Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Aitor Arozena, Txistulari txapelduna
2002ko martxoaren 23an Euskal Herriko txistulari bakarlarien txapelketa jokatu zen Villabonan, eta bertan bi oiartzuarrek hartu zuten parte: Aitor eta Urko Arozenak. Goizeko saioan biek sei onenen artean sailkatzea lortu zuten, eta finalerako txartela eskuratu. Azkenean, Aitor Arozenak Euskal Herriko txapela lortu zuen. Txistuaren ibilbidean zeresan handia duen Arozena familiaren lekukoari bikain eutsi dio Aitorrek.
Lehenik eta behin, zorionak!
Eskerrik asko.
Zenbaterainoko pisua du txapelak?
Txapelak jende asko ezagutzera eramaten du, gehienbat txistularien arteko harremanetan halako itzala sortzen du, eta txapelketak, berriz, txistularion mundua jende gehiagorengana zabaltzeko aukera.
Izena esan zutenean zer sentitu zenuen?
Nire asmoa ez zen irabaztea, txistuaren beste ikuspegi bat ematea baizik, ahal nuen erarik egokienean, noski. Aukeratu nuen pieza musika garaikide bezala ezagutzen den motaren barruan koka genezake, entzuteko nahiko zaila; beraz, ez nuen irabazterik espero, nahiz eta beti gordetzen den halako itxaropen ttiki bat. Hirugarren sariduna esan zuten lehendabizi, Xabier Vesga; bigarrena ondoren, Garikoitz Mendizabal; eta, orduan bai, lehendabiziko saria. Beti zegoen zalantza pixka bat, baina nahiko argi neukan ordurako saria niretzat zela. Bat-batean, dena batera etorri zitzaidan, harridura, poza, urduritasuna... Premio ederra hori!
Ez zen bakarlarien lehiaketara aurkezten zinen lehenengo aldia...
Bigarren aldia zen. Lehendabizikoa, Gasteizen 1994an, eta bigarrena aurtengoa. Gasteizen hirugarren saria lortu nuen.
Lehiakideei buruz bi hitz...
Denak ezagunak gara, harremanak gutxiago edo gehiago baditugu denok elkarrekin. Adibidez, txapelketan parte hartu genuen hamabietatik biri nik lagundu nien txapelketa prestatzen, eta biak finalera iritsi dira. Hori ere harrotzeko modukoa da. Bestea, Garikoitz, laguna dut aspalditik, elkarrekin jotzen baitugu. Gasteizko Udal Folklore Akademian elkarrekin egin genuen lan. Carlos Peñaranda, Iruñekoa, etorri izan da gurekin jotzera. Xabier Vesga errenteriarra ere bai eta, noski, anaia, Urko.
Bi anaia norgehiagokan, biak saridun nolabait.
Ez da norgehiagoka, hara joan eta egiten dakizuna txukun erakustea baizik; ez gara borrokan aritzen. Urkoren helburua finalera iristea zen, eta lortu du.
Nondik dator Arozenatarren txistu zaletasuna.
Gurasoengandik, gure aurrekoengandik; gu, azken batean, laugairen belaunaldia gara. Gure aurrekoek sartu digute arra, eta gu ere hor gabiltza, gure neurrian.
Nola ikusten zenuen txistua hasieran, nola orain? Bide onetik al doa?
Hasieran obligazio bat bezala ikusten nuen, astero joan beharra eskolara: lagun guztiak jostatzen ari zirenean, ni txistua jotzera. Gero, obligazioa zabaltzen joaten da, batekin jo beharra, bestearekin ere bai, bateko Agurra, besteko kalejira. Lehendabizi Oiartzunen, gero Oiartzundik kanpora, dantza taldeekin, herriko jaietan, auzoetako jaietan... Mila lekutan. Hasieran ez duzu ezer kuestionatzen, alegia, hona edo hara bidali, zu joan egiten zara, eta honela hasi ginen mundu honetan sartzen. Txistua gaur egun bere onera etortzen ari dela dirudi. Garai batean txistulari asko eta asko zeuden, orain, agian, ez hainbeste. Hori ona edo txarra den? Ez dut uste txarra denik, txistulari gehiegi ona ez den bezalaxe. Etorkizuna irautea da. Dagokion esparruan poliki-poliki irautea.
Dena moda kontua al da?
Txistuak bere moda garaiak eduki ditu, baina, agian, horrek onura baino kalte gehiago egin diolakoan nago.
Oroitzapen garrantzitsuak, pauso ttikiak.
