Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Antxon Alonso Susperregi (1958-1-15 1998-2-19)
"Mendia maitatu, bere haitzak eta elurrak laztanduz zure ametsak gugan dirau"
Aurtengo Ihauteriak albiste txar batekin iritsi zitzaizkigun: otsailaren 19an, Txileko Patagoniako lurraldean, Paineko Dorreetan hain zuzen ere, Antxon Alonso Susperregi alpinistaren heriotza. Lerro hauen bitartez haren bizitzako unerik aipagarrienak ekarri nahi nituzke gogora, omenaldi xume moduan.
Antxon Alonso Susperregi Bordaxar baserrian (Elizalde auzoa) jaio zen 1958ko urtarrilaren 15ean. Aita, Felix Alonso, Burgoskoa zuen, Oiartzunen “el rubio” ezizenaz ezaguna; eta ama, berriz, Asunción Susperregi oiartzuarra. Zortzi senideko familia izan zen: Rafael anaia zaharrena; gero Angel, Arantxa, Josefina, Francisco Javier (+), Santi eta Felix. Antxon, senideetan, zazpigarrena zen. Bere familiarekin batera, oso ttikitan, lau urterekin, baserria utzi eta Errenteriara joan ziren bizitzera.
Antxonek oso gaztetik izan zuen kiroletarako zaletasuna, eta hamalau urterekin hasi zen txirrindularitzan, orduko Peña Lasarekin batera. Garai hartan Gipuzkoako herri gehienetako karreretan parte hartu zuen. Garai hartako lagunak hauek izan zituen, besteak beste, Bixente Iza, Jabier Beloki, Pako Mitxelena (hiru txirrindulari hauek Karrika auzoan jaioak), Alberto Agirre Errenteriakoa ( bere lagun mina). Ez zen ez txirrindulari makala izan. Horren lekuko 16 urtetan irabazitako Gipuzkoako jubenilen txapelketa nagusia, Rufino Gorrotxategiren memoriala bezala ezagutzen zena. Ondorengo egunetan, garai hartako “Hoja del lunes-ek” izeneko egunkariak izan zuen bere tartetxoa berri pozgarri honek. Horrela zioen 1974ko urriaren 7an:
“ANTONIO ALONSO VENCEDOR EN EL TORNEO PROMESAS
También finalizó ayer, día 6 de octubre, el Torneo Promesas-Memorial Rufino Gorrochategui para juveniles B. La clasificación final del Torneo Promesas ha quedado así:
Antonio Alonso 132 puntos.
Jabier Beloki 149 puntos.
Raúl Merino 202 puntos.
A. Etxeberria 282 puntos
...
Tras este campeonato han sido seleccionados para disputar el Campeonato de España que se celebrará en Manresa los días 12 y 13 de octubre Antonio Alonso, Jabier Beloki, Raúl Merino, Pedro Mayora y J.J. Quintanilla.”
Hamazazpi urtetan edo, bizikleta utzi eta mendirako grina piztu zitzaion, eta berehala hasi zen eskaladako munduan, 1976. urtean, gutxi gora-behera. Santa Barbara (Hernani) eta Eginoko (Araba) eskoletan eman zituen lehen urratsak. Berehala zen Pirinioetan, Picos de Europako mendikatean, Alpeetan, Estatu Batuetako Yosemite parkean ...
Mendi giroan “Antxon Mogollon” ezizena zuen eta esan daiteke Euskal Herriko eskalatzaileen artean onenetakoa zela. Zailtasun handiko bideak ireki zituen, aurrez irekita zeuden askotan aritzeaz gain. Pirinioetan Vignemaleko Gaube korridorea, Rabada eta Navarro bideak eta Ordesako Gallinero ezagunak eginak zituen.
Rigloseko (Huesca) Fire haitza ere igo zuen. Gune horretan, buruhezurra hautsi eta larriki zaurituta egon zen denbora luzez.
Picos de Europa mendikatean hainbat bide egin zituen Bulnesko Naranjon. Han bertan, 1989.enean ZUNBELTZ izeneko bidea ireki zuen mendebaldeko aurpegi ospetsuan, Olarra eta Fernandez eskalatzaileekin batera. Hauxe izan zen orduan, hain zuzen ere, lehen bide euskalduna aipatutako pareta “mitiko” horretan. Urte bereko Pyrenaica aldizkariko 155. zenbakian bide honen berri eman zuten Antxon eta Olarrak. Hona hemen Antxonek orduan idatzitakoa:
Alpeetan Chamonixko Petit Dru orratzeko amerikarren bide zuzena izan zen bere ekintza ezagunena eta Yosemite parkean, EEBBetan, eskalatzaile ororen ametsa diren Gran Capitan eta Half Dome mendiak eskalatu zituen lehen euskalduna izan zen, Andres Prego pasaitarrarekin batera.
