Agenda
Web Zerbitzuak
- Lehiaketak/Kontratazioak
- Enplegua
- Udal liburutegia
- Gizarte Zerbitzuak
- Albisteak
- Argitalpenak
- Eskaerak
- Udal proiektuak
- Araudia, ordenantzak
Oiartzuni Buruz
- Informazioa Orokorra
- Historia
- Oiartzuarrak
- Turismoa
- Kultura
- Argazki galeria
- Kale izendegia
- Telefono interesgarriak
Oiartzungo Udala
- Udal Departamentuak
- Udaltzaingoa
- Zerga Egutegia
- Aurrekontuak
- Udal aktak
- Antolakuntza
- Erakundeak
Oiartzuarrak / Maittere Arbide
"Bizitzeko etxe sabairik, ogirik, ahotsik ere ez duen jende horren ondora joan nahi nuen”
Madagaskarko lurrak utzi eta Oiartzunen izana dugu Maittere Arbide, oiartzuar moja. Joan den urtarrilean etorri eta hilabete inguruko egonaldia egin zuen bertan, familia eta ttikitako lagunen beroan.
Zapalkuntza eta pobrezia non, han izan da Maittere, behar gorrienean diren horien guzien ondoan, laguntzen, aholkatzen eta bertako jendearengandik ikasten. Irakatsi eta ikasi, biak nahasian. Ttikitatik moja izateak erakarri ez bazuen ere, betidanik izan du “misioetara” noizbait joateko irrika. Indian zuen izeba mojaren kartak noiz iritsiko zain egoten zen, zoragarriak baitzitzaizkion bertan kontatzen zituenak.
Tunisian, Erroman, Zairen eta Suitzan hainbat proiektutan lan egin du. Horrez gain, aholkulari orokor kargurako hautatua izan zen, eta hori dela eta, hamabi urtez mundu osoan barrena ibilia da koordinazio lana egiten. Madagaskarren pasatako azken zortzi urteotan, berriz, hiru proiektu gauzatzera ailegatu da: familientzako komunitatearen sorrera, emakumeentzako formazio ikastaroak eta unibertsitate izaera lortu berria duen Erizain Eskola.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua...
Ni Maittere Arbide naiz, oiartzuarra, Altzibarko Torreko Perikoren alaba. Gu bederatzi izan ginen, baina bi aurrenekoak ez nituen behin ere ezagutu, beti zazpi izan ginen etxean. Zaharrena nire ahizpa zen, gero bost mutil eta ni azkenekoa. Bost mutilen ondotik neska etorri zen. Hirurogeita hiru urte ditut orain.
Zure haurtzaro eta gaztetasunean... moja izateko desioa al zenekarren?
Ttikitan Altzibarko eskolara joan nintzen. Ez naiz mojetako eskolan ibilitakoa. Gero, handik Hondarribira, Colegio San Jose de las Hijas de la Cruz ikastetxera, hamasei bat urte arte. Han kultura orokor bat jaso nuen.
Nik ttikitatik ez nuen pentsatzen moja egitea. Han kolegioan egon nintzenean izan nuen idea pixka bat, baina gero kendu egin nuen nik. Nik neronek ukatu nuen. Ez nuen moja izan nahi. Mojak txolin samarrak zirelako ustea neukan, eta ez nuen moja izan nahi. Segur aski okerreko iritzia, baina tira! Horrela ikusten nuen. Hamabost-hamasei urte izango nituen orduan. Hamazazpi-hemezortzi-hemeretzi urtetan gainerakoen tankerako bizitza egin nuen, neskekin, mutilekin... senargaia ere banuen eta denek esaten zidaten: “Zu moja, bai zera! Hamabost egun eta etxean bueltan izango zara!...” Bizitzak irribarre gozoa eskaintzen zidan, bizitza atsegin nuen, kantua gustatzen zitzaidan, dantzatzea gustatzen zitzaidan, zinera joatea gustatzen zitzaidan... hau guztia oso gogoko nuen, eta azkeneraino aprobetxatzen nuen gainera. Baina noizean behin, nik desio barrenekoa neukan: misioa. “Moja egiten ez banaiz ere joango naiz egun batean misioetara” zioen nire barruak.
