Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Joxe Mari Arbelaitz
Sarrera bezala beti egiten ditudan galdera batzuk. Zure izena. Noiz jaio zinen Non.
Joxe Mari Arbelaitz “Baserri”. 1962ko maiatzaren 5ean jaioa 36 urte. Donostian jaioa, Epelen bizitu nintzen 10 urte arte. Gero Bordazarren.
Zergaitik jeitsi zineten Bordazarrera?
Ba, batez ere aitak Pasaian, fabrikan, lan egiten zuelako, eta Epeletik jeitsi behar. Aitak motua zeukan, baina orduan ez zegoen biderik, ez autoentzat, ez motorrentzat, gainera oso negu gogorrak egiten zituen, orain baino gogorragoak eta hurruti geratzen zitzaion, badai luzea eta... pixka bat horregatik, gerturatzeagatik, azken finean, Bordazar ere baserria zen.
Aitaren baserria?
Ez amarena, amaren aitak hor pisuak zeuzkan eta hara jo genuen... jo zuten.
Eskolan eta, non ibiliak zarete?
Ba eskolan lehendabiziko urtek hemen Ergoien, auzoan. Anaia eta biok hemen ibili ginen, autobusez jeisten ginen... autobusa Torno aldera izaten zen eta baserri guztietako jendea, Portuburu, Sailpuru, Añaki, Txarondokuak... denak hor etortzen ginen... goitarrak esaten ziguten...
Eskolan ibili eta gero zer?
Beno, Ergoinen bi urte, gero Bordazarrera jo genuen bizitzera. Oiartzunen, Hospital Zaharrean, urte bat edo, beste bat edo, Beheko Plazako eskola zaharretan, baziran bi eskola zahar, eta azken urtea orain dagoen eskola berrian, Elizalde eskolan; Elizalde martxan hasi zen urtea, nire azkeneko urtea izan zen. Hortik, gero, zerbait gehiago ikasten jarraitu genuen Irun aldera, baina beno, gehiegi ez zitzaidan gustatzen estudiatiza eta hor bukatu ziren momentuko ikasketak.
Geroztik zer egin zenuen... lan desberdin asko?
Bai, lana bai beno, mota askotako lanak, lehendabizi igeltsero moduan urte mordo bat. Eta gero denetarik, ba pixka bat elektrizista bezela aritu naiz, iturgintzan ere zerbait bai, udaletxearekin, basoan, ta beno alde hortatik lan pila batean...
Baserritar ere bai...
Bai baserriarekin ere beti mantendu izan dugu, hori txikitatik ikasi genuen, han, Epelen baserrian lan egiten genuen, behiak jeixten, ardiekin, ta beno oso ondo, oraindik ere badakigu eta egiten dugu lan pixka bat, batzuetan gusturago, bestetan ez hainbeste baina,... badakigu behintzat, eta pozten naiz ttikitan ikasi izana. Bai, bai...
Zerbait komentatu mendiarekin sartuaz: noiz sortua dezu abenturetako afizioa, umetako kontuak al dira?
Beno mendi aldean jaioak eta bizituak izanik, ba betidanik ibili ginen ardiekin edo lan egiten. Gero pasiatzen hasi ginen, inguruak ezagutzen... pixka bat horrela. Berez hola mendi-mendian hasi ginen, jende asko bezela, Pirineo aldeak ta ezagutzen hasi ginen 14/15 urtekin lehendabiziko irteratxoak, bidaiak Nafarroa aldera, ipar-eskia (esquí fondo) ikastera... Eskusa horrekin, garai hortan beste guziak bezela, azkenean ba parrandak ere egiten genituen, eta hortik hasi zen pixka bat,... kuadrila bezela joaten ginen mendiak, mendi altuxeagoak...
Kuadrila, Oiartzungo jendea zen? Izen batzuk.
Bai denak oiartzungoak ginen. Mikel, Kepa, horiek gehienbat... gehiago ere joaten ginen baina gaineroakoak parrandara joaten ziren... Isaba aldean ibiltzen ginen askotan eta gero, hemen inguruan ere bai, eskalatzen hasi ginen kuadrila honekin eta Oiartzungo Xabierrekin.
Non eskalatzen zenuten?
Ba lehenengo Aiako Harrian ta gero Arkalen ere hasi ginen... eta Leuneko arkaitzetan baina batez ere ibiltzea gustatzen zitzaidan. Artikutza aldera, basoak, udazkenean perretxikuetara joatea...
Konta iezadazu egin dituzun ibilaldi guzietan berezienak izan zaizkizunak, gehien gustatu zaizkizunak...
