Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Jose Pagadizabal, Txarondokoa
Aurtengo Xanistebanetako Urtekarirako elkarrizketa egiteko, Ergoien auzora joan gara. Txarondoko Joxerengana, hain zuzen ere. Izan ere, azkeneko urteetan irratsaioetan, egunkarietan... ikusi eta entzun ahal izan dugu, eta egoki ikusi dugu berarekin solasean aritzea, makina bat gauza dakielako, ezagutzen duelako; garai bateko testigantza jaso ahal izateko, azken finean.
Eta ez gara damutu inolaz ere. Aski gustura entzun diogu. Zenbaitetan inbidia pixka bat ere sentitu dugu. Zer nolako esperientzia daukan bere barruan gizon honek!
Hara! Hauxe da kontatu diguna:
Joxe, esan iezaguzu zure izena, edadea, gurasoen eta anaia-arreben izenak...:
Bai, ni Joxe Pagadizabal Artola naiz. Txarondon jaioa, ergoiendarra. 1928ko apirilaren 28an jaio nintzen, Txarondon bertan. Beraz, 74 urte egin berri ditut. Aita, Joxe Domingo Pagadizabal Arretxe, Txarondoko semea. Ama, berriz, Manuela Ignacia Artola Zabalegi, irundarra, Zurrunbila baserrian jaioa. Gero, Oiartzunen etxe frankotara ailegatua izan behar zuen: Larraldapan, Marimotxen bizitua zen. Handik joan zen Txarondora aitarekin ezkondu zenean.
Sei seme-alaba izan zituzten: 4 seme eta 2 alaba: Joxe, Frantziska, Xegundo, Angel (+) hildakoa, Kastora eta Joxe Mari.
Txarondo baserria Tornolako bailaran dago. Garai batean auzoa omen zen. Neska-mutil ugari izango zen bertan. Eskolan ibiliko zineten orduan ere:
11 urte arte edo, Sananderren (Santander baserria) ibili ginen eskolan. Txarondotik goraxeago dago baserri hau. 20 bat ume ibiltzen ginen. Ume franko bazen orduan auzo honetan. Leitzen eta eskribitzen pixka bat ikasi genuen. Martzelina Portu-Berrikoa zen maistra. Hil berria da. Martzelina sasi-maistra zen, titulurik ez duena. Sumar justu-justu egiten zuen. Hortik aurrera ez zekien gehiago.
Gero, Mitxelenean ere ibili nintzen pixka bat. Orduan pixka bat pagatu egin behar izaten zen. Duro erdi bat hilabetean-edo bakoitzak. Ahaztuta daukat seguru zenbat. Mitxelenean Mercedes eta Maria ziren maistrak.
Orduan, neguan ibiltzen ginen eskolan, eta udan, lana zela eta baserrian, bertan izaten ginen lanean.
Garai hartan doktrina ikasiz gero, dena egina izaten zen. Orduan, zentroa doktrina izaten zen. Doktrina ikasiz gero, gurasoak konforme, eta gainekoak ere bai. Orduan fundamentu gutxi izaten zen eskolarekin. Hamaika urte arte ibili nintzen, komunioa egin arte. Gero, lanera.
Ume garai horretan, 8 urte zenituela, gerra izan zen Euskal Herrian. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Kazkabar eraso ederrak hartu nituen Lesaka eta Arantzako bidean. Izan ere, gosea zegoen, eta Oiartzungo eta inguruko errotak itxi egin zituzten, eta Nafarroaraino joan behar izaten genuen. Urte tristeak izan ziren niretzat. Edade horretan ardi kontutan ibiltzen nintzen. Artzaina izan nintzen umetan. 17 urte arte edo horrela, baserrian aritu nintzen lanean.
17 urterekin Altzibar auzora zoaz ofizioa ikastera...
Bai, halaxe da. Niri etorri zitzaidan egurrarekin hasteko gogoa. Ofizioa pixkanaka hartu genuen, behartu egiten ginen eta. Altzibarren hasi nintzen lanean, eta lau urte aritu nintzen Zikirotarrenean. Arotz lanean aritu nintzen. 8 lagun lanean aritu ginen denbora izan genuen.
Soldaduska Arditurrin egin zenuen, boluntario, gainera. Nola izaten zen hori?
Soldaduskara joateko garaia zetorrela eta, lehenagotik Arditurrin hasi nintzen lanean, gero hartuko ez gintuzten beldurrarekin.
