetako bat, eta jada 1328ko urtean foru berezia lortu zuten hango "ferrones" edo "olajaunak".