Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Irune Arbide gogoan
Joan berria da gure artetik Irune Arbide. Ezagutu genuenoi eta tratatu genuenoi beti irudituko zaigu joan berria dela, beti irudituko zaigu atzo jakin genuela berri samin eta tristea.
Harrezkero pasatuak dira hilabete batzuk, orduen gurpilak bagaramatza bere edo gure bidean. Eta esaten da denborak baretzen, lausotzen, ezabatzen dituela oroitzapenak oro, gozoak eta saminak, alaiak eta tristeak; nekez lausotuko da, ordea, nekez galduko da gure gogotik eta gure bihotzetik haren irudia, haren begirada, haren boza... Nekez galduko dira, oroitzapen horrek Iruneren argia, poza eta indarra duelako, eta, nahiz eta bueltarik gabeko galera gogoratzeak goibeltzen eta iluntzen gaituen, gerok ere hain izaki maitagarriaz gogoratzeak argia, poza eta bizi nahia sentiaraztea nahi dugulako.
Irune ezagutu eta garai batzuetan eta besteetan haren inguruko izan garenotako batzuek, lagun, familiarteko, lankide,... zerbait esan beharra, zerbait adierazi beharra, mintzatu beharra sentitu dugu.
Irakurle hori, herritar hori, hemen ondoan doazkizun idatziok, batzuek ikuspegi batetik, besteak bestetik eginak, Iruneren lagun, familiarteko, lankideek, batzuek sentituago, beste batzuek etsiago, gure sentimentua deklaratu nahiz egindako lanak dituzu, zuri, irakurle hori, lehendik ere jakingo duzun arren, Iruneren izaera ederra eta egindako lan gaitzaren testigantza emateko.
Irune Altzibarren jaio zen 1958ko abuztuaren 29an eta hango plazaren alde batean gaur egun hutsik dagoen Beheko Ostatua etxean bizi izan zen haurtzaroan. Zazpi urte zituela Kalera, Elizaldera aldatu zen bere familia eta orduz geroztik Kale aldean bizi izan zen, “Arri Gain”en lehenengo, gero, urte gehientsuenetan “Ibargain”en, azken urteotan, “Ibargain” ondoan egin zuten etxe berrian, hark sortutako izen bereko Musika Eskola ere kokatu zuen etxe berrian.
Kale aldera, Elizaldera egin zuen, baina batek esango luke bere bizitzan egindako ibilbide ezaugarriena-edo izan zenak, musikaren ibilbideak, Altzibarren izan zuela hasiera. Bazen jaio zen etxe hartan, bazen Beheko Ostatuan piano bat; oso umetandik ezagutu zuen Irunek piano hura plaza aldeko gela hartan. Entzungo zuen udako arratsalderen batzuetan bere ama piano hura jotzen; eta hark ere bere ttikian, bere umean, gozatuko zuen, seguru, teklak xapalduz, piano hartan saiatuz.
Haren aitona Manuel ere, Manuel Urdanpilleta zena, amaren aita, musika ikasia zen: Nafarroako Lekarozko Kolejioan egindako urteetan solfeo eta musika asko ikasi zuen, klarinetea jotzen ere bai, eta gerora, zenbait urtez Errenteriako Banda Munizipalean klarinetea jo izan zuen. Gainera, eskusoinua ere jotzen zuen, eta edade bateko oiartzuar gehienek eta inguruko herrietako askok izango dute gogoan oraindik ere hogeita bi urtean, ia iganderik huts egin gabe, Altzibarko plazan akordeoia dotoreziaz joaz animatu zuen bilera.
Hortaz, bazuen Irunek ere nondik izana; ez zitzaion musikara girorik eta musikarako joerarik falta inguruan. Oso gaztea zela, umea zela, hasi zen entzuten etxean ere ama, pixkanaka-pixkanaka baina etengabe, osatzen ari zen disko sail hartatik konpositore klasikoen obrak, pianorakoak, orkestrarakoak, koralak,É Entzuten eta gogoan hartzen, bereizten, ikasten.