Gaur egun ez dago soldaduskarik, baina orduan, boluntarioek minetan aritzeko aukera izaten genuen, eta nik ere hori egitea erabaki nuen. Gainera, garai hartan gu ez ginen joan instrukzioa egitera ere. Gero, nire semea bai, hark instrukzioa kanpoan egin behar izan zuen. Guk ez, ordea.
Minetako lana aski gogorra zen. Pixka bat kobratzen genuen, 115 pezeta astean. Larunbatean ere lana egiten genuen orduan, beste egunetan bezala.
Lau urte eman nituen soldaduskan, minetan lanean, 22 urte arte.
Soldaduska amaitu eta gero, nire kontura arotz lanetan aritu nintzen 11 urtean. Teilatuetan...
Eta hamaika urte pasatu ondoren, berriro Arditurrira itzuli zinen. Zer dela eta?
Minetako fakultatiboak eramanarazi zidan berriro Arditurrira. Benjamin Alvarez Menendez zen fakultatiboa edo kapataza. Honek esan zidan minetako jornalak pixka bat hazi zirela,eta tematu zen ikaragarri nire etxera etorrita. Eta joateko esaten zidan, dagoeneko 35 urte banituela orduan arrimatuxeak, eta joateko, gero zailagoa izango nuela han sartzea. Horrela, bada, eramanarazi zidan. Haren bitartez.
Han ere arotz lanak egiteari segitu nion: kierrak direla, tolbak (enbutu antzekoa, minerala txikitzeko), aitzurrak, pikotxak egiten aritzen ginen.
Ordurako jornala hazia zen. 7.000 pezeta kobratzen genuen hilabetean. Izan ere, asteko hura kendu eta hilabetekoa jarri zuten.
Arditurrin enkargatu lanetan ere aritu zinen. Nola gertatu zen hori?
Lehen aipatutako fakultatiboa erretiratzeko denbora ailegatu zen, eta berri bat etorri zen Bilbo alde horretatik. Jose Modesto Rey zen bere izena. Hark sartu ninduen enkargatu, a lafuerza. Horrela bada, azkeneko hamalau urteak enkargatu bezala pasatu nituen.
Mineroen enkargatu nintzen. Eskonbrero, labandero, denen enkargatu, 14 urtean. Ni ikusitakoa nintzen. Fakultatibo berriak baino gehiago nekien. Hark bai boligrafoarekin, ongi, baina minetan gutxi zekien. Ordurako, minetako martxa ongi ikasi nuen nik.
Konta iezaguzu minetako jarduna nolakoa zen:
Goizeko 08:00etan sartzen ginen, eta eguerdiko 12:00etan atera. Gero, berriz, 14:00etan sartu eta 15:50ean atera, eskuak-eta garbitu ondoren. Leherketarekin bukatzen zen mendi azpiko lana. Gero, hautsa zela eta, berehala hustu behar zen hura. Horrela, hurrengo goiza arte ez ginen hasten lanean. Zazpi ordu egiten genuen lan.
Minetan 9 pisu zeuden beheitino. Ateratzeko eta sartzeko jaula izenez deitzen genion igogailua erabiltzen genuen. Enkargatu jarriz geroztik, beheitino jaisten nintzen egunero, eta hantxe pasatzen nuen eguna nik. Hantxe ibiltzen ginen, ilunpe hartan.
26 urte pasatu nituen nik denetara han, eta 7 urte aurreratu zizkidan erretiratzeko. Izan ere, segurldad toxica genuen, eta horregatik zazpi urte eman zizkidaten erretiratzeko.
Minetan blenda, beruna eta kobre pixka bat ateratzen genuen. Minetara sartzeko lau bat aho zeuden guztira. Aisa bereizten da minerala eta harria. Askotan minerala utzi egin behar izaten zen, harriari eusteko. Mineral toki handi askiak baziren han.
Minetan aritzen ginen langile asko oiartzuarrak ginen, baina bazeuden kastellanoak ere mordoska: andaluzak, gailegoak eta emigrazioko jendea. Langileak bertara joateko trena zegoen. Fortalezan hartzen zen.
1982ko azaroaren 30ean itxi zuten Arditurriko meategia.
Minetan lanean ibili eta gero, urtero-urtero Santa Barbara egunean bai festa ederra.
Santa Barbara eguna ospatzen genuen, abenduaren 4an. Ilusioa izaten genuen egun horrekin. Goizean, elizara etorri. Gero, Kastronean-edo gosaldu, eta gero, Iruna joaten ginen bazkaltzera. Jaleonean bazkaldu genuen urte askotan. Eta gero, berriro herrira etorri. Egun handia izaten zen, eta altxaferuak eta guzti botatzen genituen.
