Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Juan Mari Arozena egimendiari omenaldia
Iazko Xanixtebanak bereziki garrantzitsuak izan ziren guretzako, txistulari moduan. Izan ere aspalditik bueltaka genituen zenbait behar eta gogo bete baitziren; alde batetik, Oiartzungo txistularitzaren nondik norakoa jakin eta ezagutarazi nahi genuen, eta bestetik, Juanito Arozenak gure tresnaren inguruan egindako urteetako lana nolazpatte agertu eta gure omenaldia eskaini.
Eta gauzak nola izaten diren, biak neurri batean behintzat, bete ziren.
Juanito Oiartzungo Udalaren artxiboa arakatzen hasi zela badira urte batzuk, baita ere hainbat eta hainbat datu bilduak. Guk halako itxura literarioa ematen genion, eta urtekari honetan hasi ginen pixkanaka-pixkanaka artikulutxoak argitaratzen. Baina halako batean Txistulari aldizkariko lagunak enteatu nonbait eta ea zergatik ez genion ale monografiko bat eskaintzen Oiartzungo herriari eta bertako txistularitzari? Gu, jakina, beldurtu egin ginen pixka bat, izan ere, ez genuen inolako ohiturarik horrelako kontuetan eta, gauzak diren bezala, ez genuen uste halako garrantzirik zuenik egindako lanak. Baina haiek baietz eta baietz (eta, azkenean, amore eman behar horrelako kazkaorren aurrean). Eta eskerrak eman beharrean aurkitzen gara, gainera; izan ere, akuilu moduan jokatu baitzuten, eta gaur badugu gure herriko historiaren zati oso txiki baina guretzat oso garrantzitsu baten berri, orain arte ez bezala.
Bestalde, aldizkariarekin horrelako lana hartu eta zera pentsatu genuen: "Hauxe`uk ba Juanitoi omenaldia itteko momentua", eta hala izan zen. Euskal Herriko txistulari elkartera zuzendu ginen gure Juanitori zilarrezko domina eskaintzeko eskariarekin, eta aho betez onartu zuten, eta, gainera, domina jartzeko eguna eta tokia guk proposatzeko. Esan eta egin. Gure beste Juanitok, Oñatibiak alegia, bultzatutako ohitura mantenduz, Xanixtebanetan kontsejupean egiten dugun kontzertuan jarriko genion, meza nagusitik Udalbatza kanpai hotsez eta txistulariok jotako alkate soinuz udaletxera ekarri ondoren, betiko ohitura mantenduz. Ezin da gehiago eskatu.
Udalarekin harremanetan jarri ginen gure proposamenen berri emateko, eta esan beharra dago erabateko babesa eskaini zigula, eta Juanitoren omenaldian ere herriko ordezkari moduan parte hartu nahi zuela.
Eguna iritsi zen, eta hantxe bildu ginen ingurutik etorritako ia 50 txistulari, urteroko ohitura betetzera, eta aurtengoan bereziki, gainera, Lartaun abesbatza, Ikastolako dantzariak eta hainbat eta hainbat lagun.
Oso giro ederrean ospatu genuen ekitaldia. Aldizkarian argitaratutako musika jo zen, besteak beste 1922ko Oiartzunen egindako Txistulari Banden txapelketan beharrezko jarri zuten pieza; Juan Mari Goikoetxea mende hasierako Oiartzungo txistulariaren errepertoriotik dantza batzuk; Oñatibiak moldatu eta hamaika aldiz kantatutako Agur Zuberoa ederra. Kontzertu amaieran, Iñaki Urtizbereak, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakariak, Juanito Arozenari zilarrezko domina jarri zion. Ondoren, alkateak, Udalaren izenean, Antton Mendizabalek sortutako Intxixuaren irudia eman zion, eta bukatzeko, Ikastolako dantzari txikiek, bertan jotzen ari ginenen partetik, beste opari bat. Juanitok hitz egiteko momentua iritsi zen, baina hitz gutxi esan zuen, emozioak jota. Kontzertua bukatu beharra zegoen, eta Oiartzunen azkeneko doinua ohituraz txistulari beteranoenak zuzentzen duenez, omenduak hartu zuen makila, eta baita, halako batean, jotzera gehitu garai bateko Oiartzungo txistulariak ere; Manolo Goikoetxea (Juan Mariren biloba), Daniel Soliño, Mikel Arruabarrena, Jagoba Larburu...Eta horrela amaitu zen Agur Jaunak jotzen eta ikus-entzule denak kantari.
Aldizkaria ere Xanixtebanetan aurkeztu zen, abuztuaren 6an, Udaletxeko Areto Nagusian. Txistulari-ren 182. zenbakiaren ardura hartu genuen 1999ko udazkenean eta hasi ginen ba lanean, eta, egia esan, laguntzaile finak eduki ditugu. Andoni Lekuonak bere osaba Felixen inguruan idatzi zuen; mendiko txistularia (Berin berrikoa). Iñigo Herce, laguna eta kazetaria, bera ere gogo onez prestatu zitzaigun Juan Mari Beltrani elkarrizketa bat egiteko, eta, nola ez, Ergoiengo eskolan kokaturik dagoen Herri Musikaren Txokoaren berri emateko (Julen Lersundi ere ezin ahaztu, bere argazki makina eta guzti). Baita On Ignazio Oñatibia ere, bere anaia Jonen eresien katalogazioa egiten ari dena (ez du lan gutxi, alajaina!) eta Txomin Agirregomezkorta, Txistulari aldizkariko zuzendaria, nondik nora behar zuen argitzeagatik, bestela oraindik bueltaka ariko ginen eta.
Musika atalean, berriz, Oiartzunekin zerikusi zuzena duten doinu eta obrak aukeratu ziren. Gehienak, nola ez, Jon Oñatibia Audelak sortu edo moldatutakoak (Bianditz, Agur Zuberoa, Aita Mendibururi zortzikoa, Oiartzungo Kirol Elkarteari Ereserkia...) Bitxikeria moduan, 1897an Oiartzunen ospatutako Euskal Jaietan saritutako zortzikoa Jolasketa bat izenekoa eta gaur jotzen dugun Ihauteriko baltsa, txistulari zaharren errepertorioan azaltzen dena hain zuzen.
Horra ba 2000. urteko gure gogo eta nahiak beteak. Honenbestez, eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen bi ekintza hauek aurrera eramaten lagundu diguten adiskide eta erakunde guztiei, eta berriz ere adierazi Lartaun txistulari talde osoa prest daukazuela nahi duzuenerako.
LARTAUN TXISTULARI TALDEA
Posdata Urtea amaitzeko izan dugu berri bitxia. Euskal Herriko Txistulari Banden txapelketa jokatu zen iazko urrian, Iruñean, eta lehendabiziko bi postuetako taldeetan hiru oiartzuar sartu dira, eta hirurak anaiak: Urko Arozena Muxika Burlatako Ataitz talde irabazlearen atabalari moduan eta Aitor eta Xanet bigarren postuan gelditu zen Aitzaki taldeko txistu 1ª eta silbotari bezala.