Eskolan Oiartzungo Monjetan hasi zen, Mercedarietan. Duela hogei bat urte arte monja Mercedariek orain Zaharren Etxea den horretan izan zuten eskolan. Haiekin ikasi zuen lehen hezkuntza orduko “bachillerato elemental” deitzen zena egiteko garaia iritsi zitzaion arte. Zazpi urte zituela Kale aldera bizitzera etorri zen arte egingo zituen joan-etorri batzuk Altzibartik Kalera eta Kaletik Altzibarrera Aldapako maldan goiti eta beheiti, alai, haurtzaro gozoan Altzibarko bera baino neskatxa zaharragoen eskutik. Monjen Eskola hartan hasi zituen musika eta solfeo ikasketak ere.
Lehen heziketa bukatutakoan orduko “bachillerato elemental” eta “bachillerato superior” egitera Pasaiako “La Anunciata” ikastetxera jo zuen Oiartzungo beste lagun batzuekin batera. Ikastetxe hori aukeratu izana ere, alde batetik, musika eta piano ikasketekin segitu nahiak eginarazitako aukera izan zen. Ikastetxe hark eskaintzen zion etxetik urruti gabe batxilergoa eta musika eta pianoa batera ikasteko aukera.
“La Anunciata” ikastetxean orduko bi batxilergoak burutzen aritu zen urte horietan, hala berean, Piano karrerari eman zion hasiera ofizialki eta urtez urte egiten zuen maila bakoitzari zegokion azterketa ikasle libre gisa Donostiako Musika Goi Kontserbatorioan.
Goi Batxilergoa bukatu zuenean beste bide bat urratzea erabaki eta Turismo ikasketei ekin zien Deustuko Unibertsitatearen Kanpus barruko Donostiako E.U.T.G.n. Alabaina, osasun gorabeherak zirela-eta lehenengo urtea egin eta alde batera utzi zituen Turismo ikasketak. Aurrerantzean gustukoen eta bereena zuen arloari heldu eta ekinzion, musikari, bide profesional bat urratzeko asmoa buruan hartuta.
Hala, Piano karrera bukatzeko falta zitzaion azken urtea egiteko Donostiako Musika Goi Kontserbatorioan sartu zen ikasle ofizial gisa eta bertan eskuratu Piano Irakasle Titulua artean hogei urte bete gabeak zituela.
Garai horretan egin zuen Donostiako Orfeoian sartzea ere. Hiruzpalau urtez kantatu zuen Orfeoian, eta Orfeoiarekin bidaiatu bertako nahiz atzerriko hirietan kantatzeko egindako ibilietan. Besteak beste, oso gogoko zuen Irunek Orfeoia, eta oroitzapen ederra zuen erakunde horretan kantatu eta partaide izandako aldiaz. Bere senarra Manuel ere Orfeioko kantaria izan zen eta giro horretan ezagutu zuten elkar. Gero, lanak eta lanbidearekin inguruko konpromisoek gero eta zailago egin zioten Orfeoiko entseiu eta bestelako betebeharrei erantzutea eta utzi egin behar izan zuen.
Eta musikan, musikaren irakaskuntza izan zuen bere arlo profesionala. Lehen urratsa Errenteriako Orereta Ikastolan eman zuen: bertan eman zituen urtebetez musika klaseak. Aldi berean, bere aldetik musika eta piano klaseak ematen hasi etxean, eta hala, pixkanaka-pixkanaka joan zer musika eskolaren ideia eta egitura gorpuzten eta eratzen.
Irune musikaria eta musikazalea zela esatea, ordea, ez da dena esatea. Literaturzale handia zen, beti zuen libururen bat edo beste aldean, mesanotxe gainean, egongelako mahai gainean, irakurtzen hasi berria edo irakurtzen bukatzear. Ongi miatzen zituen gainera egunkarietako liburu kritika eta liburuei buruzko iritziak interesgarririk eta berririk zer zegoen jakiteko. Narratiba irakurtzen zuen gehien bat, nobela, memoriak, biografia,É Erreferentzi mundu aberatsa eman zion horrek guztiak.
Eta musiketan, klasikoaren zalea bakarrik zela esatea ere ez. Gogoko zituen eta askotan entzuten ere musika eta kanta modu berriagoak: ez litzateke huts handia egitea Beatles taldeak argitaratutako disko gehienak etxean bilduta zeuzkala esatea, eta beste askorenak ere bai, Simon and Garfunkelenak, etab. Duela urte batzuk gogoko zituen, esate baterako, kantari italiarrak. Beti egoten zen prest gauza berriak entzuteko eta joera berriak nondik nora zebiltzan jakiteko: jarrera irekia zuen horretan. Eta jarrera hori bera izan zuen gerora berak sortutako “Ibargain” Musika Eskolan ere; pedagogia, didaktika eta musika-motetan ere joera berriak beste askok baino lehenago eraman zituen ikasgeletara.
