Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Agustin Oria Lekuona
Oraingo honetan Ugaldetxo auzora jo dugu eta bertako aitona baketsu batekin egin dugu urtekariko ohizko elkarrizketa. Agustin Oria da gure aurtengo pertsonaia, eta gaur egun bizi dugun abiadura eta estresaren aurrean, irribarretsu eta gogo onez hartu gaitu, eta elkarrizketatuak berak bizi duen bere bakea eta lasaitasuna zerbait kutsatu digula esan beharrean gaude.
Agustin 1907ko otsailaren 25ean jaio zen, Ugaldetxo auzoko Olazar baserrian (gaur egun desagertua dago). Bere gurasoak Miguel Antonio eta Josefa Agustina izan ziren. 1945ko apirilaren 21ean Anaxtaxi Mendizabalekin ezkondu ondoren, bi seme-alaba izan zituzten, Antonio eta Maria Luisa. 1985eko apirilean, urrezko ezteiak ospatu zituzten. Beraz, une honetan 57 urte daramatzate elkarrekin, eta beste urte askoetarako osasuna eta ditxa opa diegu.
Agustinek, Olazar baserrian (desagertua) 57 urte igaro ondoren, beste lau urte eman zituen auzo bereko Palazio lurrita baserrian (hau ere desagertua), eta azkeneko 32 hauetan, berriz, Tolarieta auzoan bizi da, bere emaztearekin eta Maria Luisa alabarekin. "Beti maizterrak izan ginen, eta baserri batetik bestera joan beharra izan genuen; baina, azkenean, kale inguruko etxe bat hartzea erabaki genuen, nahiz eta nik baserria eta bere ingurunea asko maite izan. Egia esateko, asko kosta zitzaidan kale aldera etortzea, baina ez zegoen beste irtenbiderik, eta hartutako erabakiarekin ez naiz batere damu izan". Nahiz kalera aldera bizitzera joan, Agustinek ez zituen lur lanak ahaztu, eta beti baratze koxkor bat izateko bideak jorratu zituen.
Gaztetako eta baserriko denbora aipatzerakoan, Olazarren igarotako egunak oso gogoan ditu Agustinek: "Beti errekari begira bizi izan ginen. Euria egiten baldin bazuen, uste gutxienean uholdeak sortzen ziren, eta lehenbailehen ganadua ukuilutik atera beharra izaten zen, baserria segidan ur menpean gelditzen zelako".
Bere aita Miguel Antonio ere oso gogoan du: "Haren bidez lanean hasi nintzen etxetik kanpo 14 urte nituenean, eta berak bideratu ninduen fabrika lanean hasteko. Gainerakoan, garai hartako jende gehiena bezala, bederatzi urte bitartean eskolan ibili nintzen, eta maistra Antonia Mendizabal izan nuen. Guretzat maistra gogorra izan zen. Dotrina ondo ikasi ondoren, komunio handia Don Martin Erize bikario zela egin nuen. Eta nire lehen lana Donostian esne partitzen egin nuen, eguneko 3 pezeta eta janaren truke. Nire nagusiak, besteak beste, Manuel Ignacio Galdos eta Zesareo Odriozola oiartzuarrak izan ziren".
Errenteriako Papelera lantegian hasteko aukera zuenetik erretiratu bitartean, enpresa horretan jarraitu zuen, lan postu berean beti: "Ni beti fogonero ordezkoa izan naiz. Lehendabiziko fogonero titularra Akellos izan nuen, ondoren Juan Luis Zuloaga eta, azkenekoa, Anatxuriko Sebastian".
Gaur egungo aurrerapenari buruz hitz egiterakoan: "Gaur aurrerapen asko ditugu, baina niretzat tren elektrikoa papeleran ikustea izan zen ordu hartako gauzarik ikusgarrienetako bat. Hor bat-batean, horrelako tresna zahar bat kerik bota gabe ikusteak inpresio handia egin zidan. Ordu arte, ikatzarekin ibiltzen zen trena joaten zen materialarekin, eta hark fabrikako zoko guztiak kez betetzen zituen eta...".
Erretiratu eta gero, peoi gisa, hainbat lanetan aritu zen, baina, azkenean, baratzeko lanei ekin zien. Beti aurkitu izan du non lana egin: "Hemen edo han, etxerako barazkiak izateko aukera izan dut beti. Denekin ondo moldatu izan naiz beti, eta ez daukat batere gogorapen txarrik". Gure Agustini urteek bakarrik jarri diote muga, eta, azkenean, etxean gelditu beharra etorri zaio, baina patxada eta lasaitasun onean hartutako erabakia dela dio...