Joxe, zu Txarondoko maiorazkoa izaki, nolatan joan zinen etxetik kanpora?
Egia da, nik banuen etxeko komenentzia. Baina nire emaztea bera ere maiorazkoa zen, eta tira eta tira ibili ginen, eta emazteak irabazi zuen. Olatzeneko fmka berea zuen, eta hara joan nintzen. Aita oso haserretu zen. Eman nion bai disgustu ederra! Gero, beste anaia gelditu zen Txarondon, Xegundo. Eta han 10 seme-alaba hazi zituen.
Zu, berriz, Olatzeneko Maria Doloresekin esposatu zinen eta familia sortu.
1955ean esposatu nintzen, azaroaren 4an, 27 urterekin. Emaztea 6 hilabete gazteagoa zen, Olatzene baserriko Maria Dolores Telletxea Pikabea. Nire emaztearen gurasoak Arantzakoak ziren, nafarrak. Ezkondu, eta Iruñera eta Zaragozara joan ginen viaje de novios zela eta. Ezkondu eta Olatzenen jarri ginen bizitzen. Nire emaztearen familia ere bertan bizi zen oraindik. M. Doloresek zazpi senide zituen.
Bi seme-alaba izan genituen: Enrike eta Mañoli. Hauek, berriz, hiru iloba eman dizkidate.
Ezkondu eta hamalau urterako alargun gelditu nintzen. Azkeneko lau urteak minez pasatu zituen nire emazteak. Motza izan zen gure bizikidetza.
Orain arte, Joxe, Arditurriko eta arotz lanetako kontuak azaldu dizkiguzu. Baina zuk beste ofizio ugari ezagutu dituzu. Esplika iezaguzu zure jakintza noraino iristen den.
14 ofizio eta 14 miseria omen zituen gizon batek, eta niri ere hori pasatzen zitzaidan. Saltsa bai asko tokitan! Denetik probatu dut: ilea mozten, txerria hiltzen, errementari, hazienda ferratzen... saltsa horietan denetan ailegatu naiz ni. Akzio guztietan, denetan aritua naiz. Ofizioz arotza naiz. Horretan tematu nintzen pixka bat ikasten, eta horixe dominatzen dut aixaxkoena.
Makina bat ofizio aipatu dituzu. Banan-banan aztertuko ditugu, Joxe:
Ferratzen aritzen nintzen tokatzen zitzaidan garaian, Baita Arditurrin ere, enkargatu nintzenez geroztik. Herreronean ikasi nuen, Altzibarren. Animalia kontzen Martxial Aranburu izaten nuen, Monikarena, Gaztelugoia baserrikoa.
Eluntia ere badut baserrian. Eluntia behia jasotzeko armadura da. Txabolan dut antolatua. Neurriak Iturriotz auzoko Martiarrene baserritik hartu nituen. Martiarrenen ere hazienda ferratzen baitzuten. Gaur egun Egieder baserrian aritzen dira ferratzen.
Ilea mozten ere ikasi duzu:
Lehenbizi Arditurriko mandoekin hasi nintzen. Gero, beharrak erakusten du. Erraztasuna bainuen ikasteko. Saltseroa naiz eta. Gero pertsonekin hasi nint/e.n Eta auzoko bezero asko ditut. Horiekin bizargile lanetan aritzen naiz.
Kontrabandoan ere ibili zara:
Kontrabandoa ez da esaten. Horretan nafarrak ez ziren deskuidatzen. "Hori ez duk horrela erraten", zioten. Gau-lana esan behar zaio horri. Ezkondu aurretik ibili nintzen gau-lana egiten. Bi bat ibilbide genituen: Burnaiztegitik Gantxurizketako tuneleraino eta San Antondik Iturriozko Milleneraino. Pako Mitxelena, Karrikakoa, eta Jazinto genituen buru. Haiek agintzen ziguten.
Eramaten genituen fardelak oso handiak izaten ziren, Jazintorenak behinik behin. 35 kilo pisatuko zuten. Pakorenak, berriz, arinagoak ziren. Baina bultoa askotan handiagoa izaten zen. Pako Mitxelenaren fardeletan bizikleten piezak, tubularrak... ekartzen genituen.
25 duro jasotzen genituen gau bakoitzeko. Astean egun pare batean joaten ginen. Gero, egunez, minetan lanean.
