Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Kultura / Txistuaren ibilbideak Oiartzunen. Non, noiz eta nondik nora
Non Jotzen zen:
Elizalde auzoan: Kilirikupean, igandero kontzertu lege eta dantzakoak, herriko jaietan izan ezik; orduan kontzertua kontsejupean eta dantzakoak oholtza gainean.
Altzibar auzoan: Klarene plazan.
Iturriotz auzoan: Bekosoroa plazan.
Ugaldetxo auzoan: Bidegurutzean. Gaur autobusa gelditzen den lekuaren aurrean.
Gurutze auzoan: Pilotalekuaren atzeko soroan, eskola zegoen tokian.
Non eta noiz jotzen zen
Kilirikupean: Igandero goiz eta arratsaldez. Goizetik, 11:00etan, kontzertu gisa zortzikoa, Minuetoa edo Kontrapas bat. Ondoren fandango bat, arin-arina eta biribilketa batekin bukatu.
Arratsaldez bilera izaten zen; dantza alegia. Neguan 16:30etik 17:00etara eta udaran 18:00etatik 21:00etara.
Egun berezietan ere jotzen zen goiz eta arratsaldez:
Urteberri eguna, urtarrilak 1.
Errege eguna, urtarrilak 6.
Pazko eguna (Pascua de Resurrección) eta Pazko bigarrena astelehen arratsaldez.
Pentekoste eguna (Pascua de Pentecostes)
Corpus Christi eguna.
San Inazio eguna.
Jasokunde eguna (Ascensión), abuztuak 15.
Sorkunde eguna (Inmaculada Concepción), abenduak 8.
Eguberri eguna, abenduak 25.
San Juan kalean: ekainaren 24an, San Juan egunean, eta hurrengo igande arratsaldean.
Altzibar auzoan: ekainaren 29an, San Pedro egunean, eta hurrengo igande arratsaldean.
Iturriotz auzoan: uztailaren 25ean, Santio egunean, eta hurrengo igande arratsaldean.
Gurutze auzoan: abuztuaren 28an, San Agustin egunean, eta hurrengo igande arratsaldean.
Ugaldetxo auzoan: irailaren 29an, San Migel egunean, eta hurrengo igande arratsaldean.
Xanixtebanetan: bezperan, auzoz auzo kalejira egiten zen, Elizalde, Iturriotz, Altzibar eta berriz ere Elizalden bukatuta. Ondoren, arratsaldeko 20:00ak aldera buruhandi eta erraldoiekin kalez kale ibiltzen zen.
Xanisteban egunean, diana, kontzertua Meza nagusi ondoren, 12:00ak aldera, eta arratsalde eta gauez dantza saioa musika bandarekin txandakatuz.
Abuztuaren 4an, diana, eta arratsaldez eta gauez dantza saioa.
Abuztuaren 5ean, diana, eta arratsaldez eta gauez dantza saioa. Azkeneko egunean, zezensuzkoari lagunduz bukatu.
Auzoz auzoko kalejira: Pentekoste bezperan, Corpus Christi bezperan, San Juan bezperan eta Xanisteban bezperan.
Udalbatzari elizara lagundu: meza nagusira Urteberrietan, Erregetan, Pazko egunean, Pentekoste egunean, Corpus Christi egunean eta Eguberri egunean.
Xanisteban egunean, goizetik meza nagusira eta arratsaldez bezperetara.
Dianak: Urteberri egunean eta Xanistebanetan.
Nondik nora jotzen zen:
Buruhandi eta erraldoien kalejira: udaletxe aurrean hasi jotzen eta Aialde kaletik Artxaianeko iturriraino (Korrione parean); buelta eta kalean gora plazatik barrena, San Juan kalea igo Urtxalle-berri arte (Rufonia, gaur Sesenenia), eta hemen, lehenengo txistulariak bazterreko hiru eskailerak igo eta buelta Legarreko bidetik; beste txistulariek itxarongo dute eskailerarik igo gabe. Gero kalean behera, Mendiburu kalea hartu eta Txikirriene (Muguruzaneko denda) arte, aldapa behera Etxabe edo D. Felizenia arte eta, jarraian, Rafael Pikabea etorbidean gora, San Esteban plazara; Kontsejupeko erdiko arkuan gelditu eta bi edo hiru aldiz errepikatu pieza eta bukatu.
Dianak: 70eko hamarkada bukaera arteko ibilbidea. Goian aipatutako bera.