Kanpoko mendietara irteten hasi ginen, ba 3.000koak eta egiten, nolabait Pirineotan lehenengo sarrera, Perdido ta Ordesa inguru hori asko gustatu zitzaidan eta hor egin nituen lehenengo urte fuerteak. Baina gero pentsatu genuen Pirineotako zeharkaldia egitea, lehenagoztik ezaguna nuen beste lagun batek, Iñakik, eta biok. Abiatu ginen baina bera 10. egunean edo, gaixorik jarri zen, belauneko arazoak edo... Ni beldur pixka batekin joana nintzen... berak ni baino sasoi hobea zuelakoan edo, garai hartan hala ikusten nuen, eta azkenean gaixorik jarri zen eta bakarrik jarraitu behar izan nuen, eta hor Pirineotako zeharkaldi hori osoa bukatu nuen. 27 bat egunetan egin nuen. Zeharkaldi hori berezia izan zen niretzat, lehenengo ibiladi fuertea edo gogorra, egun asko bakardadean, janaria... pixka bat mendi bizitza egitea.
Besteren bat aipatuko zenuke?
Beno, bizikleta ere gustatzen zitzaidan eta gustatzen zait oraindik ere,... ba Bretañara, Karaezera joan nintzen bizikletaz Oiartzundik, hasiera batean bi lagun ginen joateko asmotan baina azkenean bakarrik joan nintzen... Alpetakoa ere aipatuko nuke, Montblanc lehenengoz egitera joan ginenekoa, eta batez ere kanpora egindako lehenengo bidai fuertea, ekainean egin genuen. Pirineotan, Iñaki eta biok genbiltzala nafar batzuk ezagutu genituen eta haiek Laponia aldera, Filandia aldera joateko asmotan zenbiltzan eta gu ere apuntatu egin ginen... eskiekin eta, beno, oso bidai polita izan zen, pixka bat hurrutira joan ginen, beste leku eder polit batzuk ikusi genituen...
Patagoniarekin sartuko gara. Patagonira zeintzuk joan zineten? Lehendik elkarren ezagunak al zineten?
Patagonian egon gara, ba ni ta Adrian orereotakoa, Adrian Florentino aita, Fidel azpeitikoa, eta Mikel zarauztarra. Eta elkarren ezagunak ote ginen? Bai, nik batzuk besteak baino ezagunagoak nituen, Fidel gehiago ezagutzen nuen, Mikel nik gutxiago, baina, elkarren ezagunak ginen.
Lehendik mendian ibiliak?
Fidel asko... 8.000koetan... Himalaya aldean 7/8 bat aldiz ibilia da eta beste hainbat lekutan ere bai. Ta Mikel ere ibilia da.
Zergatik Patagonia?
Patagonia izan zen bat Patta eta bion kontua, Patta egon zen beste behin Laponian Finlandia aldeko lurralde horietan, negua, izotzean eta eskiekin, tenperatura hotzekin... eta komentatu ziguten ea ba ote genekien, Patagonia aldean, Chile eta Argentina bitartean bazegoela leku bat, Hielo Continental Sur deitzen ziotena... eta han bazegoela izotz itsaso haundi bat, nahikoa lekua basatia zela... eta beno, pixkat hara joateko aukerak begiratzen hasi ginen, zeharkaldi bat egiteko aukerak, bestalde Patagonia inguruan ikusi genuen mendi famatu batzuk bazeudela, eskalada edo alapinismoan ezagunak egiten zitzaizkigunak “... Torre eta...” Horiek guztiak orratza haundi batzuk dira, 1.000 metro inguruko arkaitzak eta han alpinista euskaldunak ibili dira eskalatzen, benetan hainbat argazkitan ikusitako ingurua, zoragarria iruditu zitzaigun,... eta gu hara joateko asmoa, beste leku batetik ikusteko aukera... eta hor hasi ziren hixtori horren lehenengo pausoak.
Nondik egin zenuten? Zehaztu
Zeharkaldian erreferentzi bezala Chalten herria genuen, 14 urte dituen herriska, hortik mendi aldera sartu ginen pixkat, izotza inguratzeko 1.000 bat metroko desnibela kasik egin behar genuen; Paso Marconi zen lehenengo erreferentzi puntua, han hasten zen berez zeharkaldia izotzean. Abiapuntua Paso Marconi zen eta hortik izotzera sartzen ginen, gure irteera puntua zen Estancia Cristina, Lago Argentino inguruan. Oso lurralde haundiak dira Patagonia aldekoak eta mugak aintzinakoak izanik ez daude oso argi, lurralde batzuk Argentina dira, besteak Chile... Lehenengo zatira Argentinatik sartzen ginen baina berehala Chilen ginen, egun pare bat Chileko lurraldeetan egiten genituen bezala, hurrengoak Argentinako lurraldeetan ematen genituen eta bukaera Argentinako Patagonian, Santa Cruz probintzian.