Egun batean esperientzia bat egin nuen, argi moduko bat izan zen, neure buruari galdezka hasi nintzaion: “Misioetan zuk ze emango duzu, Maittere?, zer emango duzu, zerbait emango duzu edo zu zeu eskainiko zara?” Eta orduan esperientzia bat izan nuen. Bizitza hain polita izatea, Jainkoak nirekiko zuen maitasuna eta goxotasuna besterik ezin zitekeela pentsatu nuen. Bizitza, familia, herria... dena eder zitzaidan. Eta pentsatu nuen:“Agian nire bizitza eskaini behar dut. Nire bihotza”.
Baina momentu hartan ez nekien ia Jainkoaren deia edota ilusio huts bat ote zen. Eta orduan eskatu nuen laguntza eta joan nintzen fraide bat ikustera eta esan nion: “Hauxe bizitzen ari naiz”. Apaiz hark bizitzan aurrera jarraitzeko aholkua eman zidan. Nire senargaiarekin ateratzen jarrai nezala, eta denborak esan beharrekoa esango zuela.
Baina geroago, jasanezin bihurtu zitzaidan, hain zen handia moja sartzeko desioa!
Orduan eman zenuen pausoa...
Bai, orduan pausoa eman nuen. Nik banuen izeba bat Indian. Mariaren frantziskotar misiolarietakoa, gure ordenakoa. Beti entzun izan nuen gure izeba hori oso irekia zela, oso argia, Aldakokoa. Hura zen nire aitaren arreba. Idazten zituen kartekin txoratuta gelditzen nintzen ttikitan, eta Iruñera jo nuen ordena hori ikustera. Kongregazio internazionala zen. Munduko lurralde askotan banatutakoa eta karismaren erdian, berriz, misioa. Hori niretzako oso inportantea zen. Han sartu nintzen hemeretzi urtetan.
Etxekoek zer esan zizuten?
Oso gogorra zen, ze aita eta... ni ttikiena nintzen, eta bost mutil eta gero ni ttikiena. Gurasoak asko maite nituen. Eta noski, haiek asko sufritu zuten. Nik ere bai e! Ze, pentsa! Ikaragarri maite duzun gauza batekin puskatzea esan nahi du, familia eta.... Familia bat osatzea ere oso polita iruditzen zitzaidan. Bi bide eder nituen aurrez aurre, eta bat aukeratu behar. Baina nik, bizitzeko etxe sabairik, ogirik, ahotsik ere ez duen jende horren ondora joan nahi nuen. Horrek erakartzen ninduen. Aitak hala esan zidan: “Maittere ez dizugu ezetz esango, baina pentsatu ongi. Gaztea zara”. Eta nik esan nion: “Ezkontzeko gaztea naizenik sekula ez didazu esan, eta moja izateko zergatik naiz gazteegi?” Nik badakit asko sufritu zutela, amak ere bai. Baina sekula ez zuten esan: EZ. Eta anaiek ere ez.
Gainerakoak harritu al ziren?
Bai. Guk batzuetan teatroa egiten genuen. Hala Neskaxarra izeneko teatroa egin genuen, eta protagonista ni nintzen. Baserritar jende pila handia jaitsi zen teatroa ikustera. Gero moja nindoala eta, “Maittere moja, zera Neskaxarra, teatroa egin zuen hura? Ez da posible!” esaten zuten.
Zer zinen, oso bixia?
Beno, oso bixia... ez dut uste terremoto bat nintzenik, baina gustatzen zitzaidan bizitza, lagunekin ateratzea... hori guzia. Azkeneraino aprobetxatu nuen Txikierdira joan eta dantza eginez. Nire garaiko neska arrunt bat nintzen. Ez besterik. Ez besteak baino hobea, ez okerrago.