Solfeo ikasten hasi nintzenean Felipe Azpirozekin, gero instrumentua, mailaz maila pauso ttikiak emanez, jaunartzeetan jotzen hasi ginenean, beldurra, ardura, kalejkatan... beti kalera begka. Larunbatetan, hamabietako entseguetara joaten hasi nintzenean, Ospitale Zaharrean, eskolak hartzen genituen gelan, gu baino zaharragoak ziren txistulariak, betiere gu baino zaharragoak zirenekin jotzeko gogoa izaten genuen umetan, ba... Iñaki Bergaretxe, Pello eta Patxi Mitxelena, Joxemari Ormazabal, Joxe Mendizabal zena... Gero, ordu batean koruko entsegua eta, hiruretan, berriz, autobusa hartu eta Trintxerpera joaten ginen jotzera, larunbatero.
Maisurik aipatzekotan, aita aipatu behar derrigorrez?
Aitarekin hasi ginen, eta aitarekin zenbait gauza ikasi genituen. Aitak, Errenteriako Kontserbatorioan era hobean ikasiko genuela eta, Koldo Bravorekin ikastera eraman gintuen; hark ere zaletasun pixka bat sartu zigun, Iñaki Otañorekin eta Itziar Busselorekin gutxi egon ginen, baina beti ikasten da. Gero, Donostiara, Kepa de Miguelengana, txistua sakon ikasteko asmoarekin, eta, azkenik, Jose Inazio Ansorenarekin goi mailako ikasketak. Harekin musika beste zentzu batean ikasten genuen, notak irakurtzen baino zentzua ematen gehiago ikasten genuen.
Gustuz ala ohituraz: txistuaren hotsa atsegin al duzu?
Denetik frogatu dut: gozoa, gogorra... Hots bakoitzak du bere lekua: kalean, kontzertuetan... Egia da, zenbaitetan, txistuaren hotsa garratz samarra gerta daitekeela, jotzailearen arabera betiere. Badira hots gozoagoak, adibidez oboearena eta abar, baina gu txistuarekin hasi ginen ingurunearengatik, eta horretan jarraitzen dugu, eta gustura.
Ba al du txistulari batek profesional izatera iristerik?
Zaila, benetan oso zaila da. Gainera, ezin da profesionaltasun horretan geratu, alegia, zure denbora libre asko horretarako erabili behar duzu hainbat herritako kontzertuetan parte hartuz, zure ikasleak plazaratuz, txistularien beharra daukaten taldeei erantzunez... Jo nahi duenak baditu mila aukera, baina, horretatik bizitzeko adina irabaztera...
Informatika eta teknologia hotzaren garaian bizi gara. Zein da XXI. mendeko txistulariaren zeregin eta funtzioa?
Alaitu, orain arte bezala. Gure gizarteko zenbait ohitura bete eta jendearen bizitza alaitu.
Musikarik gabe bizi al daiteke?
Ez dakit, segur aski bai. Guk ez dugu zertan musikarik gabe bizi, eta, gainera, gustura gaude musikarekin.
Zein dira jotzen dituzun instrumentuak?
Jo, ongi, txistua eta baxu elektrikoa. Gero, saltsan aritzeko edo... pianoa, gitarra, dultzaina, alboka, harmonika pixka bat, didjeridooarekin ere aritu gara, danborra...
Rockero txistularia edo txistulari rockeroa?
Rocka jotzen dudanean, txistularia, eta txistua jotzen dudanean, rockeroa. Biak, segun... [barrez].
Zer nahiago: musika herrikoia ala garaikidea? Ongi ezkontzen al dira biak?
Herriko musika da oinarria gure instrumentuan. Orain, tresna herriko musikara mugatzea zilegi al da beste musika batzuk egiteko aukera edukita? Nire ustez, ez. Beste garai batzuetako nahiz beste tresnentzako idatzitako musika jotzea aberasgarria da, betiere bakoitzak bere errepertorioa zein den argi edukita eta ezagututa. Txistuarekin akordeoiarentzat edo tronpetarentzat idatzitako polkak eta abar bakarrik jotzeak ez du inongo zentzurik, dena bere tamainan. Garaikidea ere zergatik ez? Ba al du zentzurik beste tresnekin jotzeak? Nire ustez, tresnak ematen dueneraino bai; tresna noraino iristen den jotzaile bakoitzaren mende dago... Argi dago musika garaikidea jotzeko tresna ongi menderatu behar dela, eta tresna menderatzea ordu askoren ondorena da.
Ofizioa ala añzioa.
Bietatik: ofizioa txistua dut eta parrandarako ere gustatzen zait.
Sakrifikatua al da musikariaren bizimodua?
Jendeak orokorrean uste duena baino askoz gehiago.
Zeintzuk dira zure helburuak epe motzera eta luzera?
Epe motzera, txistuarekin jarraitzea, baita luzera ere. Eta beti musikaren inguruan, batzuetan besteetan baino gogo gehiagorekin, baina beti hor, eskolak emanez, taldeekin jotzen, kalejirak, dianak; batez ere, kalean jotzen. Ez gara etxezuloan geratzekoak, jendaurrean jotzekoak gehiago gara gu...