Kontatu egun arrunt bat
Egun bat izotzean: goizeko 7ak aldera esnatzen ginen, hotz haundia egiten zuen goizean, gauean 20º zero azpitik, gutxigora behera, egon ondoren, orduan lehenengo momentua gogorra zen, hotz horrekin mugitzen hastea... baina hala ere izugarrizko eguraldi onak tokatu zaizkigu guri, izugarrizko suertea izan dugu. Patagonia zerbaitek definitzen badu, eguraldia da, ez da jakiten noiz egingo duen ona eta noiz txarra, berehala aldatzen dira eguraldiak. Oraintxe dago eguzkia, pixkat berotzen duena, baina handik bi ordutara 100 Km. baino gehiagoko haizea eta elurretan egon zaitezke. Egia esan lau estazioak egun berean ikus daitezke Patagonian. Horregatik zeharkaldiaren zailtasuna handiago zen. Gosaria prestatzen hasten ginen; ura irakin, dena izotza nola zen izotz puska hartu, su txikia piztu eta ura urtutzen genuen. Ura urutzearekin gailetak eta... Gosaria prestatzeak ordubete edo eramaten zigun. Gero kanpora atera eta tresna denak berriro prestatu trineoetan, kanpamentu osoa jaso, eta gu geuk gutxi gora behera 50 kiloko zama eramaten genuen, horrez gainera trineoa gerrira lotua eskalatzeko arnes batekin. Orduerdira gure egunako martxa haste genuen, 3 ordu ibili ondoren edo, zerbait jateko gelditzen ginen, fruitu lehorrak, mendiko janaria... pikoteoa esaten dena, saldarik gabeko hamaiketakoa. Mendiko eskiakin ginen, azpian larru foka daramate karga heltzeko elurrean. Aurrera jarraitzen genuen eta 5ak aldera, 8ak aldera iluntzen baitzuen, berriro kanpamentua prestatzen hasten ginen; lan haundi zen; 1go orma bat egiten genuen, pala batez lagundurik izotz blokeak egiten genituen eta gero blokeak ladrillo modura pilatuaz 1,5m.tako pareta bat egiten genuen, dendak babesteko adinakoa. Oso garrantzitsua eta beharrezkoa da hau Patagonian. Mendiak eta arkaitzak egon arren gu erdian gelditzen ginen, izotzak 400 km.tako luzera eta 90 km.tako zabalera, guk 130 Km. egin genituen, hain zabala izanik, heltzen ginen lekuan gelditzen ginen. Mendia egitea ere pentsatu genuen bertan baina gure asmoa zeharkaldia egitea zen eta momentuan tentatu arren, eguraldi txarra eginez gero oso txarra izan zitekeen. Badira inork igo gabeko mendiak, eguraldiarengatik, batzuk mendi igotzera eta eskalatzera joan arren, agina mendia bera ikusi gabe itzuli dira bertan bi hilabete igaro ondoren... Guk kriston suertea izan genuen, esan bezela, guk mendiak ikusten genituen ia egunero. Pareta egin ondoren dendak montatzen genituen, eta legetako karga guztia dendetan sartu eta berriro hasten ginen ura urtu eta afaria prestatzen, egarri handiarekin... denbora sko ematen zigun ura egiteak. Bi talde bezela egin genituen, bi dendetan banatu ginen, beti ere, zerbait gertatuz gero, bestearen apoioarekin kontatzeko... Afaltzen genuen, deskantsatu, 8ak aldera egin genuena idatzi, liburuak irakurri, gtsa eraman genuen, satelite bidez orientatzeko aparatoa, eta honekin eta ipar orratzarekin orientatzen ginen. Horren bajak apuntatu, gure egoera komentatu... hanketan izugarrizko babak izaten genituen eskien mugimenduaren ondorioz, beraz medikuntza lanak ere orduan hasten ziren, botikina bageneukan eta beno, ahal zan modura.
Arazo haundia izan genuen eguzkiarekin. Ozono kapa zulo haundiena hor dago, orduan, eguzkiak berotu egiten zuen baina elurra zerbait urtu arren, 1.000 metrotako elur kapa dago. Azken 70 urteotan galziarrak 200 metro jeitxi dira, eta itsas maila igotzen ari da.
Lo ordu asko, nekea izugarria zen, gauean ez zegoen beste aukera haundirik, hotza egiten zuen izugarri.
Zuk komentatu zenuen lumazko zakuak ez zenituztela eraman buztizgero txarrak zirelako.
Bai, Patagonian eguraldi txarra egiten zuela pentsatuz eta jende batzuren erreferentziaz, lumazko zakuak eramanez gero, behin buztiz gero ez zegoen sekatzeko aukerarik, orduan guk fibra sintetikodun zakuak eramatea erabaki genuen, eta egia esan oso ondo joan zitzaigun.
Hotzik pasa duzue?