Arriskuan ere ibiltzen ginen. Nik suertea izan nuen, ez ninduten harrapatu; harrapatu gabea nintzen ni. Mendian ez zen erraza harrapatzea. Baina alto emanez gero, fardela utzi, eta korrika eskapo.
Guardia zibilen beldurrez izaten ginen. Orduan guardia zibilak Kontzejuan izaten ziren. Haien artean bazen bat oso gaiztoa. San Antongo Martzelino hark hil zuen, kontrabandoan zebilela.
Gauean kontrabandoko lanetan aritu behar genuela jakiteko, Pakoren anaia, Joxe, etortzen zen bizikletan. Hura ikusiz gero, bagenekien zer egin behar genuen. Orduan ez baitzen telefonorik.
Gogoan dut gauean Iturriotz auzoko Millenera joan behar genuenean, aurrez aurre dagoen Juanene baserriko sukalde bazterreko argia piztuta egoten zela. Hura itzali arte, hantxe egoten ginen arto tartean gordeta, eguna argituko zuen beldurrarekin. Ez dut ahaztuko ez inoiz Juanene sukalde bazterreko bonbilla hura!
Ezkondu nintzenean utzi egin nuen. Bidea luzea izaten zen, gauean, pauso txarra dena, ezin baitzen bidetik joan. Gazteak ginen, sosak behar genituen eta...
Txerria hiltzen ere aditua omen zara.
Bai, halaxe da. Horretan ere saiatu izan gara. Gainera, duela bi bat urte-edo Hondarribiko alkateak deituta, han bertan egin genuen txerri hilketa. Nonbait, garai bateko ohitura hori gaur egun ez zela ikusten, eta ea hango plazan egingo genuen deitu zidaten. Eta baiezkoa eman nien. Hantxe bertan akabatu genuen txerria, bertan erre eta gero puskak egin. Odolkiak eta txistorra egiten ere aritu ginen. Oso polita atera zitzaigun. Eta Hondarribikoak oso gustura gelditu ziren gurekin.
Orain arte, Joxe, laneko kontuez besterik ez dugu hitz egin. Igandeetan-eta bileretara joango zineten bada.
Bai, bai. Txikierdira joaten ginen. Han Borria izaten zen soinuarekin. Ergoienen ere jarri zuten gero. Irungo Kateara ere ailegatu izan gara noizbait. San Antonen ere izaten zen bilera.
Bukatzeko, sagardoa egiten duzula ere jakin dugu. Zer eta nola Joxe?
Sagardoa ere egiten dut, bai. Olatzenen. Ni baserrira joan nintzenean, dolarea zegoen bertan. Dolarea egurrezkoa zen eta geldirik zeukaten, hondatua. Eta nik, ardatzak ongi zeudela ikusita, dena berria egin nuen, hormigoiarekin. Geroztik, etxeko sagarrarekin sagardoa egiten dugu urtero.
Solasaldi aberats hau bukatzeko, Joxe, konta iezaguzu gaur egungo bizimodua.
Etxeko animaliez arduratzen naiz gaur egun. Baditut ardiak, txerriak, untxiak, oiloak... Denetik badut.
Goizeko 06:30ean jaikitzen naiz egunero, eta eguerdian ordubeteko siesta egiten dut. Gauean, berriz, telebista gutxi ikusten dut, 21:00etarako oheratzen naiz eta. Telebistatik bertsoak ditut gogoko. Igandeetako saioa askotan ikusten dut.
Baserriko animaliekin aritzen naiz, ez dut aspertzeko astirik.
Hauxe da Txarondoko Joxerekin egin dugun solasaldia. Arrunt gustura entzun ditugu zure bizitzako gorabeherak, Joxe. Bizimodu gogorra, benetan, baina, era berean, aberasgarria. Arotza ofizioz, baina, hura ongi menperatzen zenuelako, edo berez erraztasuna zenuelako, beste lanekin ere atrebitu zarena. Eta ez nolanahiko lanak, gainera. Eskerrik asko, Joxe, ez ditugu inoiz ahaztuko une goxo hauek.
Elkarrizketa honekin, Urtekariko Batzordeak Oiartzungo herriko gizon eta emakume xumeak omendu nahi izan ditu. Txarondoko Joxe bezala, bere bizitza osoan lana besterik egin ez dutenak. Zorionak guztiei, eta Xanisteban zoriontsuak opa dizkizuegu. GORA XANISTEBANAK!