70eko hamarkada bukaera ondorengo ibilbidea. Herriko auzo guztietan etxeak eta kaleak ugaritzen ari ziren eta nahiz Udalarekin lokerarik ez izan, orduko txistu ikasle ziren Patxi Mitxelena, Joxe Mari Ormazabal, Pedro Mari Mitxelena, Iñaki Bergaretxe eta irakaslea zen Juanito Arozenari iruditu zitzaien auzo guztietara zabaldu beharra zegoela txistua, eta erabaki zuten aurrerantzean, kontzertua egiten zen bakoitzean diana jotzea, baina festa eta jai handitan ere bai.
Plazatik hasi eta San Juan kaperaraino, buelta eman eta Mendiburu kaletik Txikirrieneraino eta hemendik aldapa behera Etxabe edo D. Felizene arte. Jotzeari utzi eta Labadero zaharreraino jo gabe. Hemendik hasi berriz ere eta Hiru-bideraino, eskubitara, eta Elorrondo kaletik Ormazabaltarren etxe parean ezkerretara eta bertako plazoletatik barrena okindegiraino. eta berriz ere Elorrondoko bidea hartu eta Elizalde ikastetxe parean isildu; ondoren, Santusene kalean, Telefonika parean, berriz jotzen hasi eta Beluteneri buelta emanez, Arraskularre kalean gora eta, Aialde kaletik, berriz ere San Esteban plazaraino; hemen, udaletxe azpiko erdiko arkuan jarri eta pieza errepikatuz amaitu.
Auzoetako festetara: Altzibarrera San Pedro egunean. Txistulariak Kontsejupetik abiatu, biribilketa jotzen, eta Aialde kalean behera, Kurialene edo Korrione arte; hemen jotzeari utzi eta Altzibarko sarrerako zubi gainean berriz ere jotzeari ekin eta Klarene plazan dagoen oholtzara joz igo, eta ondoren dantzako piezak.
Iturriotzera Santio egunean. Berriz ere Kontsejupean jotzen hasi eta Manuel Lekuona kalea zeharkatuz, Lizarre baserriraino (hemen isildu); Altzibarko errepidea pasatu eta han hasi berriz, Bekosoroko oholtzara igo, jotzen, eta gero dantzako piezekin hasi.
Ugaldetxora San Migel egunean. Aurrekoetan bezala hasi, eta Rafael Pikabea etorbidetik Etxabe edo D. Felizeneraino jo; bertan isildu eta bidegurutzeko zubian berriz ere jotzen hasi eta oholtzaraino, aurreko auzotakoa errepikatuz.
Gurutzera San Agustin egunean. Berriz ere kontsejupean hasi eta Artxaianeko iturrian isildu; Gurutzera iritsi baino lehenxeago, Bizardia elkartearen parean, berriz ere jotzen hasi eta oholtzaraino joz igo, eta ondoren dantzako piezak jo.
Auzoetan barrena kalejira (ohitura zaharrekoa): Kontsejupe erdiko arkutik txistua joz atera eta, Manuel Lekuona kaletik behera, Lizarre baserri pare arte; isildu eta berriro jotzen hasi Iturriozko Bekosoro plaza parean, Ozentzio kaletik gora; Etxe Nagusi baino lehen ezkerretara dagoen herribidea hartu eta Txuiene, Auzpogindegitik berriro Ozentzio kalera eta beheraka Etxeberri, Gartxitene, Horma, Tonkolo eta Altzibarko errepideraino; isildu, eta Kaxko-berri etxe parean berriz ere jotzen hasi eta Done Petri kalera; Harri Gurutze, Portuene, zuzenean Albisturrene aurretik Ugarte Olako zubiaren ezkerretara dagoen gurutzeari bira eman eta, Albisturrene eta Etxe-Haundi paretik, Klarene plazara eta eskubi aldera Martintxo kaletik Etxeberri-Mendiburu eta zubi arte; hemen isildu, eta jo gabe Aialde kaleko Ibargain etxe pareraino; hemendik aurrera, 70eko hamarkada bukaera arte egiten zen ibilbide berdina.
70eko hamarkadan amaieran, ordea, ibilbidea aldatu egin zuten eta jotzeko egunak ere bai: Pazko edo Aberri egunean goizez eta Xanisteban bezperan arratsaldez (Erraldoi eta buruhandiekin jotzeko 19:30erako plazan behar zen).
Lehendabiziko urteetan, aurrez aipatutako txistulariak aritu ziren, lagunen kotxeetan, baina 8 bat urtetara, 12-14 bat txistulariko gazte taldea osatu zen ibilbide hauetarako, eta gaur egun, Udalak laguntzen du mikrobus batekin eta altxaferoak jaurtikiz.