Iruñean sartu nintzen nobiziatuko bigarren urtea egitera, eta handik Italiara jo nuen, Erromako nobiziatu internazional batera. Mundu osoko jendea biltzen zen bertan. 21-22 urte izango nituen orduan. Lehenbiziko botoak egin eta misioetara segituan. Tunisiara hain zuzen. Hantxe pasatu nituen misioetako nire lehen hiru urteak.
Oso urte politak izan ziren niretzat, ze hantxe ulertu nuen misioaren zentzua, hain zuzen Islamean, herri musulman batean. Herri musulmanaren baloreak onartzen ikasi nuen, askotan guk, kristauok, ezagutzen ez dugun mundu ikuskera aberatsa baitute. Horrez gain, han konturatu nintzen gure eginbeharra ez zela musulmanak kristau bihurtzea. Beren ondoan zerbitzu, presentzia, elkarrizketa... eskaintzea baizik.
Hiru urte bakarrik egin nituen han eta Erromara itzuli nintzen. Ikasketak egin nituen han. Erietxe batean urte mordoxka lan egin ondoren, Zairera joan nintzen.. Gure desioak kontuan hartzen saiatzen zen superiora, eta hala inguratu zitzaidan: “Maittere, Afrikara joatea gustatuko al litzaizuke?” Eta nik: “Zoratzen, ze horixe daramat barruan”. Hala, Zairera joan nintzen. Bi urte bakarrik egin nituen han ze Kapitulu Orokorra izeneko kongregazio bileran, aholkulari orokor izendatu ninduten. Mundu osoan barrena sakabanatutako zortzi mila ahizpen artean, zortzi aholkulari orokor aurkitzen dira, eta horietako bat niri egokitu zitzaidan. Orduan nire lanbidea utzi behar izan nuen: mediku lana.
Zein da aholkulari orokor karguaren egitekoa?
Kongregazio osoa koordinatzea. Kontuan har 74 naziotan banaturik dagoela, eta aholkulari orokorrak nazio guziotan formakuntza ziurtatu beharra du. Fundazio berriak non egin aztertu, misioak koordinatu... gainera, kontzilio ondoren, erlijio bizitzan aldaketa nabarmenak gertatzen diren garai betea zen orduan...
Aldaketak zertan?
Bai, aldaketa handiak gertatzen dira. Lehen ikaragarrizko garrantzia emandako zenbait alderdi erlatibizatu egiten da. Zenbait balioren galera, baina, era berean, beste muturrera joan gabe. Adibide bat jarrita: lehen egitura pila ikaragarria genuen. Formak. Uniformetasun handia genuen institutuan: janzkera berdinak, jaikitzeko ordu jakinak, errezo berberak eta abar. Orduz geroztik konturatu gara inportanteena hori ez dela, ez janzkera ez... Eta hala formen pluralismoa onartzen da, baina misiolari karisma eta batasuna urratu gabe ordea.
Egituretan oinarritutako bizikeratik, bizikera arduratsuago batera pasatzen gara. Bai. Askoz ere libreago. Baina arduratsuago aldi berean. Ez nahi dena egiteko askatasuna, norbere arduraren bereganatzea baizik. Dena aldatzen da.
Misioen zentzua ere aldatu zen. Aurrerantzean ez zen balore jakin batzuk ematera joango. Umildade osoz, sinpletasun osoz gerturatu beharra zegoen herri batera. Eta jende horren baloreak ezagutu ondoren, beraiekin batean eraiki. Adibide moduan, jo dezagun Argentina. Bertan erietxe eta eskoletan arituak ginen ordu arte, baina une horretan Gobernuak ardura bere gain hartu zuen. “Eta orain... guk zer egin dezakegu?” galdetu genion geure buruari. Eta hala, erakunde handi batzuk eraikitzetik, jendartean bizitzera pasatu ginen. Jendearen egoera eta batez ere emakumearena ezagutu eta beharren baitan erantzuna ematen saiatuz. Oso inportantea izan zen. Jendeak asko irakats diezazukeela konturatu ginen, batez ere jende pobre eta arruntak.