Antxon Alonso Euskal Mendizale Federakundeko irakaslea zen 1983.ez geroztik. Mendiko hastapenetako, harkaitz eskaladarako eta alpinismoko espezialitateetako irakaslea zen eta hainbat eta hainbat ikastaro emanak zituen. Eskalatzaile eta mendizale bezala egindakoaren berri emateko ohitura zuen Antxon Alonsok, eta hona hemen horren testigantza:
Carlos Ochoak, haren laguna, zioen bezala, Antxon ez zen mendizale aditu bat edota mendizale on bat, Antxon mendizale bikain bat zen, Gipuzkoako bere belaunaldiko onenetakoa, eta ziurrenik 1980-87 artean indartsuenetakoa. Hark erakutsi zuen bezala, oso ona zen behe, erdi eta goi mailan, nahiz udaberrian, udan, udazkenean, eta baita neguan ere. Era berean, bikaina zen harkaitzean, elurretan edota izotz-paretetan.
70. hamarkadako eskaladako biderik zailenetakoak errepikatzen lehenetarikoa izan zen (Rabada-Navarro, Ravier, Despiau, eta abar), eta garai hartako era klasikoan igo zituen, gainera. 80. Hamarkadako hasierako eskaladako biderik zailenetakoak egiten ere lehenetarikoa izan zen (Guirles, Gálvez, Dru, Yosemiteko Nose ...). Lehena izan zen eskaladarako oso bide zailak irekitzen: Santa Barbaran, Irurtzungo Bi Ahizpetan, Etxaurin. Izotzetako eskaladako bide zailak egiten ere aitzindari izan zen ( Gaubeko korridorea, 1981.enean egina).
Antxon mendizaleen arteko munduan ezezagunaren papera irudikatu bazuen ere, era berean erreferentzia handiko mendizalea zen. Gogor itxura baldin bazuen ere, eta zenbaitetan zakarkeria punttu bat ere, begirune handia isladatzen zuen. Nolanahi ere, bere lotsaren atzean bihotz handiko pertsona bat gordetzen zen, sentiberatasun eta umore handikoa. Era berean, izugarrizko gogoa zeukan bai laguntzeko, bai erakusteko eta lagunekin harremantzeko ere. Oso pertsona zuhurra izan zen eta inoiz ez zitzaion gustatu bere burua besteen aurrean nabarmentzea. Inoiz ez zuen parte hartu izen handiko espedizioetan, eta inoiz ez zen kezkatu ez subentzio, ez etxe laguntzaileak bilatzean ere. Inoiz ez zituen aditzera eman bere abenturak. Esan daiteke Antxon dugula mendizaleen arteko “langile-klasea-ren” eredua, hain zuzen ere.
Aipatu behar dut Antxonek jarria dela Oiartzungo San Esteban elizako tximistorratza, 1993. urtean, bere anaia Felixekin batera.
Aurtengo otsailaren hasieran Antxon Donostiako Gaizka Razkin, Gerardo Telletxea eta Andoni Areizaga, Pasaiako Josetxo Rodríguez eta Hernaniko Martin Zabaleta mendizale ezagunekin batera Txileko Paine Dorreen mendi eskualdean erdiko dorreko ipar mendebaldeko aurpegian bide berri bat irekitzera abiatu zen. Bide berri hori ireki ondoren, eta gailurra egin ostean, eta behera zihoazela, Antxon eta Gaizkari arroka eta elur jausi bat etorri zitzaien gainera. Istripu hau zorigaitz bat besterik ez zen izan.
Otsailaren 28an Errenterian ospatu ziren Antxonen aldeko hileta elizkizunak. Bertan, bertso hauek abestu genizkion:
Mendi tontorra, zure laguna
Bilakatu zaizu etsai,
eta lagunak gaur triste gaude
ez gaude batere lasai,
baina begiak itxi orduko
ikusten zaitugu alai,
mendi-gailur berrien zai
eta bizi-pozetan blai,
besterik ez zenuen nahi ...
Gaurtik aurrera mendi guztiak
Zuretzako dira zelai,
Bizia mendiak eman dizu
Bizia kendu ere bai. (bis)
Antxon Alonso, txori alaia,
Kirolzale sonatua,
gaztetandikan maite izan duzu
mendiaren arriskua,
bazenekien nolakoa zen
mendi-gailurren kantua,
Yosemiten enkantua,
mendi-horma sakratua,
arriskuaren patua ...
Paineko Dorre zerutiarra,
Dorre madarikatua!
Kanturik gabe utzi diguzu
Oarso aldeko kukua. (bis)
Orereta eta Oiartzun herrietako Taldeko lagunen izenean, beti izango zaitugu gogoan, Antxon maitea.
JAIONE UGALDEBERE SARASUA