Elizaldeko dianak ere ugaritu egin ziren eta ibilbide zabalagoa hartu, alaitasun pittin bat gehiago, txistu hotsez, biztanle gehienengana iristearren.
Hauek ziren helburuak eta gaur egun, 2000. urtean, jarraitzaile ugari eduki dituzte, zorionez.
Xanisteban bezperako taldea ere zabaldu egin zen, Felipe Azpiroz eta beste zenbait laguni esker, eta akordeoi, tronpeta, txindata, bonbo, txistu eta abarrez osatzen da kalejira; batez beste 30 lagun. 85. urteaz geroztik Lartaun elkartea arduratzen da ekintza honetaz.
Pazko eguneko ibilbidea hau da: autobusa hartu eta Gurutzera, Iriso-txiki parean hasi eta zuzenean Bizardia elkarteraino; hemendik Ergoien auzora eta Pagoa errota baino 100 metro lehenago jotzen hasi eta Tornola kaletik barrena, Olaizolaraino; autobusa hartu eta Karrikara; Petriene aurreko plazan hasi eta zuzenean Bidasoro errotaraino; ondoren, Altzibarrera; Arotz-Leku parean hasi eta zuzenean, Mikelete kalean zehar, Klarene plazaraino; handik eskuinetara hartu eta, Martintxo kaletik, Done Petri kalera eta aurrera Iturriozko errepidea hartu eta Agerrealde (Mitxelena-Lekuona) etxadian sartu arte, hemen erdiko kaletik berriz ere Iturriozko errepideraino; isildu eta Iturriotzera; Etxe-Nagusi parean jotzen hasi eta, Ozentzio kalean zehar, Bekosoro plazaraino; hemendik Ugaldetxora, bidegurutzea baino 50 metro lehenago jotzen hasi eta zuzenean Iurritako bidean Katalintxo pareraino; berriz ere autobusa hartu eta Arragua auzora; hemen Aldeguna elkarte parean hasi eta, Ganboxa kalean zehar, pilota plaza aurretik, Topoko trenbide azpiko tunela pasatu eta aurreko etxadira; kapera edo eliz aurrean gelditu; hemendik Elizaldeko bidea hartu eta San Esteban plazan hasi, eta 1976 ondorengo dianetako ibilbidea. Auzo bakoitzean hiru altxafero botatzen dira.
Xanisteban bezperakoak ibilbide bera du, Elizalde arte. Hemen Arraskularre kaleko Belutene janari denda parean hasi eta zuzenean plazaraino gelditu gabe, eta, bukatzeko, San Juan kaletik barrena Kaperaraino.
Udalbatzarekin edo protokolozkoak: txistulariak beti Udalbatzaren aurrean jarriko dira, eta Kontsejupeko erdiko arku parean Alkate-soinua jotzen hasi eta San Juan kalera, elizako eskaileretan barrena sarrera nagusiko ataria pasatu, bira erdia eman eta txistulariak mezetara sartzen direnei begira geldituko dira.
Irteeran, atari nagusian txistulariak zain daude eta Udalbatza biltzen denean, berriz ere aurreko buelta baina alderantziz, eta udaletxe sarreraraino; hemen, txistulariak frontisaren hormari bizkarra emanez jarri eta Udalbatza dena sartzean Alkate-soinua jotzeari utziko diote.
Prozesioak: txistulariak aurrean jarriko dira. Eliz-bira zenean, San Inazio eta Xanisteban egunetan adibidez, elizako ate nagusitik monagilloak atera bezain laster jotzen hasi Minueto, Martxa edo Kontrapasa eta Elizari bira eman. Txistulariak Mendiburu kaleko eskaileren eta Epentzania etxearen artean geldituko dira jotzen, harik eta denak berriz elizan sartu arte.
Corpus Christi egunean, ate nagusian jotzen hasi eta elizari bira eman; San Juan kaperako eskailerak jaitsi eta, San Juan kalean barrena, San Esteban plazara. Txistulariak Mendiburu kaleko Bakedadoene etxe parean geldituko dira, jotzen, apaizak Xabale aurrean jartzen den aldarera iritsi arte. Orduan isildu eta bedeinkapena bukatzean, berriro prozesioan, Mendiburu kaletik kanpandorre aldeko eskaileretan gora; Epentzania etxe parean gelditu, jotzen, denak elizara sartu arte.
LARTAUN TXISTULARI TALDEA