Aholkulari orokor karguan munduan barrena ibiliko zinen...
Bai, lehen hilabeteak Erroman pasatu behar izaten nituen, gogoetan, proiekturen bat egin edo probintzia arteko elkarrizketa lanetan. Baina behin lan hau eginda, tokian tokira joan beharra dago proiektu eta egoera gertutik ikustera. Gure kongregazioko zortzi aholkulari orokorrak munduko kontinente guzietan barrena ibiliak gara. Nik, konparazio batera, asko bisitatu dut Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika, Afrikako herrialderik gehientsuenak, Europa, Ozeania ( bilkura bakar batzuetarako besterik ez), eta Asian, berriz, Japon, India, Korea, Vietnam... zertxobait gutxiago Asian. Ardura hau betetzea egokitu zaidan hamabi urteetan, batetik bestera ibili behar izan dut.
Nola baloratuko zenuke hamabi urteotako esperientzia?
Aberasgarria benetan. Indiara joan eta zoragarri zitzaidan, nire ahizpak karisma bera indiar estiloan bizitzen ikustea. Afrikara joan eta beste horrenbeste. Batean eta bestean diferenteak ziren bizikerak. Baina guzietan, joan eta nire ahizpak nonahi. Niretzako aberasgarria. Eman baino gehiago, jaso egin nuen nire ustetan.
Eta ondoren?
Hau bukatuta –hamabi urtez gora legez ezinezkoa baitzen–, Jerusalemera joan nintzen, eta han bederatzi hilabete egin nituen Jerusalemgo Eskola Biblikoan erreziklatzen. Bukatu nuenean, gure ama jeneralak ea Suitzara joango ote nintzen eskatu zidan. Etxe bateko superiora lanetara. Urtebete eginda, Suitzako probintzial kargua eman zidaten. Herri bakoitzak superiora bat izaten du, baina probintziako etxe horiek guziak koordinatzeko, beharrezkoa da probintziala. Suitzan lau urte egin nituen kargu honetan. Bigarren agintaldia hasi orduko, berriz ere ama jeneralaren eskaintza bat iritsi zitzaidan: “Tere, Madagaskarrera joatea axolako al litzaizuke?”, ze Madagaskartik ni bertara joateko eskaria egina baitzuten.
Hala, zortzi urte daramatzat Madagaskarren. Hamabost komunitate ditugu hiri, itsasertz, oihanean... banatuak. Madagaskarren eskola, erietxe... bezalako erakundeak oraindik ez ditu martxan jarri Gobernuak. Horrek guziak Gobernu mailan oso gaizki funtzionatzen du. Jendeak, esate batera, ez du gizarte segurantzarik ere. Horregatik, guk geuk martxan jarriak ditugu eskolak ( haurtzandegitik batxilergo bitartekoa), Erizain Eskola, erietxeak...
Goserik ba al da Madagaskarren?
Ikaragarria. Lurralde polita da, turistikoa, lehengai aberatsekoa, baina azpiegiturarik ez. Azpiegitura falta dago, eta aberats jendearen eta gainerako gehiengo pobrearen arteko aldea ikaragarria da. Kanpoko jende asko dago. Merkataritzan indopakistandarrak jaun eta jabe. Enpresa asko eta asko kanpokoak. Lurrak kanpotarrei saltzen dizkiete. Eta bertakoak erruz ari dira sufritzen. Oso jende atsegin eta jatorra da bertakoa, eskuzabala eta, barru-barruan, bihotzean, balio handi bat: ciabanana (harmonia). Harmonia Jainkoarekin, harmonia besteekin, harmonia naturarekin, harmonia norbere buruarekin. Balio hauxe, beren ezaugarri nagusi. Gainerakoan, emakumea zoragarria da, gauza askotan ahalmen handikoa. Gertatzen dena da askotan iaiotasun horiek zanpatuak daudela. Horregatik, guk geuk, emakumearen eta gaztearen formazioa hartuak ditugu helburu bezala.