Ez arropekin eta jazten ginen, eta hotzik ez genuen pasa, nahiz eta kanpoan kriston hotza egin. Janaria ondo kalkulatu genuen, baina zeharkaldia 13 egunetan egiteko asmoa izan arren, 10 egun gehiagorako eraman genuen, eguraldi txarra dela eta, baina gero ez zitzaigun hain eguraldi txarra tokatu eta bidai osoan bizkarrean eraman ondoren azken egunean, kriston jatea egin genuen.
Paisai aldetik zer iruditu zaizu erakargarrien? Nola deskribatuko zenuke?
Paisajea bakardade haundi bat da, mendi asko, zenbait momentutan monotonoa bihur leike, hainbeste mendi, hain inguru basatia, haizeak mendiei emandako formak ikustea... izotzeko ondoak bezela dauzkate muturretan mendi guztiak, glaziarrak... Gainerakoan paisajea beti hori zen, mendia, txuria, eta gu laurak han, bakarrik. Polita zen. Politagoa ere izan leike, baina gu ere, gure beste pentsamendutan sartzen ginen eta bidaiatzen jarraitzen genuen, ez ginen beti elkarrekin hitzegiten joaten, zenbait momentutan, bat 500 metro aurrerago joatzen zen, beste beste puntan, argazkiak ateratzen... bakoitza berean. Egia sean oso gustora.
Ze janari mota jaten zenuten?
Janaria? Mendian ibiltzen den janaria mota gehien bat; fuertena zen arroza eta pasta... eta gero ba, uelsi, zerealak, txokolatea, fruitu lehorrak, gailetak, esne hautsa, mantekilla, hemendik zopak eta pasta besterik ez genuen eraman, bestea han erosi genuen.
Espero bezalako Patagonia aurkitu al duzu?
Bai,... beno alde batetik bai, baina adibidez ekaitz gogorrik ez dugu arrapatu... denak komentatzen zuten, pixka bat erotuta geundela, zeharkaldia egitera garai txarrean joan ginela eta ez ziguten inolako esperantzarik ematen... baina ni kaskagorra izaki... Eta saiatu eta suertea izan genuen... gu han udaberria hasi zenean joan ginen, hemengo irailean, gutxi gora behera imajinatu bezelakoa da, edo agian politagoa... mendebaldeko haize gogorren ondorioz zuhaitzak okertuak, kriston basoak eta ur pila bat, ureko animalia asko, artzak, zaldiak...
Zeharkaldiak zenbat egun iraun zituen?
23 egun gutxi gora behera. Buenos Airesera ailegatu ginen 1go egunean pakete erdiak Uruguayn gelditu ziren, haiek iritsi zain gelditu behar izan genuen. Hurrengo egunean ailegatu ziren. Gero Buenos Airesetik, 2.100 km.tara dagoen beste herri batetara joan behar genuen, Riogallegosera. Hara hegazkinez joan ginen, gure 30 kg.tako poltsez gain, beste 160 bat kg. genituen eramateko, janariak, palak, dendak, arnesak, botikinak, mendiko botak, eskiak, eta hauek kamioiez bidali genituen, oso garestia zen bestela... 3 egunetara iritsi ziren gauzak. Beraz, beste hiru egun han gauzak iritsi zain. Gero handik Kalafatera joan behar genuen, 300 km.etara, autobusez 6 ordu. Gero Kalafatetik Elchatenera beste 300 Km. pista zen, 7 ordu beste egun bat. Handik “campo base”ra gauzak zaldiz eramateko aukera genuekan, baina nahikoa kobratzen zuten, beraz erabaki genuen, guk geuk zaldiarena egitea. Gauzak horreal “campo base”ra iritsi ginanerako 10 bat egun joanak ziren. Eta bueltakoan, berdin.
Turismo aldetik begiratuta zer aurkitu duzue?
Batzuk denbora gehixeago hartu genuen, oporrak edo. Bi bueltatu egin ziren; ni eta Mikel han gelditu ginen. Mikelek xoxa gutxirekin zegoela eta Santiago de Chilera, kapitalera, lan egitera joatea erabaki zuen. Azkenean ez zuen lanik lortu eta Peru aldera joan zen hemendik eramandako gauza batzuk saldu ondoren. Nik Chileren hegoaldean jarraitu nuen, beste leku batzuk eta bertako jendea ezagutzen, eskiak eta bertan saldu behar izan nituen bertan jarraitu ahal izateko.... mendian ibili nintzen, su mendi bat igo nuen Chilen bertan, 3.000 m. eskaseko su mendiak dira eta elurra eta izotza dauzkate, kea botatzen dute momentuoro baina labarik ez, badira 10 urte edo ez dutela botatzen. Oso jende jatorra topatu dut Chile aldean, oso borondate oneko jendea, beraien etxera gonbidatzen ninduten, jende asko ezagutu dut. Oso bidai polita izan da.
Joxe Mari SANZBERRO
Apirila 1998