Berak jasotako heziketa musikalaren hainbat gauzarekin jarrera kritikoa zuen eta nola eta zer irakatsi definitzeari ekin zion. Hasiera-hasieratik solfeoa euskaraz lantzeko materialak prestatu zituen, orduan ez zeuden eta. Aldi berean edukien aberastasuna, umeentzako erakargarritasuna eta motibazioa zaindu zituen, aldez aurretik herrian ezarrita zeuden beste instrumentuen inguruko lana errespetatuz eta baloratuz.
Pixkanaka gero eta ikasle gehiago animatu zen musika ikastera Oiartzunen eta Iruneren proiektua gauzatzen joan zen. Zalantza izpirik ere ez baitzuen izan Eskolako iharduerak esparru desberdinetara hedatzeko, instrumentuen eskaintza gero eta zabalagoa izateko eta honek guztiak eskatzen zuen azpiegitura bideratzeko.
1.990ean Ibargain Musika Eskolak izendapen ofiziala eskuratu zuen. Hamarkada honetan matrikula sendotu da. Eskolari nortasuna ematen dioten ezaugarriak finkatu dira: Oiartzunen musika euskaraz ikastea, familia guztietako instrumentuak eskaintzea, berrikuntza teknologikoak (informatika, musika-tresna elektronikoak) programetan sartzea eta musika klasikoarekin batera beste estilo batzuek ere lantzea.
Kontuan hartzen badugu Eskola kontserbatorio eta musika Eskolaz inguratuta dagoela eta ikasle gehienak oiartzuarrak direla, Errenteria, Donostia, Bera eta Adunatik bertatik ere ikasleak Ibargainera etortzea oso esanguratsua da, guztira 320 ikasle ditu 4 - 60 urte bitartekoak.
Ausardia eta izaera aurrerakoia azaldu zituen arpa ikasteko aukera eman zuenean, musika interpretatzen gozatzeko instrumentu talde desberdinak (flauta taldea, orkestra klasikoa, jazz orkestra) antolatu zituenean, baita musika elektronikoa ere, Informatika musikala ikasketa berriak martxan jarri zituenean ere.
Bere asmo guztiak aurrera eramateko lan-taldea ezinbestekoa zela ohartuz, musiko adituak erakarri zituen eta beraiekin batera lan eginez etengabeko berrikuntza eta formazioa bultzatu zuen eskola barruan.
Irunerentzat musika ez zen soilik partitura bat jakitea, interpretazioarekin sentimenduak adieraztea, beste batzuekin konpartitzea eta esperientziaz gozatzea baizik. Hau guztia gauzatu zedin ekintza desberdinak antolatu zituen: entzuketak, ikasleak kontzertu didaktikoetara eramatea edota ikasleek beraiek emanaldiak eskaintzea, hala nola Udaletxekoak, Gabonetakoak eta ikasturte amaierakoak.
Izaera nekaezina, zorrotza, elkarrizketarako abegitsua, ingurukoak ilusioz kutsatzen zituena, beti erronka berrien bila zebilena, honelakoxea zen. Berez halakoa zelako eta osasunak oso gazterik abisu latza emana ziolako bizitzari ahal izan zion guztia atera zion: lana gogotik egin zuen bere Musika Eskola sortzen, familia bat sortu eta maitatu eta etxe bat eraiki zuen, eta aukera zuenean bere ingurukoekin topa egin eta ongi pasatzen jakin zuen. Urratu zuen ibilbideak beti arte baten, musikaren, agian arterik gorenaren arrastoan eraman zuen eta seguru gaude orain ere leku goietan izango dela.
Melodia gozo geldiezina
musika konpas neurtuekin
mugitzen zinena
Irudi hauskor
errealitate gaziaren aurrean ordea
gutxi batzuk bezain gogor
Eta maitagarri
bizitzaren laburra
bere gordintasunean sufritu arren
ahitu zinen beti bezain erakargarri
Iruneren lagunak