Zergatik horrenbesteko garrantzia formazio eta hezkuntzari?
Ez gara eskoletan bakarrik lanean aritzen. Baditugu erietxeak, anbulategia, pastorala... baina horren guziaren bidez helburua hezkuntza da: ez erakustea bakarrik, heztea baizik; ez sendatzea bakarrik, gaixotasunen prebentzioan heztea baizik. Gure bidez herritarrei formazioa eskaini nahi genieke, gero egunen batean beraiek beren kabuz jarraipena eman diezaioten. Zergatik hezi? Uste baitugu herri bat garatzeko lehenbizi-lehenbizi adimena garatu behar dela. Eta askotan, zoritxarrez, gobernuek ez dute interesik. Gobernuarentzat herria zenbat eta eskasago, ezjakinago, baxuago, hobeto. Horregatik, Gobernuarekin zailtasun handiak ditugu, hezkuntza lanaz arduratzen gara eta.
Gure lana askotan ez da agerpen hutsa egitea besterik izaten, beraiekin batean biziz, herria azpian duten zanpatzaileen aurrean EZ eta EZ behin eta berriro oihukatzea.
Gobernu zanpatzailea beraz...
Teorian demokrazian bizi gara. Baina praktikan, bakar baten eskutan dago guzia: militar bat da.
Guk ezetz esaten diegu gobernu zanpatzaileei. Ezetz besteen kontura aberasten ari diren ekonomiei, ezetz errugabe dena zanparazten duten harreman guziei. Turismo handia dago, turismo sexual handia. Emakumeak dira zanpatuenak.
Hau guzia da gure eguneroko eginkizuna. Ez dira gauza handi eta ikusgarriak. Askotan, gainera, gu geu gara haiengandik ikasten dugunak. Azken batean, lan eginez beraiek miseriatik ateratzea da gure nahia.
Madagaskarren daramatzazun azken zortzi urteotan, hiru proiektu martxan jarri omen dituzu...
Bai. Alde batetik, baziren zaborra janez kale gorrian bizi ziren familiak. Jende horrekin gauzatu dugu lehen proiektua. Eta gure lehenbiziko egitekoa, berriz, jendearen kontzientziatzea. “Hobeto bizi zintezkete: miseriatik nahi al duzue atera?”, horra egoera honetan direnei egiten diegun hasierako galdera.
Hala, auzo berri bat eraiki dugu, momentu honetan hemeretzi familia biltzen dituena. Gu gara hogeigarrena. Gainerako familiak bezalako etxetxo batean bizi gara, besteak bezala. Gobernuak lur muturra utzi digu, eta GKEn diru laguntzei eskerrak sortu da. Zer egiten dugun? Urtebetez hemeretzi familiok bertan bizitzen dira eta denboraldi honetan emakumeak hezten ditugu, emakume eta ama izan daitezen. Haurrak eskolara joaten dira. Gizonezkoak tailerretan aritzen dira lanean: arotz, igeltsero lanetan. Urtebete barru, beste hemeretzi familiari leku egiten zaie, eta lehengoak fase berri batera pasatzen dira: granja, abere, lur eremu batera hain zuzen. Helburua: lurraren balioa berreskuratu eta norbere lanaren poderioz miseria egoeratik ateratzea; izan ere, bertako jende multzo handiena sortzez nekazari lurretakoa baita.
Bigarren fasearen ondotik hirugarrenera doaz, eta bertan beraiek beren etxea eraiki behar dute, aurrerantzean beren bizitza propioa egin ahal izateko.
Hiru faseak bukatuak dituzten lau belaunaldi ateratzera iritsiak gara dagoeneko, eta pozik gaude emaitzekin. Azken etapa honetan ez dugu etxerik ematen; batetik, ezingo genuke. Baina bestetik, “zuek ere esku bat bota beharko duzue” esaten diegu. Eta hala, poliki-poliki etxe bat izatera iristen dira. Familia bakoitzak etxerako bere lur muturra du, eta horrez gain, kooperatiba moduan guzien artean arroz sail bat lantzen dute.
Nahiz eta hirugarren fasea bukatu, oraindik ere arazo nabarmen bat dute: oraindik ez dute ez ur, ez argirik. Horrexegatik, orain horretan ari gara, ura behar duten bakoitzean erriora joan beharrik ez izateko. Gobernuak, berriz, ez digu askorik laguntzen.
Traba besterik ez.
Dena den, esku artean baduzue beste proiekturik ere...
Hegoaldean kokatzen da bigarrena, hain zuzen komunitate bateko emakume talde batekin. Bertako emakumeak gure etxera etortzen dira ikastaroak jasotzera. Gure etxean formakuntza egin eta etxerakoan inguruan zabaltzen saiatzen dira. Herria garatzea da gure asmoa: ezagupenak ematea, putzuak eraiki behar badira eraikitzea, ura edangarri bihurtzea...
Zergatik jo duzue emakumezkoengana?
Normalean, zentrora etortzen diren emakumeak oso emakume aktiboak izan ohi dira; horregatik, hasieran gu irakasle lanetan aritzen bagara ere, geroago emakume horiek berak dira guri laguntzen digutenak. Beren kasa moldatzen ikasten dutenean, gure lana betea da, eta prest egon beharra dugu urrutiratu eta beren gisa uzteko. Emakumearen bidez mezua familia osora transmititzen da, hala komunitate osoak bereganatuz.
Eta hirugarren proiektua?
Erizain Eskolaren sorrera litzateke. Madagaskarren garai batean zazpi eskola ziren, baina 89az geroztik ez da bakar bat ere.“Maittere, ireki ezazu Erizain Eskola bat” esan zidaten.“ Norekin?, non?, nola?” nire galderak. Uste dut sinesmenak lagundu zidala. Manos Unidasek proiektua eraikitzen lagundu zidan. Indiatik ahizpa prestatu bat etorri zen, eta berarekin batean zabaldu genuen aipatu eskola, eta gaur egunean oso ongi funtzionatzen du. Bertako gazteak hezten ditugu, eta haiek ikasitakoa beren herrietan aplikatzen dute. Azterketa bat pasatu beharra dago bertan sartu ahal izateko, eta ondoren, hiru urtetako ikasketak. Luze gabe, seguruenik laugarren kurtsoa ere erantsiko dugu Osasun Publikoa edo Emagintza gaitzat harturik. Iaz eskolak unibertsitate errekonozimendua jaso zuen gainera.
Bizitza aberats baina gogor honek ez dizu barne bakea lapurtu...
Ni oso zoriontsu naiz. Bizitza erlijiosoa zorionez bizi eta berbizitzen dut. Aldaketa handiekin. Garaian garaira egokitu beharrean gara, zenbait balore erlatibizatu eta beste eskala batzuk tartekatuz. Baina oso zoriontsu.
Orain, probintzial kargua bukatu eta Deustura joateko asmotan naiz erreziklaia bat egitera, eta hau bukatuta, atzera Madagaskarrera itzuliko naiz helduen hezkuntzaz arduratzera. Gazteentzako formakuntza aspaldian dugu martxan, baina gazte ez direnek ere badute ikasteko eskubidea, ezta? Ze oso inportantea baita bizitza hau bizitzea. Heriotza arte. Biziaz hil. Ni zoriontsu naiz. Ez naiz hartutako bideaz sekula damutu, eta berriz jaiotzekotan ere, uste dut gauza berbera egingo nukeela.
Ainhoa Fraile